Aldakuntza garaiak?

PrintFriendly and PDF
Michel Bidegain
Michel Bidegain
Ancien enseignant d'université, collaborateur d'Enbata et d'Ehlg, co-fondateur de Gure Irratia.
D'autres articles

AldaketaEmeki bada emeki, lurralde antolakuntza politiko-administratiboa aldatzen ari da Frantzian.Herri eta hiri elkargoak are ta toki eta eskumen gehiago hartzen ari dira Hexagonako botere banaketa konplikatuan.

Duela ia 50 urte sortu ziren lehen herri elkargoak. 1999-ko Chevènement legeak et 2010-ko lurralde erreformak bultzada haundia eman zioten herrien elgarretaratzeari. Sarkozyren garaiko azken lege horrek herri guziak aurtengo urtarrila aintzin herri elkargoetan sartzera behartu ditu. Ondorioz, urtatsez geroztik, Frantziako herriarteko karta politiko eta administratiboaren itxura hauxe da: 2.223 herri elkargo, 213 aglomerazione (15.000 bizitzalez goiti), 15 hiri elkargo (450.000 bizitzalez goiti) eta metropolio bat (500.000 jendez goiti), Nice-koa.

Joan den abendoan bozkatu Lebranchu legeak beste hamar bat metropolio sortuko ditu, Parisekoa eta Lyonekoarekin hasirrik. Azken bi hauen berezitasuna: Parise inguruko hiru departamendu desagertuko direla, metropolioaren barnean sartuz. Berdin, Lyonekoak Rhône departamenduaren erditsua deseginen du.

Azken hogoi urte hauetan, eskualde batetako bizi ekonomiko eta kulturalaren kudeantzaren partaide bihurtu dira herri elkargoak. Eskumen gehiago emanak izan zaizkie garapen ekonomiko, kultura, ura, ondarkinen kudeantza edo kirol azpiegiturak bezalako alorretan.

Herri elkargoak sortzearen helburu nagusia zen, hain xuxen, herrien artean diru eta giza ahalmenak batzea, inbeztizamendu gaitasuna hobetzeko eta ber-denboran dirua hobeki xahutzeko. Herri bakoitza bere eskualde aritzeko ordez, aterabideak ingurumen bereko herrien artean bilatzeko. Eta horretarako, herri elkargoeri diru mozkin bereziak emanak izan zaizkie: enpresa zerga berezia, lur eta etxebizitzen zergaren zati bat eta Estatuarenganikako dotazio berezia. Azken hau bereganatu dituzten eskumenen araberakoa. Gauzak urratsez urrats aldatzen ari direlako marka, aurtengo herriko etxetako hauteskundeen karietara, herri elkargoetako hautetsiak ere bozka bidez hautatzen ahalko dira. Orain arte, herri bakoitzeko kontseiluak izendatzen zituen herri elkargorako delegatuak, jendetzaren arabera. Martxoaren 23-an, 1.000 biztanlez gorako herrietan, bozemaileak bi zerrenda bozkatu beharko ditu: bat herriko kontseilariak hautatzeko, bigarrena herri elkargokoen izendatzeko. Haatik, elkargoko aholkulariek herrikoak ere izan behar dute eta herriko zerrendaren lehen laurdenaren barnekoak. Aspaldi danik, herri elkargoetako hautetsien izendapenaren demokrazia eskasa salatzen zen, bozemaileak ez zituelako zuzenean hautatzen. Aurtengo hauteskundeek huts demokratiko hori zuzenduko dute. Ordu zen.

Guziz, herri elkargoek datozen urteetan eskumen gehiago ere bereganatuko dutelako eta, hain segur, elkargo asko batuko direlako pisu eta indar gehiago hartzeko. Hemendik hamar edo hogoi urte barne aldakuntza hori nabarmenduko da. Alde batetik, ahalmen eskasez herri ttipi asko desagert daiteke, bestetik, gaur departamenduek bereak dituzten eskumen batzuk elkargoek berengain har ditzakete. Adibidez alor sozialeko eskumen batzuk. Gisa guziz, Hexagonako antolakuntza ulertezina da eta diru xahutze alferren iturri nasaia.

Baina, iduri luke gauzak aldatzekotan direla, diru eskasa baita denetan eta jendea lepotik goiti asea baita zerga pagatzen debaldetan. Oraino ez hain aspaldi tabu ziren kritikak ere entzuten dira orain. Adibidez, 2001-tik 2011-ra herriek %14 funtzionario gehiago kontratatu dituzte, ber-denboran beren eskumenen zatirik haundiena herri elkargoen gain utzi dutelarik*. Oro har, 1,926 miliun lurralde kolektibitate funtzionario badaude Frantzian: 1998-az geroztik %44 gehiago. Munduko balentriarik haundiena! 2004-ko legearen ondotik, Estatuak eskualde eta departamenduen gain utzi ditu zeuzkan eskumen batzuk. Adibidez errebideen arta. Eskumen horiekin batera, alabainan, zegozkieten funtzionarioak bi lurralde kolektibitate horietara pasatu ziren. Transferentzia horrek lurralde funtzionario kopuruaren gorakadaren %6-a esplikatzen du. Beraz, transferentzia horiek ez kondatuz, lurralde kolektibitatetako funtzionario kopurua %38-z goratu da hamar urtez. Frantziako jendetza %38-z igo ote da denbora berean? Baliteke nun dirua esparnia. Estatutik hasirik.

Badira Frantzian 238 suprefetura, departamendu eta herri elkargoen eskumenak zabalduz geroztik ezertarako ez direnak. Suprefetura bakoitzean, 25 – 45 funtzionario. Orotara 9.000 funtzionario inguru. Urtesari eta funtzionamendu, 238 suprefetura horiek 500 miliun gostatzen dira urtero. Deusetako: nortasun ageri, pasaporte eta beste dokumentu administratiboak ez baitira gehiago suprefeturetan egiten. Suprefeturetako enpleatuen lanik haundiena, gaur egun, da etorkin bat paper bila etortzen denean edo, poliziari salatzea. Edo, Baionako suprefetaren kasuan, Seaska eta ikastolak eraiki nahi dituzten herriak trabatzea eta auzitan ezartzea.

* Xifre hauek eta ondokoak Kondu auzitegiko 2013-ko txostenetik ateratuak dira.

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video