
Garapen Kontseiluak bere kidetza kanpaina abiatzen du.
Izan barnekalde edo kostaldeko biztanle, elkarte edo erakunde profesionala Garapen kontseiluko kide
bilakatzen ahal zira. Elkarte hortan parte hartuz, beste jende batzu ezagutuz zure eguneroko bizi
eremutik haratago begiratzea proposatzen zaizu. Lurraldean barna bizitzen dena eta erabaki lekuen
arteko solasean parte-hartzeko aukera duzu. Kidetzeko, klika hemen!
1. Girena
Garapen Kontseilua demokrazia partehartzailea pratikatzen duen egitura bat da. Saila ezberninetako eragile
sozioprofesionalak eta biztanle engaiatuak biltzen ditu. 1994 urtean sortu elkarteak tokiko instituzio
publikoekin aholkulari lana eramaiten du: biztanle, kide eta inguruan dituen partaideekin gogoeta
animatuz lurraldearen biharko erronketaz iritziak ekoizten ditu.
Lurraldeko indar biziak, izan herritar, biztanle edo egiturak diren kolektiboak eta tokiko instituzioen arteko
loturak zaintzen dituen eremu bat gira. Ez dugu instituzioen boterearen zilegitasuna zalantzan jartzen. Gure
ekarpenek erabakiak hartzen dituztenen laguntzeko eginak dira.
Garapen Kontseilua ez da legeak behartzen duelako sortu. Lurraldearen eraikuntza instituzionalaren bidean
jendarte zibilaren partehartzearen borondatetik heldu da. Egiten ditugun lanak lurraldean eragiten dituzten
instituzio maila guzieri zuzenduak dira (herriak, herri elkargoa, eskualdea, departamendua estadoa
mugazgaindiko lankidetza, Europa) eta osagarritasunean lurraldea egunero biziarazten dituzten eragileeri.
Gure elkartearen independentzia aldarrikatzen dugu laguntzaile, galdezkatzaile baita ere aldarrikatzaile den
boz autonomoa zainduz.
Iparraldearentzat ari gira. Administrazioek finkatzen dituzten mugetatik harat, gaurko eta biharko
biztanleentzat eta orohar lurralde hori partekatzen dituzten bizidun guzientzat. Gure ekintza eremuetatik
edo interes indibidualetatik haratago, elgarrekin gogoetatzen, atzarrarazten, loturak egiten eta
proposamenak luzatzen ditugu. Lurraldeko egiazko biziari errotuak izanik eta demokrazia biziarazten
dituzten ezadostasunak onartuz urtez urtez eraiki dugun konfiantza zaintzen dugu egunero.
2. Bidean diren lanak
Iparralde 2040: muga gabeko desmartxa lan guzien erdigunean
2024 eta 2025 artean prospektiba parte hartzaile bat eraman du gure elkarteak : elkarteetan, herrietan,
eskoletan, eremu publikoetan elkartrukeak antolatu dira. Ehun baino ekintza gehiago gauzatu dira lurralde
guzian; 1800 baino biztanle gehiagok parte-hartu dute eta milaka verbatim bildu dira. Dinamik horrek
lurraldea bizitzeko manera ezberdinak agertarazi ditu ekintza kolektiboaren aldeko atxikimendu azkarra
erakutsiz.
2025eko abendoan Heletan erakutsia izan da lan horren emaitza. 6 hitzen inguruan eraikia da eta 13 fitxa
tematikoak argitaratu dira : orientazioa, etxebizitza, elikadura, osasun mentala, zahartzea, elkarteak,
ekonomia, berdintasuna, euskara, muga, pesta, hedabideak, demokrazia.
Sei hitzen taula –bizi, harrera egin, zaindu, sortu, engaiatu, elkarlana- lan tresna bat da alde guzietatik
garatzen ahal dena : tailer baten animatzeko, politika publiko baten ebaluatzeko, lehentasun baten
finkatzeko. Politika hunek bizitza errexten du? Zer nolako harrera eskaintzen du? Bizidunak zaintzen ditu?
Iparralde 2040 ez da argitaratu diren elementuetara mugatzen. Oinarrizko elementu bat agertarazi du:
lurraldearen heldutasuna prosesu demokratikoetan. Biztanleek geroari buruzko gogoetan aktiboki parte
hartu nahi dute eta elkarlan posibleei buruz gogoetatzen dute etengabe.
Bizi den lan bat da gaurko eta biharko lanak elikatzen dituena. Galdera berriak agertzen dira eta orain arte
landu gaiek segitzen dute mahain gainean izaiten. Unibertsitate garapen eskema eta gero klima eta
etxebizitza planen inguruko gogoetak eramanen dira. Segitzen dugu ere muga eta mugazgaindiko gaien
inguruko gogoeta azpimarratuz berriki LURROLA proiektua POCTEFA europar dirulaguntzari esker
Nafarroako gobernuko landa-garapeneko eta ingurumeneko zerbitzua eta Eusko ikaskuntza elkartearekin
eramanen duguna ondoko urteetan.
3. Mintzatu, beti, tirabirak direlarik ere.
Gure parean biderkatzen diren krisien aurrean sekulan baino gehiago elkartu behar gira. Ez adosmen baten
lortzeko asmoarekin bainan mintzatzeko nahiz eta ez ados izan. Hori da Garapen kontseiluak egiten duena
azken 30 urte hauetan solasguneak idekiz.
Lurraldea nola ikusten dugun irudikatzeko Zinta Dantzaren irudia baliatzen dugu hemen. Dantzari
bakotxak zutoin baten kaskoan lotua den zinta bat eskuetan du. Zinta guzien arteko tentsioak du
zutoina xuxen atxikitzen. Dantzatuz zintak trezatzen dituzte zutoinaren inguruan eta desegiten
dantza alderantziz eginez. Batek askatzen badu tentsioa beste batek konpentsatzen du. Gero eta
gehiago izan inguruan gero ta azkarragoa da dispositiboa.
Lurralde baten funtzionamendu demokratikoa hola ikusten ahal da. Hautetsiak, instituzioetan ari diren
langileak, lurraldeko eragileak, biztanleak antolatuak edo ez, bakotxak bere indarrarekin eragiten du
lurraldearen funtzionamendu kolektiboan. Indar guzien gehiketak du oreka segurtatzen. Garapen
kontseiluak, agertzen diren tentsioen inguruko iritziak plazaratuz, denekin herremanetan egonez, oreka
mantentzen parte hartzen du.
Garapen kontseiluko kide, partaide eta instituzio kopurua gero eta handiagoa izan gero eta azkarrago
atxikitzen du. Kidetza kanpaina hunen helburua da hori da: elkartearekin bat egiten duen edozein pertsona
edo egiturak, lurraldean Garapen Kontseiluaren lekuaren indartzen parte-hartzen du.
4. Kidetza kanpaina : engaiatu.
2024-2026 artean 419 kide ditu Garapen Kontseiluak aktibitate sailen ainiztasuna eta lurraldearen soziologia
gorpuzten dutenak : 131 biztanle eta 143 egituren ordezkariak (Elkarte egitura sozio profesionalak eta bizi
ekonomiko eta sozialak ordezkatzen dituzten egiturak.)
Lurraldeko xoko ezberdinetatik heldu dira kideak kostalde zein eta barnekaldetik eta aktibitate sail guziak
ordezkatuak dira : kultura, formakuntza, inserzioa, erakaskuntza, ekonomia, osasuna eta sozial arloa, lan
munduko partzuerrak eta sindikatuak, laborantza, arantza eta elikadura, ingurumena, etxe bizitza, kirola…
gure lurraldearen bizia parte duen guztia eta bere aberastasuna egiten duena.
Egituren ondoan, herritarrak kideen heren bat dira. Bakotxak bere bizipenen esperentziatik lurraldearen
ezagutza ekartzen du : ez da soilik aditueri idekia gure elkartea. Kide bakoitzak elkarteko bizian eta bere
ahalen eta mugen arabera, bere heinean, Iparraldearen geroaren gogoetan parte-hartzen du. Garapen
Kontseilua bakoitzak eman nahi duenaren araberakoa izanen da.

par