Maiatz literatur aldizkariak 30 urte

PrintFriendly and PDF

Enbata: 30 urteko bizitza ez da gutti literatur aldizkari batentzat. Nola ospatuko du Maiatzek 30. urteburua? Lucien Etxezaharreta: Ospakizun, komemorazio eta omenaldi askitto egiten da gure bazterretan, bereziki zerbait edo norbait zendua delarik! Baliatu ginuen 25. urtemuga idazle munduaren biltzeko Glain Baionako elkartetxean, 2006ean. Urte berean, abenduan, Durangoko Argizaiola “euskal literaturari argi emaitea gatik” eskuratu ginuen. Ospakizunek ez dute balio ez baldinbada olde berri bat hortarik sortzen. Ez dut uste gauza handirik eginen dugun, menturaz bazkari bat, hala ere, euskal kulturaren ohidurari jarraikitzeko, iduriz horrek efektu erakargarria baititu… Dena den, gure ohizko maiatzeko “Solasaldietan” nonbeitik gaia aipatuko dugu. Literatur mundua ez da, ospakizun gune bat: bakartasuna eta isiltasuna eskatzen du. Hargatik aldizkaria jendearen biltzeko egitasmoa ukanez, aitzaki on bat da: hasieratik funtsean hala izan zen.
Enb.: Gauza araroa izan zen soilik literaturgintzaz ari zen aldizkari baten sortzea lehenbiziko aldiz Iparralde hontan. Nola eta norekin hasi zenuten Maiatz?
L. E.: 80ko hamarkada aintzin, xede eta gogoetak baziren: gogoratzekoa da bilkura bat Beloken egin zela, Piarres Xarriton doi bat bultzatzaile, idazle ekarriak ziren jende andana bilduz, baina hortik atera ginen batzuentzat argi zen bi mundu baginela: alde batetik jende “instalatu” bat, ez dut erranen “establishment” bat, baina bazen hortarik, apezak edo apez mundutik hurbil, Herria astekariaren ingurukoak, Gure Herria, berriki gelditua zen aldizkariko lagun batzu eta funtsean Gure Herria-ri jarraipen baten emaiten zen xedea nonbait. Baginen bestalde batzu, esperientziak eremanak genituenak, nola Herria astekarian berean, beste aldizkari atipiko batzuetan nola Hitz,74 eta 76-en artean, Ikasle aldizkaria, Amaia taldeko argitalpenetan… Hor bazen belaunaldi berri baten mamia: adina alde batetik, unibertsitatera lehen aldikotz heltzen zen belaunaldia, Seminariotik pasatu ez zena, maiz orduko mugimendu abertzaleetan lehen urratsak eginak. Eta bazen ere hego Euskal Herriko orduko kalda, Franco-k leher egina zuela azkenean eta libertate gogo gaitza bazela. Hemen ere gobernu eskuindarren pizua orokorki mundu progresistak ezin zuen jasan gehiago. Horretan Mitterrand-en heltzea boterera gaitzeko katilisia izan zen. Irrati libreen garaia eta nihaur ere berriki itzulia nintzen Pariseko langune interesgarri baina arrotzetarik. Horrela dotzena bat lagun ginen, erraz elgar konprenitzen genuenak eta consensus handi batean ginenak: behar zela nonbeit inarrosi gure euskarak mende hortan jasaiten zuen kontserbatismo zerbaitek inposatzen zion itxura, bai gaien bai formen aldetik.

Enb.: Hastapen batean xede eta helburu zehatzak finkatzea ez da lan erretxa. Zeri eman zenioten lehentasuna?
L. E.: Egia erran ez ginen gehiegi analisia zehatzetan sartu, adiskidetasuna zen gure artean eta ez ginuen ikuspuntu kontrajarririk. Bakarra doi bat mindu genuena Piarres Xarriton izan zen, halako indarrak erabilirik bere kultur aldizkaria nahiz, ohartu zen laster ez zela gure bidea. Al-dizkaritik hasi ginela oroitarazi behar da: jende ezberdinen biltzeko aitzaki ona baitzen.
Argi ziren xedeetan, gure euskal mundua zen bezala aipatzea zela: uste dut senditzen genuela denek hitz hartzea askapen bide zela, gure minak erran behar zirela, gure herria ez zela gune folkloriko bat, euskaraz kondatu behar zela gure bizia, mende osoan hainbeste idazle erdaldunek guretzat moldatu eremu bukolikoa ez genuela onartzen. Gogoratu behar da nolako krisi eta hondamen sakonean sartuak ginen orduan: ekonomia errekarat ari, laborari etxeen husteak, eskolak eta telebistak ekarri aldakuntza handiak, masa turismoa sartua gure bazterretan, duintasun eza kolonialismo zerbaiti buruz. Horretaz gure euskarazko literaturan hitzik ez, Etxamendi edo beste bakar batzuen eresi mingarria ezik. Bazen ere esperantza handi bat mugimendu abertzaleak, bistan dena sortzen zuena, baina itzulpenik ez zuena literaturan.
Horrela lehen urrats horiek aldizkarian nabari ziren: alde batetik probokazio zerbait, umorea, haserrea, samintasuna, estetikaren bideak. Orai behatzen delarik lehen bilduma horiei dibertsitate zabala da azpimarragarri, esperantza ideki batekin. Emazte idazleen presentzia naturala izan zen ere urrats nagusia.
Independenteak eta denei idekia izaitea, forma guziei eta hemengo euskalkien erabilera, aukera naturalak izan ziren. Batuzaletasun idor eta gogorrari buruz lasai jokatu gara beti: mendea beharko batasunerako… eta zuberotarrari tokia utzi diogu. Ahozkotasunaren espresibitate aberatsa ez genuen baztertu nahi!
Lagun integrista batzuei ihardesten genien “euskara batu” hori Iparraldean hasia zela Escualduna geroztik, mende bat bazela!, euskal klasiko ia guziak Iparraldetik zetorrela ere, gure literaturari jarraipen eta klasikotasuna beti emanez. Herria astekarian hori argi zen eta jakin behar da Maiatzkide gehienek hor idazten genuela doi bat aspaldian. Iparraldean, hitza hartzen genuela eta gure ekarpena egiten euskara batu aberats bati buruz, erakutsi nahi genuen.

Enb.: Ahal bezainbatek hitza hartzea epe luzean irautea ez da erretxa. Helburu hori bete dea? Zer nolako ibilbidea izan du aldizkariak 30 urtez, zer nolako ekarpena euskal kulturarentzat?
L. E.: 53garren zenbakia ateratzekotan gara orain, gehituz ehun bat liburu, 1984a geroztik. Iragan urteei behatuz agertzen zait euskara idatziari eta bereziki Ipar Euskal Herriko hizkuntzari ekarri diogula plazaratzearen atsegina. Aldizkari bat sortuz, senditzen genuen tresna berri horrek berrikuntza eta sorkuntzarako ahal berriak emanen zituela. Berrogeitahamar bat idazle berri ari izan dira, molde ezberdinetan, beren lanen argitaratzen. Uste dut merezi duela oroitaraztea Maiatz aldizkarian edo liburuetan dituztela beren lehen obrak agertu Itxaro Borda, Aurelia Arkotxa, Mayi Pelot, Mailuix Legorburu, Arantxa Hirigoien, Antton Luku, Manex Lanatua, Jakes Ahamendaburu, Auxtin Zamora, Koldo Amestoy, Xabier Soubelet, Piar-res Aintziartek, eta ahanzten ditudan beste ainitzek.
Segur, ez da beti aise izan. Diru arazo larriak izan ziren garai batean; EKEren laguntza dugu 90a geroztik, 20.000 libera ziren urteko, luzaz, azken denboretan 3.500 eurotara igoak gara. Ez gara higatu diru eskaeren egiten, salduarekin sartu gara ekonomia orekatu batean. Elkarte baten barne tentsione hilkorrei buru egin dugu aski lasai, elgar errespetatuz. Gure arteko idazle onek beste argitaletxeetan ere aritu dira. Azken urte hauetan edizio numerikoak lagundu gaitu serioski gure salketei egokituz tiradak. Eskertu behar dira ere Mugalde, Imprimerie Artisanale edo Espace Copie, izan duten pagatuak izaiteko pazientzia gatik.
Baina harira itzuliz, aldizkarian testu ezberdinak bildu dira eta kasik batere literatur ikerketarik. Antzerki, saioa, itzulpen, olerki, elelabur, mamitu dira. Kasu eman diogu ere ilustrazioen kalitateari. Hastapeneko autore batzu oraindik hor dira, berriak ere. Ohargarri da ikustea Hegoaldeko idazleen partaidetza goratuz doala: han literatur aldizkari libre eta independenteen esperientzia abandonatua dute.

Enb.: Maiatzen kudeatzaile eta animatzaile nagusia izan zira 30 urtez. Oro har, eraman duzun lanaz zer bilduma egin zenezake? Baikorra? Ezkorra?
L. E.: Pentsatzen dut Malherbe klasiko hark ziona “Estatuarentzat olerkari bat ez da birlari bat baino baliagarri”. Zer balio du euskara lantzeak egungo egunean? Dirudienez ez da nihundik ere gure talde politiko abertzaleen gogoeta bideetan sartzen hori. Hizkuntzaren lantzea da idazle baten lehen lana nonbait: hor du bere kalitatea lortzen ere. Gero, idazlea “artista” guziak bezala, doi bat berekoia da, bere bidea, hain nekez lortu duena, jarraitzen du, eta bide bakarra da obra oso baten eraikitzeko. Idazle bakoitzari errepikatzen diot bere idazlana berak baizik ez duela egiten ahal. Idazlen sustatzea eta laguntzea horra elkarte baten eginbidea, nahiz indar guziak mugatuak diren. Horiek hola baikor izaitekoa bada jende baten biltzea lortu baitugu. Baina ez da espantu egiterik, askoz gehiago eta hobeki egiten ahalko zen.

Enb.: Gaur egun, zein da Maiatzen tokia Iparraldeko euskal literaturgintzan?
L. E.: Uste dut gure tokia markatu dugula: hemengo kolorea eman diogu argitaratu dugunari. Sorkuntza lanak izan dira, asko. Behar bada ez dugu oihartzun aski ukan: idazlearen errespetu eta sustatze guti da hemen, denek onartzen baldin badute ere “kultura behar dela”.

Enb.: Ikusiz euskararen egoera Iparraldean, ez dea Maiatz bezalako aldizkari bat mirakuilu bat?
L. E.: Gure euskal munduko huts nabarietarik da bakoitza bere alde ari dela, besteei kasu eman gabe. Ez dugu mirakuilu baten sendipenik, lasaitasunean garela hala ere erran gabe. Bakoitza gehiegi bere alde ari da hemen: irakasleek eta euskaltzale omen direnek, ez dute sortzen den literaturari kasu ematen, Hegoaldekoek parte txikia baizik ez digute aitortzen euskal literaturan, boterearen poderioz… eta “batu hegoaldear” baten erreztasun itsuegiaz.

Enb.: 30 urtez iraun baldin baduzue, ez da arrazoinak ez beste hainbeste irauteko. Zein dira datozen urteetarako Maiatzen xede nagusi eta perspektibak?
L. E.: Etorkizunari begira, berrikuntza, sorkuntza eta hizkuntzaren egokitze eta lantzea literatur munduaren eginbide dira sekulan baino gehiago. Literatura kultura baten erreferentzia da, nortasun baten adierazgarria da. Euskal nazio bati bizi eta iraupen eman nahi badiogu, literaturak badu bere tokia: bakarra da gai dena, denen errespetuz, minen erraiteko, zorionaren eta bizi laburregi baten iraunarazteko, imajinario baten sortzen laguntzeko. Literaturak sortu molde berriek dituzte biharko haur eta helduen ametsak haziko, gure lurraren eta hor bizi direnei buruz amultsutasun eta errespetu ekartzen lagunduko.
Pentsatu behar da hor dugula giltza Iparraldeak bere literatur nortasun eta aberastasunak atxikitzeko eta bere berezitasun ederrak Batuaren kutxan sartzeko. Maiatzen inguruan eraiki mundua irekia da, lekukoa denek hartzen ahal dute, ahanzten ez badute maiatzeko lilien edertasuna eta ekarriko duten uztan sinestea.

Fleurs de mai

“Notre objectif le plus clair était de parler de notre monde basque tel qu’il était: je crois que notre sentiment commun était que la possibilité pour chacun de prendre la parole était la voie de la liberté, que nous devions dire notre souffrance, que notre pays n’était pas un espace folklorique, que nous devions raconter notre vie en basque, que nous n’acceptions plus ce monde bucolique que tant d’écrivains avaient construit pour nous, un siècle durant, dans des langues autres que l’euskara. Il faut se souvenir de la mesure de la crise et de l’effondrement dans lesquelles nous nous débattions à cette époque: une économie en perte de vitesse, les fermes qui se vidaient, les bouleversements majeurs apportés par l’école et la télévision, l’irruption dans notre pays du tourisme de masse, la perte de dignité face à cette nouvelle forme de colonisation. Notre littérature en basque ne disait pas un mot sur ces bouleversements, à l’exception des complaintes d’un Etxamendi et de quelques rares autres. L’émergence du mouvement abertzale avait naturellement suscité une grand espérance, mais elle n’avait pas de traduction dans la littérature.
Maiatz fut le lieu d’expression de ces premiers pas: d’une certaine façon une forme de provocation, d’humour, de colère, de souffrance, qui est la voie vers l’accomplissement esthétique. Si l’on regarde aujourd’hui les premiers numéros, on y décèle cette large diversité mêlée d’espérance prometteuse. La participation naturelle des femmes fut aussi un pas déterminant”
[…]
“Face à l’avenir, le renouvellement, la création, le travail d’adaptation et d’amélioration de la langue sont plus que jamais les chantiers prioritaires du monde de la littérature. La littérature est la référence d’une culture, l’expression de son identité. Si nous voulons donner vie et pérennité à une nation basque, la littérature a toute sa place: par le respect partagé de tous, elle est seule en mesure de dire les souffrances, donner du temps au bonheur et à la vie trop courte, aider à faire naître l’imaginaire. Ce sont les chemins nouveaux tracés par la littérature qui nourriront les rêves des petits et des grands de demain, aideront à promouvoir respect et affection pour notre terre et ceux qui l’habitent.
Il nous faut croire que là se trouve la clé pour qu’Iparralde préserve son identité et sa richesse littéraires, apporter ses belles spécificités au pot commun du Batua. Le monde bâti autour de Maiatz est un monde ouvert, chacun peut se saisir du témoin, à condition de ne pas oublier de croire à la beauté des fleurs de mai et aux fruits qu’elles promettent.”
L. E.

Dernières publications de Maiatz

Pierre Mestrot, Saiaren mendekua (la vengeance du vautour).
Un roman policier dans le décor de la Côte Basque dans le cercle mortel de la justice et du crime.

Itxaro Borda, Post Mortem Scripta Volant.
L’auteur trempe sa plume avec tendresse dans le monde basque, dans la quête éternelle de l’amour et de la tendresse, autour de nombreuses références culturelles.

Eñaut Etxamendi, Idazlanen bilduma 5.
Dans cette suite des nouvelles parues dans la revue, l’auteur exprime les luttes et les drames sociaux ainsi qu’une critique sévère d’attitudes intégristes générées par l’Eglise.

Maiatz 53
Depuis trente années, la revue est le lieu où se retrouvent les nouvelles plumes, autour de thèmes variés, tendres ou violents, dans la plus grande diversité et liberté.

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video