
Txomin Heguy, 2026ko urtarrilaren 3a
Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako
dakitenek hitzegiten ez dutelako baizik
Joxean ArtzeGehi dakitenek ez dutelako hizkuntza horretan aski irakurtzen,
Gehi hizkuntza horren agerpen publikoa ez delako behar den bezala zaintzen.
Eguberriko garai disdiratsutik (maleruski ez denentzat…) doi doia ateratzen ari gara eta 2026ko bideetan iadanik sartzen ari. Joan den abenduko 25a aitzin, pano publiko eder batek ene arreta erakarri zuen ene beribilean nindoalarik Baionako karriketan: NOËL A BAYONNE. Ezinezkoa ez ikustea. Haatik zailako izan zitzaidan ikustea eta NOËL A BAYONNEn azpian irakurtzea: EGUBERRI BAIONAN. Beharrik, arratsalde apaleko Baionako bideetan ohizkoak diren auto lerroek eskeini zidaten mezuaren euskarazko bertsioaren arakatzeko astiria pano haren heinean iragan nintzanean.
Mekatxis! Aldi bat gehiago, eta ez da lehen aldia noski, euskara zokoratua, ikusiezina, frantsesa den errepublikaren hizkuntza bakarraren azpian zangopilatua. Eguberririk ez euskararentzat. XXI. mendearen laurdenaren buruan, Iparraldean kasik beti, ene ama hizkuntzak bigarren mailako hizkuntza bat izaten jarraitzen du bide seinalakuntzan zein informazio publikoan. In fine etxean, familian, mundu pribatuan soilik erabiltzeko balio duen hizkuntza.
Altabada, hainbat hamarkadaz eraman, usu garratza izan den, borrokari esker (gaur egun eko-terroristek ordezkatzen dituzte garaian hizkuntz-terroristak ginenak), zerbait urrats aurrera egina genuela iruditzen zitzaidan. Egia erran, aurrerapenak eginak izan dira hainbat arlotan. Bereziki militante parrasta baten hutsik gabeko tema eta parte hartzeari esker. Egun, nehor guti ausartzen da ozenki ahozkatzen il y en a marre du basque, on n’entend que du basque ici… Euskal Hirigune Elkargoak ere ofizialki aldarrikatu du euskara Iparraldeko hizkuntza dela, frantsesarekin nola ez eta gaskoiarekin batera. Bainan gaur egun, zertan da egiazki euskararen presentzia eremu publikoan ? Hor dago, ikusten dugu edo antzematen, ezin da gehiago pano bat edo afitxa bat agert euskal esaldixka baten bermerik gabe. Presentzia hori arrunt falta zen 1985-1990 urteetan lehen bide seinalakuntzako panoak belztuak edo deseginak izan zirenean, bainan geroztik euskararen izaera hori azpian, zoko batean, hizki ttikiz edo italikoz ikusteaz ohitu gara. Altabada, irudiaren tiraniaren azpian noraezean doan mundu batean, guti edo batere ez erakutsia ez da garrantzitsua, ez da existitzen eta desagertzera kondenatua da.
Beraz, zer aterabide gelditzen zaigu? Horrela segitu publikoki informatzeko statu quo horretan, frantsesa lehentasunez handizki eta euskara edergarri erabiliz? Bide seinaleetan frantsesezko hitz guziak belztu, panoak ezin irakurgarriak eta zikinak utziz, neurri handi batean frantsesa den jendetza baten gaitzespen maltzurra behin eta berriz garatuz? Oihuz eta jestuz euskararentzat justizia eta ofizialtasuna aldarrikatu eta itxoin arrats handia, saminduz doan frustrazio batean?
Hirugarren bide baten proposatzera menturatzen naiz. Egia erran, ez dut deus berririk asmatzen, 1992an Euskal Kultur Erakundeak EUSKARA AGERIAN liburuxkan egiten zuen proposamendua berriz hartzen baizik. Bilo xuri batzuk agerkariaz oroitzen dira agian, ainitzentzat eta segur belaunaldi gazteentzat ez duelarik deus adierazten. Iparraldeko orduko euskaltzainen eta aditu batzuen gerizapena obratu zen lan horrek, Iparraldeko herri guzien izenak zerrendatzen ditu euskaraz eta frantsesez, bide seinalakuntzan erabiltzen diren hitz baliatuenak agertzen euskarazko itzulpenarekin eta bi orrialdetan panoen moldatzeko oinarrizko aholku batzuk azaltzen.
Egia erran, izapide horrek pixkanaka euskararen agerpena ahalbidetu zuen departamendu eta herrietako bide seinalakuntzan. Sorioneku! Zerotik abiatzen ginela, ainitzek urrats bat aitzina egiten ari ginela kontsideratu genuen. Bainan laster ahantzi genuen Euskal Kultur Erakundeak proposatzen zuen euskararen eta frantsesaren agerpen eredua panoetan arrunt itzulipurdikatua izan zela. Eta 33 urte berantago, hautu hori paisaian kokatu da. Eta irudi luke, zenbait harroaldi goiti behiti, aski zaigula.

Orduan, agian 1992ko proposamendu hori gaurkotuz, berriz horren eskutan hartzeko eta bideratzeko ordu litzateke, bide seinalakuntza eta informazio publikoan, euskararen agerpen duin eta ikusgarriaz erronka nagusi bat eginez. Diskriminazio baikor zerbait. Erreparatze hasiera bat, euskarak eta Frantziako beste hizkuntza historikoek jasan duten hizkuntz kolonismoari doakionez. Agian ordu da elkarrekin adostasun zabal bat eraiki dezagun Euskal Herrian Euskarazetik Euskal Hirigune Elkargoaraino, Euskal Konfederazioa, Euskal Erakunde Publikoa eta molde batean edo bestean euskararen geroaren alde engaiatua den gizarte zibil osoa, euskaraduna edo ez, bilduz. Herri hauteskundeen bezperan, hona gai konkretu bat, norberak duen jarrera argitzera bultzatuko duena, intentzio oneko aldarrikapenetatik at. Jakinez ihardokipen hau entzutea arriskatzen dudala, baizik eta bai, zuzen zara, agian hori egin dezagun ordu da, baina ez da posible izanen, ez da gehiago dirurik seinalakuntza guziaren berritzeko.

Amaitzeko, perspektiba honi beste zerbait gehi nezake: Iparraldeko herri bakoitzean hizkuntz brigada bat antolatu behar liteke, bide panoetan, bide eta auzo idazkietan, informazio publiko guzietan orain arte euskaraz idatzia izan denaren inbentarioa egiteko, ortografiazko hutsak, inkoherentziak eta zentzugabekeriak ez baitira bakanak. Egun, herri guzietan, euskaraz alfabetizatua den gazte belaunaldi bat dago (milesker ikastola), horrelako lan baten bideratzeko baitezpadako kategekia litzatekeena. Ekintza hori Euskararen Erakunde Publikoaren gerizapean egin litekeela asma dezakegu, arrunt beharrezko dugun tresna horri ahalbide batzuk gelditzen batzaizkio bederen bere betebeharren obratzen segitzeko. Ez da aski euskara agertzea denen begien aitzinean euskal lurralde guzian, behar da ere ongi idatzirik agertu.
Agian noizbait, Eguberri hobe baten mentura dukegu euskararentzat Iparraldeko bideetan eta informazio zutabe publikoetan. Bai eta ere, A64, A63 autobideetako seinalakuntzan, merkataritza tokietan, ostatu-jatetxeetan eta eremu pribatua deritzogun beste gune ikusgarri guzietan.

par