Energiaren ekoizpena hurbiltzearen korapilo batzuk

Elektrizitate gehiago ekoitzi bai, baliabide gutiago erabili ere bai. Garraio kolektiboa garatzearekin batera, biharko ibilgailu indi- bidualak ttikiagoak izan beharko dira.

Duela bi hilabeteko zutabearen ildotik, energia burujabetzaren inguruko korapiloak hurbilagotik azter ditzagun: karbono gutiago isurtzeaz aparte, zein kalte egiten dieten inguruneari eta bazterrei, nolako baldintza ekonomikoetan ezartzen diren, nolako lobbygintzan ari den erregai fosilen sektorea, eta horren arabera nolako proiektuak behar ditugun.

2022tik energiaren auziak toki asko hartu du hedabideetan, baita gero eta bazter gehiagotan ere. Ipar Euskal Herrian oraindik guti, baina Hegoaldeko landa eremuan azkarki plantatzen dira haizea eta argia elektrizitate bilakatzen dituzten azpiegiturak. Azkarki zabaldu dira ere azpiegitura horien inguruko eztabaidak, bi arrazoi nagusirengatik: alde batetik jadanik bertan genituen ahulezia ekonomiko eta sozialekin korapilatzen baitira azpiegitura horien plantatzeko baldintzak, eta bertzetik azpiegitura horien bidez urrun genuen energiaren ekoizpena lurraldera sartu zaigulako. Gure elkargoaren Lurraldeko Klima eta Energia Egitasmoak argi dio asko garatu behar dugula energiaren ekoizpena, bereziki elektrizitate berriztagarria, eta aldi berean kontsumoa murriztu, 2050ean kontsumoa bertako ekoizpenak elika dezan, konkretuki 3.300 Gw·o inguru. Kalkuluak prest dira, baina azpiegiturak – eta are garrantzitsuago biztanleria – prest ote dira?

Ingurunearentzako kalteak

Haize errotek basa faunari (txoriei batez ere) ez diote mesederik egiten, nahiz eta kontu honek askotan entzuten duguna baino ñabardura gehiago dituen, Frantziako bioaniztasunaren agentziak aztertu bezala. Kalte horiek noski hobe lirateke saihestea, baina kalte horiek testuinguruan ezartzeko, komeni da oroitzea XX. mendean eraikitako errepideek, autobideek eta aireportuek, autoek eta kamioiek, milaka hegazti, orein, sagarroi edota basurde hiltzen dituztela urtero. Urtero Europan, erretzen den petrolioaren keak 240.000 pertsona inguru hiltzen ditu, arnas eritasunez edo eritasun horien sintomak larriturik. Ibilgailuen zaratak gure osasuna kaltetzen du, ohitzen garela uste badugu ere (1). Hori dena neurtua da, baina aspalditik gertatzen da, eta beraz ez gaitu gehiago asaldatzen. Eta noski, “gela erdiko elefantea” ez dut oraino aipatu, baina erretzen dugun petrolio litro bakoitzak gure dependentzia indartzen du, eta gure klima betirako desorekatzeko arriskua dakar: gaur egun gauden beroketa global mailan (+1.5 gradutara hurbiltzen ari), klima aldaketaren eraginak modeloek aurreikusi zutena baino gogorragoak izaten ari dira, eta beraz ustez baino ezinbertzekoagoa da +2 graduko beroketa muga maila ez gainditzea.

Bazterrentzako kalteak

Haize errotek eta (bereziki) eguzki panelek ez dute paisaia edertzen. Irudikatu ezazue bihar Urruña, Bera, Azkaine eta Sarako biztanle talde batek Larrun gainean zazpi haize errota eta hego maldan hektarea bat eguzki panel plantatu nahiko lituzkeela (Larrun gainean haizea ia beti bada, eta deusek ez dio itzalik egiten). Berehala horren aurkako talde handiago bat asaldatu eta antolatuko litzateke, halako proiekturik gure mendi maite honetan inoiz gorpuztu ez dadin. Larrun ez ukitu.
Baina Larrun ukitu ziguten aspaldi: tren ttikiaren burdinbideak eta kableek zenbat tona burdina behar zituzten alde batera utzirik ere, telebista antena erraldoi hori dugu gailurrean, puntaren puntatik uhinak zabaltzen, Lapurdi osotik, Bortziritik baita behe-Bidasoa eta Oarsoaldetik ere ikusten dena. Berdin Jaizkibelen eta bertze mendi zenbaiten gainean. Antena horiek ere ez dute bereziki paisaia edertzen, baina normaltzat ditugu, « betikoak » balira bezala. Kableak biztanleak dauden denetan ditugu, etxe guzietara elektrizitatea eramaten. Horiek ere ez dute paisaia edertzen, eta argazki bat hartzekotan saiatzen gara fokutik kanpo uzten, autoak, asfaltoa eta zimentuzko eraikinak bezala. Baina hainbat kilometroko kableak izan baino, mendiko bordan artzainak nola izanen du elektrizitaterik? Bada, eguzki panel eta dagokion bateria, horiek argazkian ederrak ez badira ere.

Larrun gainekoa bezalako antenek ez dute paisaia edertzen, baina normaltzat ditugu, ’betikoak’ balira bezala.

Funtsean, azpiegitura itsusi berriak azpiegitura itsusi zaharrak baino deigarriagoak zaizkigu, zaharrei ohitu gatzaizkielako, kamioien zaratari eta ke beltzari ohitu gatzaizkien bezala. Honek noski ez du erran nahi gauza itsusi zaharren aitzakiarekin edozein gauza itsusi berri onartu behar dugunik. Baina honek erakusten du ez dela inoiz izan hausnarketa eta erabaki kolektiborik gure bazterretako azpiegitura maila onargarriaren inguruan.

Indar harreman ekonomikoak

Gaur egungo hainbat elektrizitate berriztagarri proiektuk, ez badira komunitate batek bultzatuak edo arau zehatzek hertsiak, gaur egungo indar harreman ekonomiko eta politikoak islatzen dituzte. Klimaren aldeko aktibista ezagunenetakoa den Greta Thunbergek ekintza batean parte hartu zuen duela hiru urte Norvegian, Sámi herriaren ohiko alhapideetan eraiki nahi zuten haize errota proiektu baten aurka. Hala azaldu zuen bere ekintza: “Indigenoen eskubideek, giza eskubideek, klimaren babesarekin eta klimaren aldeko ekintzekin bat egin behar dute. Hori ezin da egin jende edo herri batzuen kaltetan. Hala egitekotan ez da klima justizia”. Biztanle gutiko eremu bat, hiriburutik urrun, bertako biztanleak finantza-baliabide guti eta irismen laburreko zirkulu sozialak dituztenak: halakoei errexkiago inposatzen zaizkie hirietan sartzen ez diren azpiegiturak. Makro-etxaldeak, gai arriskutsuak dauzkaten biltegiak edo zabortegiak, berrikiago datu zentroak, baita batzuetan ere energia berriztagarri ekoizpena. Hori dena kontsumo gune nagusietatik urrun baina gaur egungo ekonomia-legedian han plantatzeko merkeago eta errexago.

Erregai fosilen interesak: betiko kontua

Klimaren aldeko ekintzek justizia sozialarekin bat egiten ez badute, zilegi da arrakala seinalatzea eta halako arrakalak dituzten proiektuei hori zuzentzeko eskatzea. Baina badaude elektrizitate berriztagarri proiektuak kolokan ezartzeko arrazoi ilunak ere: erregai fosilen interesak, nola ez. Arras antolatuak – eta diruztatuak – dira, eta trebeak dira elektrizitate berriztagarri proiektuen aurka aritzen. Energy and Policy Institute AEBetako erakundeak aztertu duenez, SPN izeneko sare oso zabal batek legegileak ditu xede, errota edo eguzki panel proiektuei oztopo legal gehiago ezartzeko. Ez gaitu harrituko SPNen diruztatzaile nagusien artean Koch sarea aurkitzen dela. Sare berak Covid-19 pandemiaren aurrean neurririk ez hartzearen aldeko narratibak zabaltzen lagundu zuen. Business as usual arlo guzietan, kontsumoa eta etekin ekonomikoa bizitzen gainetik.
Hainbatetan ere elektrizite berriztagarri proiektuei leporatzen zaie datu-zentroen hornidura lehenestea gizartearen oinarrizko beharrak asetu baino, eta beraz trantsizioan parte ez hartzea. Alta, datu-zentroen garapenak mundu mailan erregai fosilen kontsumoa emendatzen du, eta askotan elektrizitate berriztagarriaren garapena oztopatzen. Rage Against the Machine taldeak zioen bezala: ezagutu zure etsaia (know your enemy).

Saihestu beharrekoa eta egin beharrekoa

Energia burujabetza nola definitu? Hona proposamen xume bat: tokiko energia beharrak doitu, xahuketak kenduz eta eraginkortasuna hobetuz (bereziki eraikinen berotzean), arrakala sozial eta geografikoak handitu baino konpontzen hasi, eta tokiko energia beharrak tokiko energia berriztagarri azpiegiturekin asetu, denen artean gure bazterretako azpiegitura maila onargarria adosturik. Hala idatzirik, horren alde teknikoa askoz egingarriagoa dirudi alde soziala baino, eta orain arte martxan ezarritako energia berriztagarri politika gehienek hori berresten dute. Alde sozial horretan asko dago landu gabe, energiaren inguruko informazio lan handia dago egiteke, hori egin ezean fosilen sektorea ariko baita beti bezala bere intereserako engainuak barreiatzen.
Zaluaga bezalako guti dago oraindik, baina hura bezala artifizializaturiko gune asko eguzki panelez estali behar ditugu. Meatzaritza beharrak murrizteko birziklapena asko garatu behar da, eta burujabetza ikuspegi batetik gailu elektriko eta elektroniko birziklatze lantegiak herrian behar ditugu, bertatik berreskuratuko duguna ez baitugu Txinatik inportatu beharko. Lantegi horiek zenbat eta non ezarri erabaki demokratikoa izan behar da, baldin eta herritarrak behar bezala informatuak badira. Energian aditu izan gabe ere, gutienekoa jakin behar dugu denok, MW·o, tentsio eta bateria kontuak aspergarriak izan arren. Aspergarria zait ere etxeko garbiketa astero egitea, baina horri lotzen ez banatzaio baldintza txarragoetan biziko naiz.

(1) Oroitzen naiz zein ongi aditzen ziren txoriak 2020ko apirilean, konfinamenduarengatik trafikoa eten zelarik.

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).

Laisser un commentaire

Votre adresse e-mail ne sera pas publiée. Les champs obligatoires sont indiqués avec *