
Erasoei buru egiteko, mugimendu feministak erasotuak babesteko protokoloak sortu ditu. Ana Sarriak gogoetatzen du zigorraren zentzuaz, antolatzaileen arduraz eta erasotzaileekin egin beharreko lanketaz, jendarte eraldatzaile baten ikuspegitik.
Besta gehienetan, ez bada guzietan, emazte edo genero disidenteek erasoak bizi ditugu. Erasoak, gure errespetu faltazko edo onespenik gabeko portaerak dira. Pribilegio batetik pertsona batek zapaldua den pertsona bati eginen dion portaera desegokiari deitzen zaio eraso. Eraso bat ohar desegoki bat izan daiteke, baita ukitze edo bortxaketa bat ere adibidez.
Protokoloak erasotuen babesteko
Erasoen kopuruaren parean, protokoloak sortu ditu mugimendu feministak. Protokoloak erasotuen babesteko sortu dira, eta eraso egoerak kudeatzen laguntzeko ere bai.
Dokumentu horretan antolatzen da, eraso salatu bat gertatuko balitz, ekimenaren antolatzaileak nola erantzunen liokeen egoera horri, hala nola, erasotuaren harrera eta erasotzailearen kudeaketa. Protokolo batek kudeaketa norabide bat eskaintzen du kudeaketa errazteko eta gibeltasuna hartzen laguntzeko.
Protokolo garatuenetan eraso motaren arabera zer nolako erantzuna izan behar den azaldua bada, gehienak aski laburrak dira eraginkortasun beharra delako, eta gogoetatzeko posibilitate gutiegi badelako ekimenen antolakuntzetan gaur egun.
Protokolo gehienetan, eraso motaren arabera, erasotzailearen kanporaketa proposatua da. Eta gaur egun, kanporaketak egiten dira. Erasotzaileak kanporatuak dira erasotua eta ekimenean parte hartzen duen publikoaren babesaren izenean.
Eta horrek, niri zalantzak sortzen dizkit. Zein eraso motak justifikatzen du kanporaketa bat? Nola erabakitzen da kanporaketaren justifikazioa?
Eta zertarako kanporaketak? Zer zentzu du norbait kanporatzeak? Zer inplikatzen du kanporaketak antolatzaileentzat, erasotuarentzat, eta erasotzailearentzat?
Kanporaketatik haratago joan
Duela egun batzuk, lagun batek zioen kanporatua zarelarik bi erreakzio mota izan daitezkeela: lehena jakitea zertaz ari zaizun antolatzailea eta ez asumitzea egin duzuna. Bigarrena, ez jakitea zertaz ari zaizun antolatzailea, eta ulertu nahi izatea berriz halakorik ez egiteko.
Egia da erasotzaileak kanporatzean horrelako jarrerak ikusteko aukera izan dudala. Erasotzaile bat kanporatzean, ulertu nahi ez duenaren kasuan, kanporaketa bat egitea aski dela uste dut.
Bigarren kasuan aldiz, ulertu nahi duenaren kasuan, uste dut kanporaketa egiten dugunok erantzukizun bat daukagula.
Kanporatzen ari garen pertsonak eraso bat egin du. Eta larria da. Norbaiten izaera ez du errespetatu eta ez da onargarria. Horregatik ez dugu eremu zehatz honetan atxikitzen eta kanporatzea erabakitzen dugu.
Baina, erasotzaileak gaizki egin duena ulertu nahi duelarik, uste dut haratago joan behar garela. Kanporaketa bat egitea ez da aski. Erasotzaileak ez duelarik ulertzen zein eraso eman duen eta zintzoki bere burua erruduntzat jo eta lanketa bat eramateko prest delarik, ezin dugu kudeaketa kanporaketa batean bakarrik mugatu.
Erasotzaileak ez duelarik ulertzen
zein eraso eman duen
eta zintzoki bere burua erruduntzat jo eta lanketa bat eramateko prest delarik,
ezin dugu kudeaketa kanporaketa batean bakarrik mugatu.
Uste dut kanporaketak egiten ditugunoi dagokigula, besta bukatu eta egun batzuk berantago, pertsona horrekin elkartzea eta esplikatzea zer portaera desegokia izan duen.
Gure kanporaketarekin ulertarazten diogu erasotzaile bat dela, eta gure hitzekin ohartu behar da izan duen portaera erasotzaile jarrera dela.
Zigortu eta lanketa bat eraman
Badakigu Justiziak ez duela bere lana egiten; erasotuek salaketa guti egiten dute, eta egitean, erasotzaileak ez dira kondenatuak.
Horri begira, batzuetan iduritzen zait nahiko genukeela justizia zibil bat egin justiziak egiten ez duen lan hori konpentsatzeko. Justizia zibil honetan, argi identifikatzen dut biktimari eman nahi zaion babesa eta beraz erasotzailea zigortu nahi izatea. Erasotzailea kanporatuz mundu sozial desberdinetatik baztertuko dugu egin duenaz zigortzeko.
Baina gure herria eraikitzen ari garen une honetan, ez ote dugu ideia zigortzaile hori baino urrunago joan nahi? Euskal Herrian aski ongi badakigu justizia zigortzaileen ondorioak zeintzuk diren, eta euskal jendartea bertzelakoa izan behar dela uste dut.
Zein pertsonak bere buruari aitortuko dio erasotzailea dela ez badu gaizki egin duena ulertzen ere? Zein pertsonak lanketa bat eramanen du bere zirkulu sozial guzietatik baztertua bada behin eman duen eraso batengatik?
Kontzientzia dut erasotuentzat nire hitzak bortitzak izan daitezkeela eta batzuetan, sufriarazi gaituena sufritzen ikusi nahi dugula.
Hala ere, erasotzaileak sinpleki kanporatzea ez dela aski uste dut. Haiekin lanketa bat eramatekoa dela uste dut edo bederen lanketa horren egiteko aukera utzi behar zaiela.
Mugimendu feminista eta euskal jendartea aitzindariak izan behar gara puntu horretan; oraindanik, erasotzaileekin zer egin nahi dugun gogoetatu behar dugu.
