Etxealditik Euskaraldira

PrintFriendly and PDF

Etxealditik Euskaraldira:
bigarren Euskaraldiko edizioa prestatzeko ekimena
jarriko da martxan apirilaren 20an

Euskaraldiaren bigarren edizioa: 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra

2018an iragan zen lehen edizioak 225.000 parte-hartzaile mobilizatu zituen, horien artean 6.016 Ipar Euskal Herrian. Honi segida emateko, Euskaraldiaren bigarren edizioa 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra iraganen da, euskararen lurralde guzietan.

Ariketa hau rol-joko batean oinarritzen da: parte-hartzaileek hautatzen dute Ahobizi edo Belarriprest izatea txapa baten bidez erakutsiz.

Erronka kolektibo honen helburua, euskara mintzatzen edo ulertzen duten pertsona boluntarioen hizkuntza ohiturak aldatzea da, euskara gehiago erabiltzeko ingurune sozial egokia sortuz eta euskara erabiltzeko aukerak agerian emanez.

Euskal Konfederazioa, Euskal Elkargoa eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko lankidetza.

Euskaraldiaren dinamika soziala urtean zehar plantan emanen da, bizi eremuka herritar talde boluntarioek ekimena animatuko dutelako eta eragile boluntarioek ekimenean parte hartzea erabakiko dutelako. Eguneroko bizian eta 15 egunez, 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra.

Euskararen erabileraren aldeko ekimen honetan engaiatu nahiko duten parte-hartzaile guziei erabilera bultzatzeko formakuntzak proposatuko zaizkie.

Dinamika horren plantan ezartzeko, Euskal Konfederazioa elkarteak, Euskal Elkargoak eta Euskararen Erakunde Publikoak lankidetza hitzarmen bat izenpetu dute.

Etxealditik Euskaraldira: konfinamenduaz baliatu Euskaraldia prestatzeko

Urte hastapen honetan gure arteko mugikortasuna eta harremanak murriztu badira ere, azaroaren 20tik abenduaren 4rat iraganen den Euskaraldiaren bigarren edizioak bere bidea segitzen du, eta argi utzi nahi dugu ariketa sozial polita eginen dugula elkarrekin, gure hizkuntza-ohiturak inarrosteko eta hobekuntzak finkatzeko. Azaroa baino lehenago ere, “ Etxealditik Euskaraldira ” Euskal Herri mailako ekimenarekin.

Bizi dugun egoera berezi honetan, etxean eta etxetik ditugun harreman-komunikatiboetan euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko gonbita helarazi nahi dugu. Hori da, apirilaren 20an, Euskaraldiaren eta herri batzordeen sare sozialen bidez plazaratuko den “Etxealditik Euskaraldira” ekimenak egiten duen proposamen nagusia.

Etxealditik Euskaraldira ekimenak bi helburu nagusi ditu: alde batetik, etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea; eta beste alde batetik, euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak edo proposamenak eskainiz.

Ekimenak aurtengo azaro eta abenduan eginen den Euskaraldiaren bigarren edizioa prestatzeko baliagarria izatea du asmo. Izan ere, udazkenean, Euskaraldiak proposatzen duen ariketaren oinarriekin bat egiten du.

Etxealditik Euskaraldira” ekimenaren nondik norakoak

Etxealditik Euskaraldira hiru fasetan iraganen da:

  • Apirilaren 20a: ekimenaren abiatzea, aurkezpen bideo bat online ezarriz
  • Apirilaren 21etik 23ra: hizkuntza ohiturei buruzko hausnarketa bultzatzea
  • Apirilaren 24tik 30era: sare sozialetan, eguneroko bizitzan euskararen erabilera bultzatzeko eta bakoitzak praktikan ezartzeko ariketa proposamenak zabaltzea.

Iniziatiba, maiatzaren 3an antolatuko den hitzordu birtual eta kolektibo batekin itxiko da.

Herritarren parte-hartzearen bila

Etxealditik Euskaraldira” ekimenak sare sozialen bidez zein fisikoki parte hartzeko bideak izango dituzte, herritarrei dei egiteko gisan.

Parte hartu nahi duten herritarrak ekimenean zehar sortutako bideoak edo ateratako argazkiak sarean partekatzea animatuko ditu ekimenak. Denek denen berri izateko, @euskaraldia aipamena eta #EtxealditikEuskaraldira baliatuko ditugu.

Etxeetan ere lehio eta balkoietan koloretako puntu bat jartzea eskatuko zaie partaide guztiei, ekimenean parte hartzen ari direla adierazteko bide bezala.

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video