Euskaldun zaharberrituak

PrintFriendly and PDF
Nicolas Goñi
Nicolas Goñi
Chercheur, membre de Bizi!, jardinier et chroniqueur radio
D'autres articles
XX. mende hasieran Biarritzen merkatua

XX. mende hasieran Biarritzen merkatua

Euskara etxetik kanpo ikasi dutenak baina hasieran etxetik ere oinarri batzuk jaso dituztenak, nola izendatu behar dira? Euskaldun zaharrak ez dira, aktiboki ikasi behar izan zutelakotz, baina ez dira euskaldun berriak ere, etxean purruxka batzuk jaso baitzituzten. Euskaldun zaharberrituek euskararekin duten harremanak zerbait kontatzen digu gure nortasunaren egoeraz eta bilakaeraz.

Duela hilabete batzuk Argia aldizkarian Endika Biota Piñeiroren artikulu batek(1) azaltzen zuen zerbait eskas zela euskaldun zahar eta euskaldun berrien artean, euskaldun guziak ez baitira bi mota horietarik bat edo bertzean guziz kokatzen, eta hizkuntzarekiko bertzelako harremanak deskribatzeko hitz bat (bederen) eskas zela zion. Hortik abiatuz euskaldun berpiztuen kontzeptua zehazten zuen: Ama-hizkuntza erdara izan duena, euskaraz ikasi baina nerabezaro partean bazter batean ahaztuta utzi eta gero hizkuntzarekin berriz aurkitu dena, euskararekiko maitasuna berreskuratuz. Xibero Lapurdi ta Nafarroa Beherean XX. mendeko historiak bertzelako bideak hartu zituela eta (ofizialtasun-eza, irakaskuntza sistema frantsesa, ikastolen garapen zailagoa…), gehienen abiapuntuak ezberdinak dira hemen, horietarik Biotak azaltzen duen bat: Euskara hizkuntza hegemonikoa zen gure haurtzaro eta nerabezaroan, giltzaperatzen gintuen sistemaren lengoaia. Gurean, aldiz, oso jende gutirentzat hegemonikoa izan da (eta izaten jarraitzen du) euskara haurtzaroan, Euskal Herriko gure zatian diglosiaren hedaduraren ondorioz. Eta askorentzat (mendialdeko arnas guneetan izan ezik beharbada), euskaraz ongi mintzatzea ikasketa prozesu baten bidez joan zen. Ibilbide honetan, bakoitzaren borondateak eman zituen ikasteko gogoa eta indarra, diglosiaren korrontearen aurka joateko, frantses hizkuntzaren hegemoniak ematen zuen errextasunaren aurka joateko.

Transmisioaren etena abiapuntu

1970 eta 1980 hamarkadetan sortu ginenek, transmisio etenaren ondorioa pairatu dugu: hemen sortu ziren gure burasoek badakite euskaraz, baina Lapurdin euskaldun zaharren azken belaunaldia dira: euskara etxean ikasi zuten, baina eskolan eta lanean frantsesera jo zuten, gizartea modernizatzen ari zen garai haietan, modernizazioa frantsesez zetorrela eta, euskara zaharrekin mintzatzeko bakarrik atxikitzen zuten, guri aldiz ez ziguten erakatsi: etorkizunari mintzatzeko, iraganekoa iduritzen zitzaien hizkuntza bat ezin baitzuten erabili (Unamunoren estiloan alegia). Guri, supermerkatuen, plastikoaren eta marrazki bizidunen munduan sortu ginen gehienei, etxean gure buraso euskaldun zaharrak frantsesez mintzo zitzaizkigun. Etxean jaso ginuen euskara bakarra, aitatxi-amatxiekin mintzatzen zireneko hitz edo esaldi labur soil batzuk ziren: “nun ze?”, “hemen die”, “iñak ituk”, “ze ai ze oañ?”, “badut gehio nahi balimauzu”, “noat gaki die oño?”, eta holako. Denak euskalkian noski. Ñabardurak ulertzeko gai ez ginen, haiek guri azaltzeko gai ez ziren bezala. Hori zen gure abiapuntua: euskalki baten azken hiztunen seme-alaba erdaldunduak ginen, eta gutarik oso gutik izan zuten lehen mailako eskolan euskara ikasteko parada. Kolegioan ikasten hasi ginen batzuk, hirugarren hizkuntza gisan, ingelesa eta espainolaren gibelean, alemana edo latinaren pare, hizkuntza haiek bezain urrun edo hilik balitz bezala gure herrikoa.

Gure burasoek euskara etxean ikasi zuten,
baina eskolan eta lanean frantsesera jo zuten,
modernizazioa frantsesez zetorrela eta,
euskara zaharrekin mintzatzeko bakarrik atxikitzen zuten.

Transmisioaren ordezko konponketak

Hortik abiatuz, euskararen ikasteko bi baliabideren uztartze bat behar zen: bata ingurunean euskaraz entzuteko edo irakurtzeko parada aski (eta aski aberatsak) izatea (bigarren mailako), bertzea norbere barnean ikasteko grina izatea, transmisioak eten zuen lotura “naturalaren” ordez gure lotura pertsonalak osatzeko. Testuinguru honetan laguntza haundia ekartzen ziguten euskal musika taldeek: kantu bat entzun, eta barnean uzten zigun inpresioaz gain bere hitzak ulertu nahi ginituen ere. Nik asko ikasi nuen adibidez Oskorri, Negu Gorriak, Dut edo Lisabö taldeen hitzak entzutean, diskoen liburuxkak irakurtzean, eta – beharrez gero – haien esanahia bilatzean.

Gure hizkuntza ez da haien lengoaia bezalakoa

Lapurdin 1970 eta 1980 hamarkadetan sortu ginenen artean, euskaldunen ehunekoa askoz apalagoa da 1940 eta 1950 hamarkadetan sortu zirenekin alderatuz, baina hiztun kopurua ez da diferentzia bakarra: gure burasoek eskuaraz mintzatzen dire (nahiz eta ez gurekin), guk aldiz euskara ikasi ginuen. Kolegiotik esaldi osatu batzuk ikasiz gero, pozik eta harro aitari edo amatxiri erran, eta haiek ulertu ez. “Ez duk hemengo eskuara hori, ez da konprenitzen ahal”. Hala topatu ginuen lehen aldiz euskalkiak vs euskara batua eztabaida luzea. Baina diferentzia ez da horretan mugatzen ere: ikasi dugun hizkuntza post-industriala da, burasoena aldiz industriaren aurrekoa. Klima aldaketa, garraioen azpiegiturak edota karbono aztarna aipatzen ditugularik adibidez, gure burasoen lengoaian XXI. mendeko kontzeptu horiek ez dute izenik, eta, tresna industrial guziekin bezala, erdarazko izena erabiltzen dute eskuaraz mintzatzean.

Hizkuntza eta nortasuna

Beharbada gure belaunaldiko euskal zaharberrituen nortasuna gure euskara bezalakoa da. Familiatik osaturik jaso baino, zati ezberdinez eraiki eta osatzen dugu, iturri ezberdinetatik edanik, bakoitza bere moduan eta bere ibilbidean zehar. Ez da errexa, ahaleginak eskatzen ditu, baina horren bitartez euskararen balorea bederen argiago sumatzen dugu, eta gure izaeraz jabetzeko eta moldatzeko gai garela ohartzen gara. Ez da gauza guti, Barandiaranek aipatzen zuen gizabidearen zati bat da.

1- Endika Biota Piñeiro, “Euskaldun berpiztuak”, Argia, 2019/12/13

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video