Euskaldunen erresuma

PrintFriendly and PDF
Antso III.aren Nafarroa heriotzaren unean (1035)

Antso III.aren Nafarroa heriotzaren unean (1035)

824an sortzen da Iruñeko erresuma, Ebro aldeko baskoi musulmanen laguntzarekin. Bi aitzindariak, Eneko Arista eta Musa ibn Musa, elkarren askazi dira. Baina horien ondokoek kartak nahasiko dituzte. Beraz nafar kristauek usu buru eman beharko dute mahomatar armaden erasoei. Guduka handirik galduko dute, hala nola Junkera Ibarrekoa 920an. Almanzor edo Al-Mansurrek euskaldunak sei aldiz erasanen ditu, bi aldiz Iruñen sartuz. Baina 1002an hiltzen da, eta ber denboran agertzen zaigu Antso Handia (1004-1035). Antso III. horrek Euskal Herriari aire puska bat emanen dio, gerlaz baino gehiago musulmanekiko tratuz eta kristau handikien arteko ezkontzaz.

Konpostelarako bidea Europari segurtatuko dio, arte erromanikoa zabalduko du, beneditar erreforma bere lurretan hedatuko. Hor euskaldunen indar nagusia Iparraldetik Hegoaldera pasatuko da, mila bat urtez hemen Garonaraino egonik, lehenik Akitania zaharrean, gero Novempopulanian, ondotik Baskoniako dukerrian, azkenean Gaskoniako printzerri subiranoan.

Ondoko erregealdietan Gaztelako erreinua beti barrandan egonen da Iruñekoari begira, hea zein lur, hiri edo gaztelu hartzen ahalko dion, eta zergatik ez, noiz bera osorik irentsiko duen. Emeki bada emeki, euskaldunen erresuma min bizi batek bezala janen du hegoaldetik eta mendebaldetik. Jarraian Gaztelak kenduko dio Gaztela zaharreko izkin euskalduna: Burgosko ekialdean, Atapuerkatik Ebrorako zatia; 1173an eskuin aldeko Errioxa; 1200 inguruan Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Durangaldea; 1512an Fernando Katolikoak geldituko den hondarra hartuko du, eta 1515ean Gaztelari lotuko. Karlos enperadoreak 1530 irian Nafarroa Beherea ezin zainduz bazter utziko du, eta hau legezko errege-erreginen esku egonen da, Bearnoko jaurerri subiranoarekin batera… Baina goazen urraska!

Antso Azkarra (1194-1234) azken errege baskoia izan zen, hots euskalduna, zorigaiztokoa gainera. Gaztelako erregeak mendebaldeko hiru lurralde hartu zizkion: Araba, Gipuzkoa, Bizkaiko Durangaldea, eta hona nola: 1199an, nafar erregeak txango bat egin zuen Marokora, eta Gaztelakoa aukeraz baliatu zen Vitoria / Gasteiz hiriaren setiatzeko. Zazpi hilabeteren buruan, goseak tinkaturik, gasteiztarrek amore eman zuten 1200 urtean, Antsoren baimena erdietsi ondoren. Araba harturik, ber urtean Gaztelakoak Gipuzkoa beretu zuen baldintza ilunetan, eta Durangaldea. Bizkaiko Diego Lopez de Haro jaunak Gaztelako errege harraparia lagundu zuen. Gipuzkoarekin batera itsasorako bidea galdurik, Antso Iparraldetik beste aterabide baten aurkitzera lehiatuko da, eta laster lortuko du. Bere arreba Berengera esposatu duen Richard Coeur de Lion / Rikardo Lehoibihotzak eman dio Lapurdi lurraldeko ekialdea, berantago Nafarroa Beherea edo Baxenabarre deituko dena, eta horko ibaiak Aturrira jalgitzen dira. Laster Baiona Nafarroaren itsas portua izanen da gure erregeen eta Akitaniako duke ingelesen arteko tratuz. Haurrik ez ukanez, koroa Blanca arrebaren semeari utzi beharko dio, hots Champagneko jaun konde gaztea den Thibaud / Teobaldo 1.ari. Hori bezala, ondoko subiranoak franko-nafarrak izanen dira, baina populua euskalduna da, « lingua navarrorum » mintzo du 1167ko dokumentu ofizial baten arabera, eta XVII. mendean oraino euskara Nafarroako « lengua nacional » bezala ikusten du Jose Maria Jimeno Juriok bere « Navarra, Historia del euskera » liburuan.

Hortik ene titulua, « Euskaldunen erresuma« . Badakit mendebaldeko hirur lurraldeetan, bereziki Bizkaian, herritar batzuk ez daudela ikuspegi horrekin bat, eta ulertzekoa da: horien arbasoak Gaztelako erregeen azpiko zeuden Erdi Arotik, eta behin baino gehiagotan Gaztela zerbitzatu zuten Nafarroaren aurkako gerletan, bereziki 1512ko konkistan eta horren ondoko guduetan: etsenplutzat hor dugu Iñigo Loiolakoa. Iparraldean ordea nafarrak gara: baxenabartarrak zuzenka eta « de jure« , lapurtar eta zuberotarrak zeharka eta « de facto« : beraz hemendik ezin dugu historia mendebaldetik bezala ikusi. Euskal Herria ez da Bidasoan gelditzen, eta euskaldunak omen gara gu ere. Erran gabe doa?

Un commentaire

  1. Nicolas Goñi
    Publié le 19/01/2023 à 19:24 | Permalien

    Iduritzen zait bi kontakuzun ditugula herri honetan, guziz bat egiten ez dutenak:
    - bata euskaltasunean oinarritua, baina ‘de facto’ Erribera baztertzen duena, bere historia bereziarengatik. Badakit Erriberan euskara bultzatzeko ekimenak daudela eta meriturik ez zaie falta, badakit ere duela ez hainbertze Erriberan bazegoela egiazko euskalzaletasun bat, baina gaurko egoera ez da baikorra. Helburua ez baita bihar lortuko, bitartean Erriberak euskalzaletasun nabarmenik gabe eta hegora begira jarraitzen du, eta garbi ikusten da hauteskundeen emaitzetan.
    - bertzea historian eta Nafarroako estatuan (erresuman) oinarritua, baina ‘de facto’ Bizkaiaren ipar eta mendebaldea baztertzen dituena, eskualde hori ez baitzen Nafarroaren parte izan (Durangaldea ez bezala, ez banaiz tronpatzen), eta diozun bezala haien jaunak Gaztelaren alde lerratu baitziren, Nafarroaren aurka. Kontakizun honetan, Errioxak adibidez baditu Bizkaiak baino argudio gehiago bere Nafartasuna aldarrikatzeko.
    Errexago litzaiguke Nafarroa euskaldunen erresuma garbiki izan balitz, baina apustu ausartegia iduritzen zait hori aldarrikatzea. Izan dira mendebaldeko euskaldunak Nafarroatik kanpo, eta izan dira (eta badira) ez-euskaldunak Nafarroaren barnean. Antton Kurutxarrik oroitarazi bezala ere, Nafarroa erasotu duten bizkaitarrak egon ziren, haien parean Nafarroaren askatasunarentzat hiltzeko prest biarnesak ere egon ziren bitartean.

    Kontakizun horietarik bakoitzak baditu bere indarrak eta ahuleziak, baina ez batak ez bertzeak ez ditu batzen Getxo eta Tuteraldea kontakizun berean. Horrek kezkatzen nau: Getxon lagunak ditut, eta Tuteraldetik datorren nere elikaduraren parte esanguratsua herriko elikaduratzat dut. Nolazpait biak nere lurraldean dira. Nolako kontakizuna behar dugu biak bateratzeko?

Laisser un commentaire

Votre e-mail ne sera jamais publié ni communiqué. Les champs obligatoires sont indiqués par *

Connect with Facebook

*
*

Vous pouvez utiliser ces balises et attributs HTML <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video