
Ihintz Oliden, Ipar Euskal Herriko AEKren koordinatzaileak, helduen euskalduntzean AEKk duen rola, azken urteetako aitzinamenduak eta oraindik gainditu beharreko oztopoak azaltzen ditu. Euskara % 30era heltzeko, doakotasuna, eskaintza zabaltzea eta politika publiko ausartak aldarrikatzen ditu.

Enbata: Zein da zuen erakundearen ekarpena euskaldunen kopurua % 30era heltzeko?
Ihintz Oliden: AEKren helburua helduak euskalduntzea, alfabetatzea eta erabilera sustatzeko egitasmoak sortzea da. Horretarako Euskal Herriaren euskalduntzea, Euskal Herriko biztanle guziek euskara ezagutzea eta egunerokoan normaltasunez eta erosotasunez euskara erabiltzea dira AEKren lehentasunak. Beraz erran genezake erakundeak euskaldun kopurua % 30era heltzeko helburu horri ekarpen aktiboa egiten diola, hau da euskaldunak masiboki sortzeko helburu horri.
AEKk herri hezkuntzan txertatzen du bere burua. Herri mugimenduan oinarritua, heldu guziei zuzentzen zaie, euskara ikasi eta hobetu nahi dutenei. Hendaiatik Maulera hamaika gau eskola ditugu, helduek bizilekutik hurbil gau eskola edo euskara ikasteko eskaintza izan dezaten. Irakaskuntzan aritzeaz gain erabileran ere eragiten dugu. Ikasleari ikasgelatik kanpo euskara erabiltzeko parada ematen diogu erabilera proiektuak antolatuz eta euskaraz bizitzeko aukerak sortuz.
Euskararen ikusgarritasuna eta atxikimendua ere lantzen ditugu Korrikaren bidez. Zein izan dira zuen arloan ikusi dituzuen aitzinatzeak?
AEKk hainbat formula desberdin garatu ditu, gau eskoletatik hasi eta ikastaldi, ikastaro intentsibo eta lan denboran euskara ikasteko parada emanez. Behar desberdinei erantzuteko eskaintzak garatu ditugu publiko desberdinei zuzentzen zaizkienak. Beraz euskara ikasteko motibazioa duen horrentzat aukera desberdinak badira. Eskaintza honi esker ikasle kopuruak gora egiten segitzen du. Euskararekiko interesa eta ikasteko gogoa hor dela ikusten dugu.
Bestalde, euskara ikasteko bidea errazteko beka batzuk ere sortu dira. Hauek arrakastatsuak dira eta ikusten dugu dirulaguntzak edo publiko zabala ekonomikoki lagundua delarik jendea euskara ikastera hurbiltzen dela. Hala ere bekak euskara modu intentsiboan ikasi nahi dutenentzat sortuak dira eta publiko zabalari egokitzen zaizkion dirulaguntzak ere behar dira.
Eta ber maneran zailtasun nagusiak zein diren zehatz diezagukezu?
AEKk biztanleengandik hurbil diren ikas-taldeak sortzeko xedea du, bidaiatzea ez dadin izan euskara ikasteko oztopo bat. Hala ere eskaintza ez da ipar Euskal Herriko eskualde guztietara orokortua eta Amikuze-Oztibarre eskualdean, Xarnegun eta Xiberoan eskaintza ez da guztiz egonkortua. Jendarteari euskara ikasteko ahalik eta aukera zabalena emateko eskaintza lurralde osora zabaldu eta egonkortzea ezinbestekoa da. Bestalde, behin eta berriz aldarrikatu duguna AEKn doakotasuna da. Herritar orori euskara, bertako hizkuntza, ezagutzeko eskubidea bermatu behar zaio eta horretarako, heldu guziei euskara ikasi eta alfabetatzeko bidea errextea ezinbestekoa da. Horregatik euskalduntze prozesuak osoki doakoa izan behar duela uste dugu eta botere publikoek eskubide hori bermatzeko beka sistema bat plantan eman behar dute, heldu guziei eskuragarri izanen zaiena eta ipar EH osora hedatua izanen dena. Horrez gain irakasle eskasian izaten gara urtero eta hainbat talde ez dira abiatzen irakasleak falta baititugu. Helduen euskalduntze arloak prestigio falta du, ez da formakuntzarik arlo horretan lan egiteko.
Nola egin daiteke « Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea » zehazki sentitua izan dadin jendarte zabalean?
Gaur egungo lege koadroak ez ditu euskararen biziraupena eta garapena bermatzen. Euskarak koadro juridiko bat beharrezkoa du; estatus legal bat behar du Ipar Euskal Herriko eremuan euskara ezagutua izan dadin. Horretarako Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzea ezinbestekoa da. Bestalde, Ipar Euskal Herri mailan, hizkuntza politika eraginkorrak behar ditugu euskaldunek frantses hiztunen hein bereko hizkuntza eskubideak izateko, hau da ko- ofizialtasuna.
« Euskarak koadro juridiko bat beharrezkoa du; estatus legal bat behar du Ipar Euskal Herriko eremuan euskara ezagutua izan dadin. Horretarako Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzea ezinbestekoa da. »
Euskara egunerokoan, karrikan, administrazioan, garraioan, osasun arloan eta abar present eta ikusgarri izan behar dugu euskaldunok eroso bizitzeko eta hizkuntza errespetatua izan dadin.
Zein dira zuen arlotik, azaroaren 21ean, Euskalgintzak deitzen duen manifestaldian parte hartzeko 3 arrazoi nagusiak?
Korrikan egiten dugun bezala euskal komunitate bat badela erakutsi behar dugu, euskaraz bizitzeko hautua egin duena. Azaroaren 21ean euskarak larrialditik ateratzeko behar duena eman behar zaiola aldarrikatu nahi dugu, politika publiko ausartak galdeginez euskararen etorkizuna bermatzeko. Ipar Euskal Herriko biztanle guztiek eskubide berak izan ditzagun euskararen ofizialtasunaren beharra aldarrikatuko dugu.

par