BIDEOA – Pizkunde aroa 36ko Gerrak moztu zuen, baina indarrez berpiztu zen 60ko hamarkadan izugarrizko lana bururatuz mendearen azken erdian: kultura, hizkuntza batu, irakaskuntza, hedabideak sortu…
Azken urteotan euskarak lurralde eta funtzioak galdu (Ipar Euskal Herrian bereziki) eta irabazi ditu (Hegoaldean batez ere) aldi berean. Bestalde, hiritartu egin da. Egun, inoiz ez bezala, euskaldun gehienak hirietan bizi dira.
Hala ere, euskaldungoak minorizaturik jarraitzen du: familia transmisioak zailtasunak ditu, hainbat tokitan euskara ez da ofiziala eta, ofiziala den tokietan, ez dago erdararen pare.
Euskara bizirik ailegatu da XXI. mendera. Hemendik aurrera, baina, erronka berriak ditu, galdera berriak ditu, eta galdera berri horiei erantzun beharko die, orain arte bezalaxe, iraungo badu.
Hizlariak:
Jose Angel Irigaray: idazlea eta kulturgilea
Jon Sarasua: kulturgilea eta irakaslea
Amaia Aire: irakaslea eta abeslaria
Iratxe Esnaola: informatika-ingeniaria eta PuntuEus elkarteko kidea
Musika:
Ruper Ordorika, Ibon Rodriguez, Ibon Agirre
————————————-
DOKUMENTAL-SORTARI BURUZ:
Hizkuntza gugandik at bi liburu dira: gramatika eta hiztegia. Hizkuntza bizia, berriz, geu gara, hiztunok. Euskara ez da gugandik aparte dagoen zerbait.
Historiaurretik gaur egun arterainoko bidaian, bada, gure hizkuntz komunitatea da protagonista « Euskara Jendea » dokumental sortan. Menderik mende, Euskararen Herria eratu, osatu, bizi, egokitu eta aldatu da beste kulturekiko etengabeko hartu-emanetan.
Euskara bizirik ailegatu da XXI. mendera. Hemendik aurrera, baina, erronka zein galdera berriak ditu. Eta haiei erantzun beharko die, orain arte bezalaxe, iraungo badu.
————
MATERIAL DIDAKTIKOA: https://www.euskarajendea.eus/material-didaktikoa
Euskara Jendea, 40-50 minutuko sei atalek osatzen duten dibulgaziozko lana da eta publiko zabal bati aurkeztu nahi dio euskararen eta bere herriaren historia.
Hizkuntzak hiztunengan gauzatu dira, berengan bizi dira. Mintzaira baten historia beren hiztunena da ezinbestez, edo, nahiago bada, hiztunen historia beren hizkuntzarena da. Euskarak, berez, ezin du deus egin; euskaldunek bakarrik moldatu, garatu, galdu, pobretu, aberastu, normalizatu… dezakete euskara. Horregatik, Euskal Herriaren historia azaldu nahi izatekotan, euskaraz mintzo den jendearena esplikatu behar da, hizkuntza komunitatearen ikuspuntutik, alegia, Euskara Jendea garelako. Jarraian lan honen aurkezpen bideo-laburra.
Enbataren BIDEOAK atalean, datozen asteetan, behereko parteak ikusten ahalko dira:
1/ Historiaren atarian
2/ Erromako inperioan
3/ Aniztasunaren bidean
4/ Mugetan gaindi
5/ Gerren arteko pizkundean
6/ Mundua osatzen