Ez besteak baino zozoago…

PrintFriendly and PDF

Ezgirelako

Baina hala agertzearen beldu!

Urte hastapeneko tarte honentzat ez nekien iazko gertakaririk azpimarragarrienak aipatu ala urte berrirako espero nituenak zuekin partekatzea interesgarriagoa zenez.

Azkenean halako kronika bat egitearen zailtasunez  gogoetak egin eta horiek partekatu nahi nituzke.

Urteetan kazetaritza lanean arituz, besteei gertatuak kontatzeko ohitura izan dut, baina ez ene iritzia ematekoa. Eta hori zaila zait. Badakit ez naizela bakarra: usuenean hedabideetako  kronikari edo solasetako parte hartzaileak, gizonak izan ohi dira. Gauza bera postu eta toki publikoetan hitza hartzen dutenetan. Badakit elkarteetako antolatzaileentzat zaila dela lehen lerroan egoteko prest diren emazteak atzematea. Alta, itzalean lanean ari direnak emazteak dira usu ere. “Kotak” ezartzea, batzuek ez dute logiko kausitzen: “Emazteek ez badute nahi ez dute nahi eta kitto” pentsatzen dute…

Emazteak lehen lerrora agertzen ez bagara, usaian erraten dena, bizitzaren eta gizarte honen antolaketaren ondorioa izan ohi dela, familiako antolaketan emazteek etxeko ardurak eta zaintzak izan ohi ditugulako eta gizartea ez dugulako antolatua familiako lanak partekatzeko. Baina arazoa hori baino urrunago doala uste dut, urteen poderioz ikasi dudanaz.

Alde batetik, lehen lerroan egoteko ausardia duenak, horretarako gai ikusi behar du bere burua. Normalki neska eta emazteak ez dira horretarako psikologikoki prestatuak izan gaztetarik; gai ez izatearen sentsazioa barneraino sartua dugu. Emazteek, zinez eraginkorrak, dinamikoak eta besteak baino azkarragoak direla erakutsi behar dute sinesgarriak izateko. Baina ez hori bakarrik: lehen lerroan egotean – hots toki publikoetan mintzatzean, ardura publikoak hartzean edo beste-, pettoak egiterakoan, ageri agerian gelditzen dira eta emazteei are gutiago barkatzen zaizkie huts egiteak. Gainera, emazteek petto edo gaizki egitearen kezka, are gehiago dugu gehienetan.

Adibidez, badira espresioak errateko emazte politak edo “blondak” zozoak direla. Baina izan daiteke ere ibilbide zorrotza ukan duen emaztea, behin akatsa egin eta hori, emazte izaeraren kontu ezartzen diotela. Alta, gizon bati ez zaio gizon izaeraren gain ezarriko. Postu publiko edo agerpen publiko andana egiten duten gizonak pettoak egiten dituztenak gehiago baldin badira ere- hasteko, proportzionalki segur! -.

Zorigaitzez gainera, besteak jujatzen zorrotzenak usu emazteak izaten dira. Pentsatzen dute “Normal. Nola ausartu da emazte hori toki horretara aurkezten?” Gizonak hanka sartzea egiten duelarik, ez diote kritika bera eginen gizona izateagatik.

Beraz ene partetik neska edo emazteak animatu nahi nituzke bizitza publikora buruz urrats hori ematera, petto egitearen beldurrik gabe!  Mundua ez da eroriko petto batengatik!

Eta aurtengo ene kroniketan erraten dudan zerbait zozokeria dela iduritzen bazaizue, aitzinetik barkamenak, baina… tanpi!

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video