“Ezinezkoa”

PrintFriendly and PDF

EzinezkoaFilm bat aipatu nahi nizueke. “Ezinezkoa” izena duen filma, edo jatorriko bertsioan “Lo Imposible”. Duela guti ikusi dut, 2012an egina izan bazen ere. Bayonak, Kataluniako Juan Antonio Bayona Zinema zuzendariak egina. Naomi Watts eta Ewan Mc Gregor aktore famatuak ari dira bertan eta 2004an Tailandiako Tsunamiaren gertakarietan oinarritua da.

Hastapenean, super-produkzio Estatu Batuarra zela pentsatuz, ez nintzen biziki bero ikusteko. Baina errealitatean oinarritua zela oharturik, segitu nuen ikusten.
Gerora jakin dut, Kataluniako Maria Belónen familiari gertatu zitzaiola filmak kontatzen duena.

2004ko eguberri garaian, Tailandiara oporretara joana zen Maria, senarra eta 3 semeekin. Hotelean, Tsunamiaren izugarrikeria jasan zuten. Haiek bezala, beste turista andanak, eta nola ez, Tailandiarrek. Ez dizuet istorioaren mamia zein den kontatuko, zuhaurrek ikusteko parada ukan dezazuen.

Izugarrikeriaren aitzinean jendeen jokamoldea erakusten du filmak. Sos arrangurarik ez duen familia oporretan da eta bat-batean xintxifrikatua gelditzen da, herri oso hura bezala. Jadanik baliabide batere gabe zen herritar andana hiltzen da edo kolpatua gertatzen. Baina heiek bezala zaurituak eta noraezean diren turistekiko elkartasunez jokatzen dute Tailandiarrek: desegina den bizitegi gisa duten etxolako atea hartuz, jendea ospitalera garraiatzeko adibidez.

Film hunkigarria, eta aitzinatu arau, beste irudi batzuk ekarri zizkidan gogora: miserian eta noraezean diren Siriako edo gerletako errefuxiatuak, baliabiderik gabe Europara heldu diren milaka imigranteak, Calais-ko kanpalekuaren hustea… Ene baitan Ari nintzen, mundu honetan gauzak alderantziz doazela!

Aberatsen herritik oporretara herri txiro batera joanik, baliabiderik ez dutenek lagundu dituzte turista horiek; aldiz, ezin-biziko egoeretatik ihesi, herri aberatsetara heldu direnak, baztertuak, kanporatuak eta hiltzerat utziak dira. Gainera, 2015ean ehunka baldin baziren mediterraneo itsasoan hilak, aurten milaka dira eta ia ez dira gehiago aipatzen!

Nola da posible? Ez, ez da posible.

Lo imposible filma bezalakoak begirada horrekin ikusiz gero, gain-komunikazioaren garai hauetan, itsu eta gor bezala gauden jendeen buruetan agian argitxo bat pitz daiteke egoera aldatzen hasteko?

Costa Gavrasen Eden à l’ouest 2009ko filma ere balio du ikustea adibidez, Greziako hondartzetan eguzkia hartzen ari ziren turisten ondora imigranteen gorpuak nola hilotz heltzen ziren ikusteko… baina hori beste historia bat da.

Ene partetik hasteko, milesker Bayonari.

Bestaldi bat arte.

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video