Instituzioa beharrezkoa da

PrintFriendly and PDF
Jakes Bortayrou
Jakes Bortayrou
Employé dans l'enseignement du basque aux adultes, membre de BATERA et militant d'Abertzaleen Batasuna
D'autres articles

Instituzioa1Herri elkargo bakarraren aldeko kanpaina antolatzen ari da Batera, herritarreri eta bereziki hautetsieri Iparraldearen inztituzionalizatze horren garrantzia zenbatetarainokoa den erakusteko. Euskarak bere salbamen eta garapenerako botere gune hori behar beharrezkoa du Iparraldean.

Euskalgintzako herri mugimenduek Baterako plataforma beste sektore batzuekin sortu zutelarik ez zuten soilik beren aldarrikapena ekarri, hots euskararen koofizialtasuna, baizik eta besteena ere asumitu eta bereziki instituzioa baten beharra. Konbentzimendu hura ebidentzia saihestezina bihurtu da gaur egun. Errealitateak demostratu baitu berezko euskal instituziorik gabe euskararen aldeko politikak maila batetik goiti ezin duela pasa.

Euskararen biziberritzeari begira positiboki eragitea posible da. Hori frogatu du hamar urtez Iparraldean eraman den hizkuntza politika publikoak. Bainan prospekzio lanek erakusten digute oraiko erritmoan segituz Iparraldean ez dugula lortuko hizkuntza komunitate sendo eta zabala berrosatzea.

Eragile politiko indartsuaren beharra

Diagnosia soziolinguistika horri beste bat gaineratu behar zaio, arras politikoa. Euskararen egoerari buru eginen duen hizkuntza politikak eragile politiko indartsua behar du. Euskararen Erakunde publikoak ezin du funtzio hori bete. Hasieran ez zen denentzat argi. Deus ez zelarik antolatua, politika bera definitzekoa zelarik. Bainan lehen etapak egin ondoren, aldapa gogorragoak hurbildu direlarik, EEP tresna motz eta mugatua gelditu da. Presidenteen jokaera indartsu ala motelak ezagutu ditugu baina azken finean barne biltzen diren instituzioen ordezkari gelditzen dira nahita nahiez, horrek dituen muga guztiekin.

Eskema hori ahulegia da. Euskararen beharrek honen gainditzera behartzen gaituzte. EEP tresna operatibo eta koordinatzaile gisa beharrezkoa dugu bainan bultzada, arima, akuilua beste nunbait izan behar da. Herri mugimenduen ondoan, Ipar Euskal Herriko instituzioa beharrezkoa du euskarak. Lurralde kontratua prestatzeko euskara lan taldeak urrats kualitatibo nahiz kuantitatibo baten baldintzak definitu zituen. Ondorioz,  Hautetsien Kontseiluak instituzio guztiei euskararen aldeko paktu bat adostea proposatu zien elkarrekin jokatzeko hiru lehentasun lortzeari begira :

• frantses hezkunde nazionalarekin negoziaketa bat burutu, irakaskuntza eskaintza garatzeko ;
• helduen formakuntza profesionala diruztatzeko fondo komuna sortu ;
• EEP-ren urteko buxeta bikoiztu.

EEP tresna operatibo eta koordinatzaile gisa
beharrezkoa dugu, bainan,
bultzada, arima, akuilua
beste nunbait izan behar da.
Herri mugimenduen ondoan,
Ipar Euskal Herriko instituzioa
beharrezkoa du euskarak.

Podere gunea lehentasunezkoa da

Lerro horiek idazterakoan, iduri du helburua ez dela lortuko. Bakoitzaren ardurak eta erantzukizunak aztertzeko momentua etorriko da bainan huts egite horrek irakaspenak emaiten dizkigu geroari begira. Arduradun politikoen borontatea ezinbesteko gauza da. Bainan honen hezurmamitzeko tresna instituzionalik gabe ez da nahikoa. Hori ukan gabe, nekez bidera daiteke lehen aipatzen den oldar berria. Nekez konbentzitu eta  aurrera eramanen dira hizkuntza politikan esku hartze ekonomikoa duten gainerateko instituzio mailak, Estatutik departamendura. Nekez sortuko da indar harreman nahikoa Hezkunde nazionalarekin behar diren akordioak lortzeko. Nekez orokortuko da euskararen irakaskuntza normaltasun osoz Iparraldeko haur guztiei 10 urte barne eskaini beharko dieguna.

Beste funtsezko arrazoina ere bada. Izan estatua, eskualde ala departamendua, kudeatzen duten lurraldeko zati baten arazoa baizik ez da euskara. Hots borontate politiko hoberena izanik ere, urruneko perspektiba halere, sekulan ez da lehentasunen zerrenda biziki gora igoko. Euskal Herriko instituzio bati aldiz, besteek bezala hautu politikoak egin behar baditu ere, berezkoa duen hizkuntzaren etorkizuna lehentasunezkoa izaitea  errexago eta normalagoa izanen zaio. Biharko hizkuntza politikak behar dituen baldintzen artean podere gunea lehentasunezkoa da. Hori bera dugu aldarrikatuko urriaren 24an, euskararen ofizialtasunarekin batera.

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video