Ipar Euskal Herriko Gobernantzari buruzko Herritar Audita

Audita
Jean-René ETCHEGARAY, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria Batera-ren Txostenarekin, hiriguneko beste 2 lehendakari-orderen (Beñat ARRABIT, Beñat ARRABIT eta Daniel OLÇOMENDY) eta kontseilari delegatua den Daniel OLÇOMENDY-ren ondoan.

Batera-k nahi izan du herritarrei berriro hitza eman, heien sentimendua biltzeko Ipar Euskal Herriko Gobernantzari buruz. Ariketa demokratiko honen emaitza Txosten baten bidez zehaztu du. Laborantza Ganbararen 14. Urtemugaren karietara egina izan den Biltzar Nagusiaren bukaeran, larunbatean, urtarrilaren 19an, Baterak herriko gobernantzari buruzko herritar auditaren emaitzak aurkeztu ditu parte hartzaileei eta Jean-René Etchegaray lehendakariaren esku utzi.

Beherean edo hemen klikatuz aurkituko duzun dozierra BATERAk 2018ko urritik abendura antolatu duen Iparraldeko gobernantzari buruzko herritar auditaren emaitza da.

Audita horren helburua Euskal Elkargoko gobernantzari buruz herritarren iritzi eta sentipenak bildu eta haren ibilmoldea hobetzeko proposamenak lantzea zen (Elkargoko politika sektorialak baloratzea ez zen sartzen auditaren helburuetan).

Dozier honek gogoetaldian parte hartu duten edo ekarpenak egin dituzten pertsonen iritzi eta ikusmoldeak biltzen ditu. Dozier hau ez da beraz BATERA plataformaren aldarrikapenen zerrenda  nahiz eta seguraski bere kideak gomedio gehienekin ados izan.

Urte luzez Iparraldeko lurralde kolektibitatearen alde mobilizatu ondoren, BATERA plataformak hirigune elkargoa lehen urrats gisa onartu zuen 2015ean. Orain, Elkargo hau ahal bezain ongi  funtziona dadin nahi du, lurralde honen herritar eta hautetsiek beren geroa eskutan hartzeko duten ahalmena urrunago eraman nahi baitu. Elkargoaren sortzea defenditu eta Iparraldeko  jendea informatu zuenez, haren funtzionamendua begitarte zorrotz eta izpiritu eraikitzaile batekin aztertzea doakio orain BATERAri, bai eta geroan ere.

Finkatu bezala, hiru urratsetan iragan da herritar audita hori:

•  Tokiko bilkurak irailaren 15 eta urriaren 13 bitartean Iparraldeko lehen instituzioaren bilana egiteko.
•  Hautetsi, jendarteko eragile edo Iparraldetik kanpoko adituen audizioak azaroaren 3an eta 10ean.
•  Atelierrak, abenduaren 1ean, lehen bi faseetako elementuetan oinarrituz proposamenak lantzeko.

Audita  horrek  bere  eskasiak  eta  ahuleziak  badituzke.  Denbora  eta  baliabideak  falta  izan  dira  azterketa  sakonagoa  burutzeko.  Halere  instituzioekiko  mesfidantza  eta  ordezkaritza   demokratikoaren krisia garai honetan bertute baliosak baditu audita horrek.

Lehenik  Elkargoaren  funtzonamendu  konplexuari  buruzko  herri  heziketaren  momentu  azkarra  izan  da  parte  hartu  duten  herritar  guztientzat.  Bigarrenik  ariketa  demokratikoa  burutu  da   instituzioarekiko erabat independientea izan baita eta Elkargoko arduradunek onartu baitute herritarren galdeei erantzutea, finkatutako joko arauak errespetatuz. Azkenik bertute politiko  argia badu instituzioaren lehengo bi urteeko bilana aztertzeagatik, haren abantail nahiz ahuleziak zerrendatuz eta hobetzeko ildoei buruzko eztabaidan ekarpenak eginez.

BATERArentzat anbizio handiko jendarte erne eta mobilizatu bati esker lortu da Euskal Elkargoa. Jendarte hau Iparralde mailako gobernantza demokratiko baten sakontze eta aitzinamenduen  berme da etorkizunean ere.

Euskal Elkargoko presidentearen esku uzten dituen audita horren emaitzak harrotasunez presentatzen ditu BATERAk Iparraldeko herritar eta hautetsiei. Proposamenei instituzioko arduradunek  emanen dizkioten segida hurbiletik so eginen du plataformak eta bitartean hel dakioken eskari orori erantzuteko prest gelditzen da.

Ainhizen 2019ko urtarrilaren 19a