Izpegiko lepoan, mugaren gainetik

Izpegi
Muga guziak hetsiak diren garai honetan, Izpegiko lepoan, Baigorriko eta Baztango lagun talde batek gure herria zatitzen duen muga momentu batez desagerrarazi du, kantu, musika eta dantzaren artean, joan den maiatzaren 30ean. Hona antolatzaileen erranetarik batzuk.

« Ortzimugatik haratago bizi omen diren gauainarek ustez zabaldutako gaitzak planeta huntako biztanle guziak berdin egin gaituela diote agintariek. Ez omen du zuri edo beltzik bereizten, kristau edo judutarrik, txiro zein aberatsik… euskaldunak ordea bitan banatzen jarraitzen du zetabeak, nahitaez espainolak eta frantsesak direlakoan.

Izpegiko gainak ez du gure Herria bitan banatzen, Izpegiko gaina bi isurietako euskaldunen topaleku izan da beti. Muga-langak paratu dituzte berriki. Zatiketa inposatu nahi daukute beste behin ere.

Baina guk ez dugu onartzen nehon inposatutako mugarik.

Ez dugu onartzen Madrileko eta Pariseko jantxo batzuek, gure herria ezagutzen ez dutenek, erabaki dezaten Izpegiko pasabidea ez dugula erabiltzen ahal, guk, hemengoek.

Gainera, argi da diruarendako eta multinazionalendako ez dela mugarik: gure gisako jende xumearendako bakarrik ezartzen dituzte. Alta, mugek ez dute neholaz ere birusa geldiarazi: muga ala ez muga, mundu osoan nasaiki barreiatu da.

Pentsatzen dugu holako gaitzei buru egiteko aterabide hoberena gure bizien baldintzak birtokiratzea dela, berriz hunat ekartzea, koherentzia duen lurralde batera. Eta guretako, koherentzia duen lurralde hori Euskal Herria da, bere osotasunean eta bere batasunean. »

Horren aldarrikatzeko, maiatzaren 30ean, muga-langa topaleku bilakatuz, Izpegiko gaina kontzertuleku bilakatu da.

Lehenik, bi aldeetako bertsolariak ari izan dira. Aipatzekoa da bertsolari ezagun batzuen ondoan, gazte-gazte batzuek jende aitzineko beren lehen emanaldia izan dutela hor.
Gero, hegoaldeko eta iparraldeko musikariak dituen eta orain entseguetarako ere biltzen ahal ez den musika talde batek aire batzuk eman ditu.

Eta, jai giroaren biribiltzeko, txistulari batek jendeari delako mugaren gainetik dantza egiteko aukera eman dio, « Muga gainetik » kantu famatuaren hitzak gauzatuz.

Une réflexion sur « Izpegiko lepoan, mugaren gainetik »

  1. Euskal Herriaren Ipar eta Hego aldekoaren arteko mugaren pasabide nagusiak horiek dira:
    Hendaiako burdinbide zubia;
    Hendaiako Santiago zubi zaharra
    Hendaiako zubi berria
    Behobiko zubia
    Biriatuko autopista zubia
    Lizarrietako lepoa
    Lizuniagako lepoa
    Sara eta Zugarramuriren arteko bidea
    Dantxarineako pasa lekua
    Izpegiko lepoa
    Arnegi
    Larraine
    Belagua

    Toki asko hain zuzen ere eta zuzengabekeria bat iruditzen zait halako muga baten ixtea,

Les commentaires sont fermés.