Galdera honek, norbanakoa nor den baldintzatzen du. Elise Dilet-en gogoetak, Euskal Herria eraiki nahi dutenek dudatu gabe Euskal Herrikoak direla erraten ahalko dutela argi uzten du.
« Eta zu nungoa zira? » Horra. The Question. Talo bat eskuineko eskuan, garagarno bat bestean, paralizatua gelditzen naiz ene parean denari so, talo ahokada irentsi nahian.
Nongoa naiz? Galdera existentziala. Biziaren zentzua bezain sakona. Nor naizen baldintzatzen duena. Eta zalantzen ur ilunetan murgiltzen nauena. Berak, begirada zorrotza eta bihurria txapelaren pean eta bi zangoak ongi plantatuak, ez du doaike horrelako buru hausterik.
Jendartearen organigramak
Lekuaren arabera, komunitatearen arabera, bi ezezagunen arteko lehen galdera ez da berdina. Mendiko aterpetxe batean, galdetuko dizute zein izan den zure eguneko etapa eta zer ttonttorrera igo zaren, izen ttipia galdetu aitzin. Memphiseko Rotary klubeko bilkuretan jakin nahiko dute zenbat diru irabazten duzun. Leku anitzetan galdetzen dizute zure lanbidea zer den. Urdin ilunezko galtzagonadunen parrokietako bilkuretan, zenbat seme-alaba dituzun izanen da gako-galdera… Erantzunak kokatuko zaitu talde sozialaren organigrama inplizituan. Taldea osatzen dituen oinarrizko baloreak erakusten ditu galderak, eta neurri batez, taldekideen identitatearen elementu inportantea. Izan ere, Baigorrin, Tolosan, Pariseko edo Montevideoko Euskal Etxeetan, euskaldun baten lehen galdera beti hori da: « nungoa zira, zer herrikoa, zer auzokoa, zer etxekoa? » Euskaldunen jendartearen organigramak mapa geografiko baten itxura du…
Identitatearen hautuak
Batzuek arazorik gabe erantzuten diote galderari: sortetxearen izenaz deituak dira eta izen bera duen hilarria dute beha, elizaren babespean. Bien artean, leku exotikoenetan bizitzen ahal dira eta hamaika mundu-itzuli egin, baina arras ongi dakite nondik heldu diren eta nora doazen. Ez dut argi ea bizkar-hezurra ala kaiola zitzaidakeen. Bietarik pixka bat segur aski.
Baina nongoa naizen, ene sorlekuaren arabera definitzen da bakarrik? Gaixo gu, Frantzia iparraldera lanerako migratu ziren gurasoen seme-alabak, sorlekuarekin inolako loturarik ez dugunak… Horregatik aspalditik erantzun hori baztertu dut, galdera egokituz ene baitan. Ez diet « nongoa zara » edo « nongotarra zara » galderei erantzuten baizik eta « sustraiak non errotu nahi izan dituzu? », « zein herriri eskaini nahi dizkiozu zure indarra eta denbora?« , « zein komunitateko kide izan nahi duzu? » Eta hor, beste perspektiba batzuk irekitzen dira. Ez baduzu zure sorlekua hautatzen, eraikitzen duzun komunitatea bai, baliatzen duzun hizkuntza bai, biziarazten duzun kultura bai… Hori, ongi uler daiteke Euskal Herrian, euskaldunen herrian, euskaraz mintzatzen direnen herrian… Hor ez dugu ez sorlekurik aipatzen ez eta genetika berezirik ere.
Komunitatearen zutabeak
Nongoa naizen ene identitatearen elementu garrantzitsu bat baldintzatzen badu, galderaren ulermen/ birformulazio horri esker, identitate dinamiko bat eraikitzen ahal dut, etengabe aldatzen eta osatzen dena. Identitate hori kolektiboki eraikitzen da, antzeko hautuak egin dituztenekin, balore komunak dituztenekin: identitate kolektibo bat eraikitzen ahal dugu.
« Nongoa zaren hautu kontu bat baldin bada
eta ez dokumentu ofizialetan agertzen den informazioa,
anitzi aukera uzten die
Euskal Herrikoak direla sentitzeko eta errateko,
Euskal Herriaren oraina eta geroa eraikitzeko parte hartu nahi dutelako. »
Nongoa zaren hautu kontu bat baldin bada eta ez dokumentu ofizialetan agertzen den informazioa, anitzi aukera uzten die Euskal Herrikoak direla sentitzeko eta errateko, Euskal Herriaren oraina eta geroa eraikitzeko parte hartu nahi dutelako. Aukera emanen die gero eta euskaldunagoa izateko, legitimitate hori irekia zaielako. Nahi ala ez, ehunekoan, « jatorrizko » euskaldunak gero eta gutiago dira Euskal Herrian, baina komunitate ireki eta inklusibo batean, Euskal Herria eraiki nahi dutenek dudatu gabe Euskal Herrikoak direla erraten ahalko dute. Euskara ikasteko bidea, abertzale bilakatzeko bidea, euskaldunen kopurua handitzeko modu bakarra… Askok hartu dugu bide hori. Eta orain, lasaiki erantzuten dut. Nungoa zira? Hemengoa. Euskal Herrikoa.
Ni ere etorkina naiz. Araban bini naiz eta galdetzen badidate nongoa naizen, Euskal Herrikoa naizela erraten dut naiz eta Espainian sortuta. Euskal nortasuna ez da ‘toxikoa’, ez du besteak baztertzen eta hizkuntza zutabe bat da Euskal Herritarrengana hurbiltzeko.
Ederra zure hausnarketa Elise. Ni ere Euskal Herrikoa sentitzen naiz, eta euskaldun naiz. Alta, kanpotar bilakatu nahi ninduke bertakotar batek baino gehiagok: hemen naizela espaignol esaten didate, hegoaldean gabatxo.
Ez dakit irakurri duzun hortik dabilen liburu hau: les gens de Bilbao naissent où ils veulent, (halako zerbait), bada horixe, non bizi hangoa izan.