Syriza, Podemos, mamuak ?

PrintFriendly and PDF
Andde Sainte-Marie
Andde Sainte-Marie
Conseiller Régional, Paysan à Lantabat, militant abertzale socialiste, ancien porte-parole d'Abertzaleen Batasuna.
D'autres articles

PoemosSyrizaMamu bat Europako zeru gainean. Hori dutela behintzat ozenki aldarrikatzen europar batasuneko hainbat hiriburuetarik, Greziako eta Espainiako ezker radikalen gorakada komentatzerakoan. Bainan Syriza eta Podemosen programa politikoa hain beldurgarria ote da ?

Aburu ikerketa guziek lehen lerroan nabarmentzen zuten bezala, Greziako legebiltzarreko hauteskundeetan Syriza alderdia garaile agertu da. Espainian Podemos litaike ere lehen  alderdia ondoko hauteskunde lehia orotan.

Kezka haunditzen ari da Bruselasen baita bereziki Berlinen, nun segurtzat daukaten jada Grezia eurogunetik  ateratuko dela. Beste hiriburu batzuek berriz azpimarratzen dute kutsadura posible bat. Arazoa ez da gehiago soilik ekonomikoa baizik eta politikoa…

Orain arte ezagutzen ginituen eskuin muturreko populismo bultzadak, imigrazioaren kontrakoak eta euroaren etsai amorratuak.

Badirudi orain Europa hegoaldetik halako oldartze gorrail berde bat altxatzen bezala ari ote den. Oldartze horrek uko egiten dio austeritate politika itogarri bati, zoinek Grezian adibidez 25 urteko gazteen erdiak langabezian kokatuak dituen, barne produkto gordina %25-ez ttipitu duen bost urtez, bainan ez haatik zor publikoa.

Ondorioz Alexis Tsipras Syrizako buruak dio demokrazia bat ez dela eraikitzen xantaiaren bitartez, Pablo Iglesias Podemosekoak erantzuten diolarik Europak eta FMIak zapalkuntza jasanarazten diotela bai Grezia, Espainia eta, orohar, Europako beste hainbat estadoeri.

Egia da, badu jada bulta bat Tony Blair inglesaren erreformismoa beretu dutela Espainiako PSOEk, Alemaniako SPDk eta orain Hollandek berak ere. Aspaldiko ezkerraren fundamentu edo oinarriak mundu globalizatu baten neurrirat egokitu dituzte, hala beharrez edo.

Bainan errotik krisia larrian eta troika famatuaren (europar komisioa eta banku zentrala, FMIa) agindupean diren herrialdeetan, ezker radikaleko mugimendu berri horiek badute arrakasta nabarmena.

Real politikarekin topo

Bada leize bat beraien erretorika eta funtsezko programaren artean”. Horixe diote haatik aditu politiko batzuk Syriza eta Podemos mugimenduentzat. Forma politiko berrituetarik
haratago, beren egitarau eta programa politikoek orohar 60/70 urteetako sozial demokraziaren errezeta berdintsuak berenganatzen omen dituzte, besterik ez.

Podemos jada ari da Suediako Olof Palmereri erreferentzia egiten Hugo Chavezi baino. Grezian, Syrizak irabazirik ere, ez du sekulan soilik gobernatzen ahalko eta bide lagunekin hautsi mautsiak egin beharko ditu nahi ala ez, ondorioz bere programa leunduz albainan.

Aburu ikerketek plazaratu gorakaden arabera funtsean Syriza eta Podemosek beren anbizioak beheruntz berrikusten hasiak dira.

Greziako gobernu berrian finantza minixtro litaiken Syrizako George Stathakisek zion berrikitan ez zirela eurogunetik aterako eta ez zirela zorraren ordaintzetik geldituko. Asmoa lukete soilik ordaintze horren arintze bat negoziatzea Europako banku zentralarekin.

Zorraren ordaintzea Espainian ez bada Greziakoaren heinekoa, Podemosek ere ez du gehiago aipu bapateko ordaintze gelditze bat. Soilik aipatzen du orain europa mailako zorren mutualizatze bat, adostu gabeko mekanismo politiko ekonomiko baten medioz.

Egia erran mekanismo berri horren aldekoak dira Europako hainbat ekonomialari ere. Grezian, Syrizak segitzen du austeritate politikan pausu bat eskatzen eta guttieneko lan sariaren gorakada galdegiten. Memento berean haatik, estadoaren erreforma azkar bat bultzatu nahi du, burokraziaren kontrako plan bat lantzen ari da: horiek guziak begi onez ikusten ditu Europako Komisioak. Trukean aritzeko moldea dirudi.

Poderearen atean dira Syriza eta Podemos.
Real politikarekin topo egitekotan bezala.
Ikusi beharko nolako bide lagunekin
ados jarriko diren edo
koalizioak osatzeko gai izanen  diren.

Podemosek azkenik ez du gehiago aldarrikatzen erretreta 60 urteetan, baizik eta 65 urteetan. Langile guzientzat guttienezko hilabete sari garantizatua kendua du bere programa  politikotik.

Trukean orain eskatzen du erreforma fiskal orokor bat eta lan asteko 35 orenak.

Poderearen atean dira Syriza eta Podemos. Real politikarekin topo egitekotan bezala. Ikusi beharko nolako bide lagunekin ados jarriko diren edo koalizioak osatzeko gai izanen diren.

Europa guzitik baita Euskal Herritik ere begirale gaude, aktore ezin izanez edo.

Hea ba, zer emaiten duen ariketak. Hea ba aire fresko firfirak irauten duen errealitate dorpearen zelaietan.

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video