Zapaldua zapaltzaile?

PrintFriendly and PDF
Andde Sainte-Marie
Andde Sainte-Marie
Conseiller Régional, Paysan à Lantabat, militant abertzale socialiste, ancien porte-parole d'Abertzaleen Batasuna.
D'autres articles

AnddeSMEuskaldunek, Katalandarrek edo Eskoziatarrek bezala, geure Estatua aldarrikatzen dugu. Gaur mundu gehienean den Estatu-nazio eredu horren gisakoa ote? Andde Sainte-Mariek Ephraim Nimni, Belfasteko unibertsitateko politologo ezagunaren ikuspegia aztertzen dauku artikulu zorrotz hontan.

Berrikitan parada ukan dut Ephraim Nimni adituaren elkarrizketa bat irakurtzeko astekari batean. Irakasle horrek Belfasteko unibertsitatean lan egiten du eta ezaguna da etnia eta nazioen artean diren gatazketaz burutu lanengatik. Ikerbasque fundazioarekin ere hainbat ikerlan eramaiten ditu eta EHUn ere kurtsoak segurtatzen ditu.

Judutarra bada ere, Nimnik salatzen du orohar Israeleko estatua. Alabainan, bere nazioaren arazo horrek du eraman Nimi bere ikerketa sailerat. Bere ustez, Estatu nazioek berezko izaera zapaltzailea dute eta ondorioz beren lurraldeko “guttiengoak” ez dituzte errespetatzen.

Instituzio gisa, Estatu nazioak dira Estaturik ez duten nazio guziek sufritzen duten zapalketaren hobendun bakarrak. Paradoxala bada ere, zapalketa hortaz libratzeko, Estatu bezala antolatuak ez diren nazio horiek, beste erremediorik ez dute aurkitu… Estatu nazio bilakatzea baino!

Nazio guttik dute beren Estatua

Haatik Ephraim Nimni segituan gehitzen du bere ikerketan, nazio “guttitu” horiek Estatu bat lortu orduko, beraiek sufritu izan dutena iraunaraztea edo mekanismo berdintsuekin jarraitzea ekar lezakeela. Albainan, Estaturik ez duen nazio batek, Estatu bat lortzean, bere barneko guttiengoen ez errespetatzeko aukera ainitz dauzka. Tesia hori du bederen defenditzen Nimni adituak. Bere ikuspegiz Estatu nazioa, nazio bakarrean oinarritzen den ereduaz hitz egiten du, bainan dio ere ainitzetan lurralde jakin eta definitu batean, nazio edo talde etniko bat baino gehiago izaiten ahal direla. Gertatzen da ere gehienetan guttiengo horiek guziak ez direla kolektiboki ordezkatuak izaiten.

Ephraim Nimnik azpimarratzen du munduan 3.000 nazio inguru badaudela eta 7.000 etnia baino gehiago. Guzira, 193 Estatu daude ofizialak Nazio Batuen Erakundean, ordezkaritza batekin. Horrek erakusten du oso nazio guttik dutela Estatu bat.

Estatu nazioaren ideia edo konzeptua Nimniren arabera Frantziako iraultzatik dator nagusiki, 1789tik guttiengoen asimilazio prozesu bat izan zen Frantziako Estatu guzian, nazio bakarra halabeharrez osatuz eta frantses lurraldea uste zutena nazio uniforme baten barnean bilduz. Parekotasun zerbait ere kausitzen dio Nimi ikerleak Israeleko Estatuarekin : lurralde batean finkatu eta Estatu nazioa eraikitzeko asmoz, juduen nazioa eta identitatea garatzeko sekulako basakeriak egin zituzten eta funtsean egiten ere dituzte oraindik.

Subiranotasun nazionalaren doktrinak, nazioa jartzen du doktrina horren oinarri bakar gisa. Nimiren arabera, ideologia hori, teoria liberaletik dator. Ideologia liberal horren arabera, nazioaren subiranotasuna eta herri demokrazia halabeharrez lotzen dira eta dio oso arriskutsua dela, uniformetasuna eta berdintasuna nahasten dituelako. Demokrazia liberalak nagusia den nazioaren asimilaziorat eramaiten ditu guttiengo guziak. Estatu nazioak ez du gaitasunik erakusten bere barnean biltzen diren komunitate kulturalen ordezkaritza politikoa segurtatzeko.

Zapalkuntzari kasu egin behar

Ondorioz defizit edo eskas demokratikoa agertzen da. Adibide gisa Ephraim Nimnik Katalunia aipatzen du. Bere ustez Espainiaren aitortza ezak ekarri du katalandar nazionalismoaren gorakada. Madrileko gobernuak jarrera idekiagoa izan balu bere lurraldearen barnean diren nazioak errespetatuz, Estatua sortzeko nahiak behera egingo luke Nimniren ustez. Dio ere Madril hortaz ohartzen ez bada aski goiz, Estatua bera galduko lukeela.

Eskoziaren kasua ezberdina da bere ustez. David Cameronen gobernuak ofizialki ezagutu egiten ditu eskoziarrak, ondorioz aitortza horrek independentziarako nahiak baretzen omen ditu. Kontsultarako ezezkoa eman balu, umiltze kolektibo bat bezala senditua izanen zen Eskozia guzian.

Elkarrizketaren bururatzean hainbat galdera egiten zaizkio Euskal Herriari begira eta, oro har, hauxe dio gure herriaz. Hemen ere norberaren identitatea garatzeko prozesuan, inguruan dauden guttiengoen zapalkuntzarekin kasu egin beharra. Zapalduak izaiteraen sendimendua badago Euskal Herrian ere, eta ondorioz Estatu bat eraikitzeko aldarrikapena. Aldarrikapen hori, Estatu nazio batean oinarritzen denez nagusiki, bereziki Hegoaldean, Ephraim Nimnik dio sentsibilizazio lan bat beharrezkoa dela “gure baitan diren beste batzuk” onartzeko, bestela arazoa “itzuli” eginen dela.

Euskal herrian Estatua eraikiko balitz, oso argi izan behar den elementua da hori. Euskaldunek onartu beharko lukete “besteen” Estatua ere izan beharko lukeela. Bestela, zapalduak izaiteari utzita, zapaltzaile bihurtzeko arriskuan ginateke.

Positiboki eta optimismo punta batekin bururatzen du solasaldia Nimnik, azpimarratuz Europar Batasunean sinesten duela, bainan ez gaur egungo moldean. Dio batasun kapitalista bat besterik ez dela. Komunitate autonomoz osatua litaiken erakunde politiko gisa ikus lezake Europako Batasuna. Bere ustez Europa, munduan diren kultura eta etnia guziak ordezkatzeko eta errespetatzeko molde unibertsala izan behar liteke.

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video