Askatu beharreko beste korapiloa

PrintFriendly and PDF
Eneko Bidegain
Eneko Bidegain
Enseignant en communications audio-visuelles à l'Université Mondragon. Ex-journaliste de Berria. Ecrivain.
D'autres articles

AskatuGabekoKorapiloa1
Ekainaren 15ean euskal iheslariek Miarritzen egin zuten ekitaldian euskal gatazkaren beste ondorio bat ezarri ziguten bistara. Beti aipatzen dira presoak eta biktimak; gehienetan ahanzten dira etxetik ihesi joan zirenak edo aspaldi deportatu zituztenak. Konponbidearen baitan, iheslarien egoerak ere aterabidea behar duela azpimarratu zuten. Agerraldi hark Espainiako gobernuaren kexua sortu du: « argitu gabeko auzietako » iheslariak atxilotzeko eskaera egin zuen Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak; « inpunitaterik » ez dela izanen gehitu zuen Carlos Urquijo Espainiako gobernuak EAEn duen ordezkariak.

Herriak egia jakiteko ekimenak
Ez dira argitu gabe gelditu diren auzi bakarrak. Hain zuzen, iheslariek berek ere eskatu dute egia, iheslarien kolektiboak hamarkadetan zehar jasan dituen erasoen harira (Batallon Vasco Español, Triple A, GAL…). Edozein gatazka politikoren konponbidean, herriak egia jakiteko ekimenak ohikoak dira. Argitu gabe gelditu diren hilketak argitu behar dira; eta alde horretatik, Frantziako eta Espainiako Estatuek hainbat krimenetan izan zuten papera ere argitu behar da.
Fernandez Diazek beste zerbait ere ez du ongi ulertu: nahasi ditu sasian bizi diren ETAko kideak eta Ipar Euskal Herrian agerian bizi diren dozenaka iheslariak. Miarritzen bildu ziren iheslariek berek ohartarazi zuten haietarik askoren kontrako atxilotze aginduen oinarrian daudela torturen pean egindako adierazpenak batetik, eta mugimendu politikoen legez kanporatzean bestetik. Horiez gain daude aspaldiko urteetatik errefuxiatu gisa bizi direnak (batzuk errefuxiatu estatutuarekin, gehienak eskubiderik gabe), beren kontrako auzibideak preskribituak dituztenak.

Borroka armatua utzi arte
alderdi politiko gehienek
ETAren kontra bat egin zuten bezala,
orain alderdi politiko gehienek
bat egin behar dute PPri
eta Espainiako Gobernuari
jarrera aldarazteko

Egoera politikoa normalizatzeko
Torturapean egindako adierazpenetan oinarrituak diren auzipetzeak baztertzeko eta talde politikoetako militante izateagatik irekitako auziak gelditzeko eskatu zuten. Egoera politikoaren normaltzearen baitan, eskaera logikoa da. ETAk borroka armatua behin betiko utzi zuela iragarri zuenetik ia bi urte beteko dira laster, eta Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dute neurririk hartu beren aldetik zuzengabekeria batzuk konpontzeko. Presoen arloan ez dute deus egin. Iheslarien eta deportatuen arloan, errazago izanen dute, borondatea baldin badute bederen.

Errefuxiatuak etxera itzultzen uztea, lehen urrats bat
Begi bistakoa da Espainiak gogor segitu nahi duela eta ez duela tutik eginen giroa lasaitzeari begira. Duela zenbait aste Bake Bideak presoei eskatu zien egindako mina aitor zezaten; Eusko Jaurlaritzak bake plana aurkeztu zuen eta 1960tik honako indarkeria politikoaren biktimen mapa bat egin zuen. Arnaldo Otegik berretsi du ezker abertzalearen bideak ez duela gibelera eginen eta aldebakarreko urratsak egiten segitu behar dutela. Baina ETAk borroka armatua utzi arte alderdi politiko gehienek ETAren kontra bat egin zuten bezala, orain alderdi politiko gehienek bat egin behar dute PPri eta Espainiako Gobernuari jarrera aldarazteko. Eta lehen urrats bat izan daiteke errefuxiatuak etxera itzultzen uztea.