Bizi guzi militante

PrintFriendly and PDF
1972ko udazkenean, Mattin Larzabal gose greban, Beñat Oiharzabal eta Eñaut Haritschelhar-ekin, Baionako Katedralan,  frantses gobernuak, errefuxiatu politikoen kanporatzearen kontra.

1972ko udazkenean, Mattin Larzabal gose greban, Jakes Etcheverry eta Eñaut Haritschelhar-ekin, Baionako Katedralan, frantses gobernuak, errefuxiatu politikoen kanporatzearen kontra.

Ez naiz oroit nola ezagutu nuen Mattin: garai haietan hain abertzale eta euskaltzale guti ginen non denek elgar ezagutzen baigenuen. Denetan beti berak ginen. Gaur, zenbaitek ez dakite nondik heldu giren!

Bainan oroit naiz Uharten nintzelarik, Mende Berri-k muntatu bi ikastalditarat deitu ninduela, irakasle bezala: bat Baionan, geroago hubiletik ezagutu behar ginuen Passemillon karrikan, bestea Behaxkanen antolatu barnetegi batetan.

Aitortu behar dut euskara baldin banekien, ez neukala mintzaira baten irakasteko « pedagogiaz » ideia handirik, geroxago sortuko genuen irrati batetan artzeko, kasetaritzaz baino gehiago. Garai haietan « sur le tas » formatuak ginen, bainan zerbait egiten genuen.

1981an agorrileko 12an izan zuen Mende Berri- k, beste hamabost bat elkartek bezala; euskarazko irrati baten sortzeaz gogoetatzeko gomita. Hamazazpi bildu ginen Bourgneuf karrikako 15an. Mattin hor zen Maddi bere andrearekin : Gure Irratiaren sortzaileetarik dira. Ez uste izan Mattinen bozkario berarekin hartu zutela denek proiektuaren berria : hona ondoko astean Enbata-ren ironiazko titulua “Une radio à 150% basque!”.

Luzien izan zen lehen irratilaria, laguntzale zenbaitek inguratua, eta horietan Mattin. Gero elgarrekin ari izan gara hiruak hamabost bat urtez, musutruk lehenik eta gero langile bezala, SMIGean pagatuak. Erran behar dut diruzain bat bagenuela urrezkoa, Txomin Hegi, dirurik ez, eta hilabete guziez ateratzen baitzuen nonbaitik behar zena. Euskal mundua hasia zen zabaltzen… eta zatikatzen. Gure Irratia ez zen denen gustukoa. Entzule guti omen genuen eta hona non SIADECOk 1990an egin lehen ikerketan 35.200 entzule eman zion Hazparne aldean « irrati ttipia » deitzen zutenari. 24.600 RFPBri. « Zaharren Irratia » ote ginen zenbaitek zioten bezala? Sud Ouest-ek 1991an, terminaletako 1500 gazte galdestatu zituen. %13 entzulerekin lehen atera ginen, Radio France Pays Basquek %10 zeukalarik. Goxatu ginela, ez bagenuen txanpañarik edan ere! Ez genuen dirurik horretarako! EKE-k zioen “profesionalisatu” behar genuela. Giza gaizoak gu, hoinbeste entzule biltzeko gure ahal ttipiekin!

Mattin, apezgai izana zen; Baionako besteak bezala Akizeko seminarioan ikasia zuen filosofia. Bide hori utzi zuelarik ez zuen fedea ere utzi beste zenbaitek bezala, Beti bere sinesteari atxikia egon da eta Santandreko elizan igande oroz emaiten den euskarazko mezari jarraikia zitzaion. Ez bakarrik “kliente” bezala, bainan animatzale bezala. Ez da uste gabetarik eliza hortan emana izan bere ehorzketa meza, zinez berea zeukan elizan.

Hitz batez, bizia bestentzat eman duen militanteetarik izan da, seminarioan sartzea hautatu zuenetik: eta Mende Berri, ikastaldiak, Lauburu, Gure Irratia, Santandreko giristinoak eta bestetan gaindi.

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video