Bururik gabeko txapela

PrintFriendly and PDF

Iban Rusiñol

« Todas las banderas son trapos de kolores » (Evaristo)

Zergatik abertzaletasunariburuz pentsatzea eta idaztea galdetu izan zaidan ez dakit. Azken finean politikak interes gutxi dauka neretzat, beste gai zearo lilulagarriagoak aurkitzen bait ditut bizitzan ; psikologia eta giza jokabide eta harremanak bezala, adibidez. Musikaria naizelako, ala kultur eragile gisa, edota punkia naizelako ? Punki bati bere eritzia galdetzen bazaio, normalena, logikoena, erantzun probokatibo bat jasotzea da, hori bait da gure lana: probokazioa. Eta zertarako balio du probokazioak ? « Politika zuzenezko » pentsakerak sortzen duen masturbazio intelektuala saiesten laguntzeko. Eskerrak, munduan Marylin Manson, Madonna edo Evaristo bezalako artistak daudela gure itxurakeriaz konturatu ahal izateko. Beraz ondoko testuak ez dauka inungo baliorik : probokazio utsa baino ez da.

Abertzaletasunez hitzegitea, « gure » kasuan, eta baita edozein herriren kasuan ere, teilatuaz hitzegitea bezala dirudi. Abertzaletasuna esistitzen bada, suposatzen da aberria esistitzen dela. Baina, paretak ba al ditu gure etxeak ? Nun daude pareta hoiek eta nun EZ daude ? Eta azken finean, teilatu baten beharra al du gure etxe horrek ?

Aberri, edo herri, edo talde nortasun batek subiranotasun osoz bizi denean, nolabaiteko sentimendu fanatizatzaile bat bezala ikusten dugu abertzaletasun hori ; behintzat, gainean ditugun herriekiko, hori pentsatzen ohi « dugu ». Abertzaleak izateko legitimitate hori sentitzen badugu, esan nahi du, aberri, edo herri, edo talde nortasun hori ez dugula oraindik era aske batez bizitzen, eta beraz, oraindik zearo esistitzen ez den zerbaiten alde borrokatzen ari garela. Ez al dugu ahazten zerbait ? Zer defendatzen edo babesten ari gara ?

Gizakiak nortasun baten beharra duela ez dakit uka daitekeen. Nortasun hori, nazionala, erlijiotsua, kulturala, ala zearo nortasun-ainitzekoa izan daiteke, noski. Gauza askok definitzen dute pertsona baten nortasuna, baita askotan ere, talde baten osatzeak. Ziurtasunez aipa daiteke gizakiok talde baten kidetzaren beharra dugula, baita talde baten ez-kidetzaren nolabaiteko talde batetan sentitzea. Azken finean animali sozialak gara, besterik ez, eta oso erreakzio animal gisakoa da hori. Ez dakit horren kontra jotzen ahal den, ekzepzio arraroren bat kenduta (ekzepzio hoiek nortasun bilaketa edo ukatu izanaren ondorio bat bezala pentsa daitezke ere).

Elkarrekin euskaldunak eta kristauak sentitzea nolabaiteko berotasun bat sentiarazten zuen garai batetan. Hori zen abertzale ororen nortasuna : erlijioaren inguruan elkartzea eta mendeetatik datozkigun legeen goraipatzea. Nolabait, « geuk », ez dakit nor den « gu » hori, martxan ezarritako legedi zahar eta anakroniko bat goraipatzea. Hortaz, nolabaiteko espezifizitate erlijiotsua justifikatu behar bagenu, herri bezala definitzeko geure burua, historikoki logikoagoa litzateke protestante bezala agertzea, ez eta katolikoak bezala ; azken finean « etsaiaren » erlijioa adoptatu bait « dugu ». Berez, bistan da nortasun definizio hori oso baztertzailea zela.

Beste nortasun modelo batzu proposatuak izan dira geroztik. Lurraldetasun modeloa adibidez. Bertan jaio eta bertakoak gara. Bikain. Horrek ez dakit gauzak gehiago konpontzen ala zearo konplikatzen ez ote dituen, sekulako injustiziak sortuz. Nun da « bertan » eta nun ez da ?Lurraldetasunarekin gauzak zabaltzen ahal dira noski : « noizbait zure familiko norbait bertan jaioa bada, orduan zu ere gutarikoa izan zaitezke ». Mila esker. Bertan bizi izana ere izan daiteke lurraldetasunaren kriterioa. Baina zenbat denboraz ? Zenbat da asko eta zenbat gutxi ? Zenbat da aski ? Horra beraz beste kriterio baztertzaile bat. Ez dakit lagun eta euskalzale asko lortuko ditugun horrela.

Baina, omen, zorte handia daukagu « herri » gisa : « gu » definitzeko daukagun termino erabilena, hizkuntzari lotuta bait dago, nolabaiteko kultural nortasun bati lotuta : « Euskaldunak » garela aipatzen dugu beti. « Euskara duena » esan nahi omen du « euskaldun » hitzak.

Hortaz, zerk egiten gaitu, nik « gaitu » hitz hori erabiltzera bultzatzen nauena ? Eta zein dira geure lehentasunak ? Orain arte beti uste izan dut, gizaki ororen lehentasuna, zoriontsu bizitzea zela. Eta zoriontasun hori mantentzeko zenbaitzu elementu behar ditugula. Norberaren nortasuna (sexuala, linguistikoa, kulturala…) askatasunez bizitzea zoriontasun horren faktore garrantsitsu bat da dudarik gabe ; beste askoren artean.

Gobernu instituzio berriak sortu, aberri bat defendatu eta herri bat eraikitzeaz arduratu gara luzez, jakin gabe zer jarriko dugun horren barruan. Ez al ditugu iada aski gobernu, aberri, instituzio, potere eta erlijio ? Beste bat sortu behar oraindik ? Nortasuna iada esistitzen bada, gainontzekoak, hurbileko instituzioak eta potere adaptatuak, naturalki eraikiko dira : beharraren beharrez, herriak eta erabiltzaileek sorturik.

Has gaitezen nortasun bat eraikitzen, katalunian betidanik egin den bezala, adibidez. Nortasun ireki eta ez-baztertzaile bat. Noski, katalanez hitzegiten ez duenak baztertuta sentitzen da Katalunian. Alajaina, oso simplea da konponbidea: katalana ikasi. Hizkuntza berri bat ikasteak ez du norberaren nortasunaren beste zati bat ukatzen edo galerazten.

Hizkuntzak herri gisa definitzen bagaitu, har dezagun eskutartean daukaguna eta landu dezagun gure nortasuna hizkuntza eta kulturaren bidez. Horrek daukan abantail haundiena, ez-baztertzaile, konplementarioa eta bateratzailea izatea da. Inork ez nau eragozten euskaldun eta frankofonoa izatea. Bai ordea, definizioz, katolikoa eta protestante edo judutarra izatea. Bai ordea ere, bi edo hiru herritan sortua izatea. Ezin da. Aviron Bayonnais-koa banaiz ezin naiz Biarritz Olimpikekoa izan partidu berdinean. Ezin Erreal eta Osasunekoa izan. Española eta aldi berean euskalherritarra naizela aipatuko banu, nolabaiteko suizidio sozial bat izango litzateke neretzat.

Baina hizkuntzarekiko nortasun modelo honek badu arazo larri bat : Gu geuk. Ez da soilik ez dugula erabiltzen (betiko leloa), baina baita duela hamarnaka urte ari garela oso idei kaltetsu bat zabaltzen : « euskera ikastea zaila da ». « Meme » edo ideia hori nola eta zergatik jaio den ez dakit ; baina ziur nago nolabaiteko errua badaukagula. Gu geu ari gara beti aipatzen « gurasoak euskaldunak ez badira, zailtasunak ukango ditu ume horrek euskera ondo ikasteko eskolan ». « Meme » edo idei bizi hori bertan gelditzean datza gure lana orain. Azken finean hizkuntza berri bat ikastea beti izan da zaila… edo ez hain beste.

Euskarak, euskal kulturak, gure nortasunak, euskaldun gizabanakoak behar ditu bizi ahal izateko ; ez ordea hainbeste, aberri baten beharrik. Burmuin berriez elikatu behar da, eta burmuin berri hoiek nola edo ala erakarri behar ditu euskal munduak. Momentuz, esfera honek ez du beharko lukeen erakargarritasunik, eta tamala da, hizkuntza baten barruan jende ororentzako leku sobera bait dago ; infinitoa. Goxoa bait da nortasun bat lagunartean partekatzea, eta are gehiago, etsai artean : hori bait da nortasun baten esistentzia eta osasun onaren keinu argiena.

« Un patriota,
un … »
(Evaristo)

2 Commentaires

  1. ximun
    Publié le 28/04/2013 à 19:59 | Permalien

    aupa hi,
    lehen lehenik milesker ahoan bilorik gabe, asumituz mintzatzea,
    azkenian badirudi garaia etortzen ari dela!
    agian gure nortasunean ta .. aintzinatzen lagunduko gaitu.
    aldiz, enegan ‘probokatu’ dukana, interesa duk;
    beraz, hire iritzia zehaztea galdegiten deiat, bederen galdera horientzat (gehiagoren inguruan ere beti arras ongi etorriak):
    etxe horren paretak (euskararekiko) nola ikusten dituk, gaur egun?
    eta hire ustez nola heldu gaituk egoera huntara? (bederen ardatz « nagusiak »)
    azkenik, nola egin « esfera honek » erakar dezan?

    ausardiaz beteriko ikuspegi zorrotz baten erantzuna ukanen dudalakoan..
    izan untsa!

  2. iban
    Publié le 29/04/2013 à 17:49 | Permalien

    Gauza hauetaz hitzegitea soilik edanda nagoenean lortzen dut, eta gaur astelehena da, beraz pixkat zaila erantzutea.
    Ez dakit nere lana ote den ere arazoei erantzunak ekartzea. Gauzen inguruan galderak egitea nahiago dut. Erantzunen erantzukizuna besteengan uztea nahiago dut ; adituengan.
    Hortaz nere ikusputuariburuzko erantzunak baino ezin ditut eman, eta baliteke ezjakintasunarengatik ikuspuntu hori deformatua izatea:

    > etxe horren paretak (euskararekiko) nola ikusten dituk, gaur egun?

    Pareta hoiek nahiko zahartuak ikusten ditudan arren, nolabait berriztatze lanak hasi direla ematen du. Baina batez ere gure artean ikusten da hori : Euskararen ikastea esfera baten barruan egotearekin zerikusi haundiegia dauka oraindik.
    Eginkizun militantea izaten segitzen duen bitartean, normalizazioa guztiz lortu ez dugula esan nahi du. Euskaldun berri gutxi ezagutzen ditut gure esferatik kanpo ikastea lortu dutenak, gure esferatik kanpo euskaraz bizi ahal izateko (noski, nire esferatik kanpo badaude, nola demontre ezagutuko ditut ? jejeje). Militantziaren motibazioak ez daude inoiz urrun, eta hori ez da oso egokia guretzat, nahiz eta kontrakoa iruditu, itxuraz.
    Euskara gure kausarako gorde nahi dugula ematen du. « Gutarikoa zara ala ez dizugu gure euskara prestatzen » esaten dugula ematen du. Komeniko litzaiguke « euskara » hori « denena » izatea eta ez « gurea ».

    > eta hire ustez nola heldu gaituk egoera huntara? (bederen ardatz « nagusiak »)

    Ia ziur, edo intuizioz, biktimaren rola soilik jokatzen jakitearekin zerikusia badaukala. Dominazio erlazio bat mantendu ahal izateko garrantsitsua da bakoitzak bere rola ondo jokatzea. Dominatzaileak ezin du dominatu, biktimak biktimaren errola jokatzen ez badu. Binakako erlazioa da. Denfendatzea da biktimaren taktika. Aldiz, indarkeria zein aldetik datorren agerian uztea da garaile baten taktika.
    Bestalde, beti defentsiban egoteak asko nekatzen gaitu gu eta baita gure ingurua. Energia gehiegi jartzen dugu defentsan, aurrera jotzean baino.
    Ia euskal literatura osoak EH-ren arazoei buruz hitzegiten du, elaberriak, nahiz entseguak ; zuzenki ala zearka. Musika eta zinemarekin berdin.
    Guardia zibila gure kontu guztietara gonbidatzen dugu, beti. Egunen batez bibotedun guardia zibil hurak alde egingo du eta gu bertan mantenduko dugu nola edo ala, behar beharrezko mamu baten antzera. Etsaiaren beharra dugu: kulturala bihurtu da.
    Eskerrak, pixkanaka, bai euskal literatura, musika eta baita zinema ere guardia zibil edo gendarme horretaz libratzen ari dela pixkanaka, « 80 egunean » bezalako filmekin adibidez. Hauda, euskaraz egindako lanak, baina euskara eta euskal « kausa »-riburuz hitzegiten ez dutenak.
    Monomaniakoak ematen dugu batzutan, eta horrek ezagutzen ditugun klitxé hoietan giltzapetzen gaitu : piperra ala « kagula » (aurpegi-estalkia), zein aukeratzen dugu ?
    Eraman izan diren borroka metodoak ere (zenbaitzu salbuespen kenduta) egoera politikoarekiko hamar urteko atzerapenarekin ailegatu dira beti; gehio ez baldin bada. Horrek ere barregarri uzten gaitu gauza nobleak defendatu nahi ditugunean. Gure kultura « asanblearioaren » erruz izango ote da hori ?
    Metodologiaren transmisioari garrantzia gehiago ematen al diogu, metodologiaren ikerkuntzari baino ? Azken finean, ezkerrekoak nahiz eskuinekoak, kontserbadoreak gara euskaldunak, tamalez.

    > azkenik, nola egin « esfera honek » erakar dezan?

    « Euskal » hitza « borroka » edo « gasna » hitzei zearo lotuta dago. Gu txip-a guztiz aldatzen ari garela iruditzen zait. Guregan lan haundia egin dugu. Baina hitz asoziazioak ezabatzeak denbora asko hartzen du. « Itxiak » garela zenbat aldiz entzun dugu ? Eta zenbat ahalegin egin ditugu afirmazio hoiek gezurtatzeko ? Zenbat aldiz enerbatu gara hori entzuterakoan ?
    (Hala ta gustiz ere, hainbesterako ahalegin ez ditugu egin, « txibato » edo « indic »-aren irudia oraindik zearo bizirik mantentzen bait dugu gustora, baita mesfidantza klima taberna guztietan ezetasun perpetualan mantentzea maite ere, serioski ala bromatan esanda)
    Hortaz, lan izugarria falta zaigu orain hitz asoziazio hoiek aldatzeko. Ez dira zergatik zeudenak ezabatu behar (edo bai?), baina beste milaka sortu behar ditugu, batez ere aldenketa eta gauza negatiboekin zerikusia ez dutenez osaturik. Adibidez: « euskara » = « ligatzeko errexago », « euskara » = « lana lortzeko irizpide garrantsitsu bat », « euskara » = « sexy eta in ! », « euskara » = « humoretsu eta jaitsua »… baina ez bakarrik… azkeneko hau gehiegi erabilia izan da: euskara=jaia… baina « euskara » = « modernotasuna » asko faltan dugu !
    Lan hau aspalditik hasi da ezagunak ditugun kanpainen bitartez, jendea erakartzeko; baina ez dugu oraindik gustiz gureganatu. Kanpaina bat baino gehio behar da, eta gure jokamoldean datza aldaketa: A eta B faktoreak badaude eta A ezin bada aldatu, alda dezagun B; emaitza berdina izango da !
    (B gu gara)