« Ipar Euskal Herriak instituziorik ez izatea traba handia da »

PrintFriendly and PDF

Sébastien CASTET, Euskal Konfederazioko kidea

Azken hamarkadetan Deiadar izenpean antolatu diren mobilizazioak testuinguru zehatz batean kokatu dira beti, egoera blokatu baten gainditzeko asmoarekin edo/eta erronka garrantzitsu bati erantzun egokia emana izan dadin galdegiteko.

2009koa eta 2012koa bezala, aurtengoa ere beste lurraldeekin koordinaturik antolatuko da bainan berritasun batekin, lehen aldiz hizkuntzaren problematikari lurraldetasunarena gehitzen baitzaio. Izan ere, lurralde batetik bestera egoera desberdinak izan arren, traba berdinak ditugu bi arlo horietan: lurralde hizkuntzei dagokienez lege koadro orokor egokirik ez eta lurraldetasunari dagokionez lurralde hizkuntza horiek historikoki mintzatuak diren perimetroak instituzionalki ez errekonozituak, edo partzialki bakarrik. Urriaren 24an beraz “Estatutu bat gure hizkuntzentzat, estatutu bat gure Herrientzat” lema bikoitzaren pean Bretainian, Okzitanian, Alsazian, Korsikan… ere desfilatuko dute, bi aldarrikapen horiek tokian tokiko errealitateei egokituko direlarik.

Deiadar

Ipar Euskal Herrian, Lurralde Kontratuaren negoziaketaren baitan, azken asteotan ikusi ahal izan dugu Hautetsien Kontseiluak huts egin duela landu zuen euskararen aldeko Ituna Lurralde Kontratuko partaide diren Estatua, Eskualdea eta Departamenduarekin negoziatzerakoan, alta euskara Kontratuaren elementu nagusitzat jotzen zelarik hastapenetik eta Kontratua “berezi” egiten zuena euskara zela azpimarratzen zelarik.

Dudarik ez da Hautetsien Kontseiluak ahaleginak eta bi egin dituela bere Itunaren edukia kontuan hartua izan zedin, eta berezikiago Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontua bikoiztua izateko gisan. Bainan zer pisu du elkarte moduan antolatua den ipar Euskal Herriak Estatua, Akitania eta Departamendua bezalako instituzioen aitzinean? Eta zer pisu ukanen du, adibidez, eskualdeen berrantolaketa dela eta Akitania/Poitou-Charentes/Limousin erregio erraldoiaren aitzinean?

Ipar Euskal Herrian, bereziki herri mugimenduak egin lanari esker, gaur egun euskara gai inportante gisa hartua bada ere, Itunaren inguruko porrotak argi erakutsi digu gorago aipatu instituzioentzat ez dela hala.

Bainan EEPren aurrekontuaren doblatzearen inguruko blokatzea zoritxarrez arloz arlo ere errepikatzen da, eta ez diru mailan bakarrik: euskararen eta euskarazko irakaskuntza arloan (erakasle postu eskasak, zailtasunak gela elebidun gehiago idekitzeko eskaera izan arren, …), formakuntza profesionala arloan (finantzamenduak desblokatzeko arazoak…) eta abarretan.

Hor ere, ipar Euskal Herriak instituziorik ez izatea traba handia da Hezkunde Ministeritza bezalako “maxina handiekin” negoziatzerakoan adibidez…

Egoera horri buru egiteko eta euskararen aldeko hizkuntza politikan urrats kuantitatibo eta kualitatiboa emateko asmoz, 2011-2012an, gobernantzari buruzko gogoetaren ondoko konklusioan, Hautetsien Kontseiluak proposatzen zuen “Estatuarekin negoziatzea, ipar Euskal Herria lurralde hizkuntzaren normalizaziorako esperimentazio lurraldea izatea, euskarari ko-ofizialitate estatutua emanez, jendartean garatu ahal izateko”.

EEP ziklo baten bukaerara ailegatua zela ikusten zuen euskalgintzatik begi onez ikusi zen proposamen hori. Bainan “Estatuarekiko negoziaketa” hori nola ongi bideratu instituziorik gabe?

Gutieneko pisua eta erabakitze ahalmena duen ipar Euskal Herri mailako instituzioa beharrezkoa da horrelako hizkuntza politika eraginkor berria ipar Euskal Herritik bertatik diseinatu, garatu eta kudeatzeko.

Ulertu dukezuen bezala, urriaren 24ko Deiadar mobilizazioa ez da “beste manifa bat gehiago” izanen eta indartsu agertu behar dugu Euskal Herri Elkargoaren alde eta beraz euskararen etorkizun hobe baten alde…