Mattin “zurkaitza” gogoan

PrintFriendly and PDF
Mattin Larzabal-ek geroan euskaltzain eta unibertsitario bilakatuko den Jon Casenave-ekin «Azkenian dilindan», eleberria idazten du. 1978an argitaratua, garai hartan goiti zoan literatur belaunaldia (Koldo Izagirre, Ibon Sarasola, Joxe Auxtin Arrieta, etab.) argitaratzen zuen Ustela argitaletxean.

Mattin Larzabal-ek geroan euskaltzain eta unibertsitario bilakatuko den Jon Casenave-ekin «Azkenian dilindan», eleberria idazten du. 1978an argitaratua, garai hartan goiti zoan literatur belaunaldia (Koldo Izagirre, Ibon Sarasola, Joxe Auxtin Arrieta, etab.) argitaratzen zuen Ustela argitaletxean.

Jon Casenave

Mattinen ohoretan, joan den asteazkenean Euskal irratietan izan den emankizun batean, Luzien Etxezaharretak erran du Mattin « zutabe » bat bezala ikusten zuela, erreferentzia eginez Euskal irratien sortzearen inguruko garai zailari. “Zutabe” hitz horrek beste bat erakarri dit burura. Mattin, “zutabearen aintzineko garaian” ezagutu nuen. Garai hartan enetzat izan dena hitz batez biltzekotan, “zurkaitz” hitza erabil nezake. Landare gaztearen laguntzeko eta bideratzeko egina da zurkaitza eta hori izan da Mattin enetzat eta, dudarik gabe, ni bezalako ikasle gazte askorentzat.

Hamasei urtetan ezagutu nuen Mattin baita ere, urte berean edo poxi bat berantago, Gabi, Ellande, Xan, Amaia, Peio, Ladix eta beste gazte anitz. Baionako Marrak lizeoan, ene adineko euskal ikasle gazteentzat funtsezkoa izan den Club Pays basque elkartea sortu zuten eta euskal kantariak (Andde Duhalde, Benito Lertxundi, etb) ekarrarazi zituzten, filmak erakutsi zizkiguten, liburuak eta diskak proposatu, mintzaldi- eztabaidak antolatu. Haieri esker, “mundu berri” bat ideki zen gure aitzinean. Euskal kultura ezagutarazi eta maita arazi ziguten. Lagunen arteko giro guziz onean iragaiten ziren emanaldi horiek eta, garai berean, asteazken aratsaldetan Mende berri elkartearen egoitzan hasi ginen ibiltzen.

Ondoko urteetan, Mattin hobeki ezagutu nuen, ikastaldi batzuen bidez baita ere elkarrekin egin genituen idazlan batzuei esker. Idazteko xedea nuela aipatu nion bainan garbi zen ez nuela hizkuntza idatzia aski ezagutzen. Euskara behar bezala ikasi behar nuela erran zidan eta lagunduko ninduela hitz eman zidan. Ordutik hara, Mende berri elkarteak antolatzen zituen ikastaldien segitzen hasi nintzen, beste gazte frangoren gisan. Mattin ukan nuen irakasle bezala eta, urte haietan, eredu bat izan da enetzat hizkuntzaren lantzeko bide luzean. Haren mintzatzeko moldea maite nuen, etxean aditu nuen hizkuntzatik hurbil senditzen nuelako. Euskara ikasten eta hobetzen lagundu ninduen azkarki. Klasetik kanpo, gramatika eta hiztegia lantzeko programak egiten zizkidan eta literaturaren aldetik zer irakurri behar zen aipatzen zidan. 70-eko hamarkadan, egiazko zurkaitz lana egin du gazteen alde, molde guziz umilean eta beti umore onean, euskararen hedatzeko eta sustatzeko xedearekin, besterik gabe.

Ondoko urtean, urrats bat gehiago egin zuen ene alde. Zenbait idazlan landu genituen elkarrekin eta obra literario batzuei buruz hasi ginen irakurketa fitxak egiten. Lan hortan ari ginen batez, ipuin baten ideia proposatu nion eta berehala lehen orrialdeak idatzi genituen. Lanean aritzeko molde guziz berezia hautatu genuen : ahozkoan kapitulu bat kondatzen genuen elkarri eta, aitzinatu arau, idatzira pasatzen genuen bien artean. Ipuina Azkenean dilindan deitu genuen. Ipuinaren giroa biziki beltza zen, oso gaizki bukatzen den kondaketa horietarik bat, soka baten puntan izenburuak pentsatzera ematen duen bezala. Ez dakit gehiago zergatik hautatu genuen holako amaiera beltza. Bizkitartean, gure lana giro zinez goxoan eta alegeran egin genuen. Hiru hilabetez, astean bietan bildu ginen eta, aldi oroz, bizpahiru oren iragaiten genituen idazten. Lan hori guziz gostukoa genuen: hitzak hautatzen, zati baten erritmoa lantzen, xehetasun psikologikoak bilatzen pertsonaien borobiltzeko gisa. Sakatrapu (Ph. Ducassou) marrazkilariak estalgi oniriko bat egin zigun eta esku-izkribua Koldo Izagirreri hel arazi ginion eta, ustegabetarik, harek argitaratu zuen Hor dago argitaletxean. Ariketa horri esker, ene euskara hobetu nuen eta Mattin kontent zen gazte bat gehiago erakarri zuelako euskal eremura eta euskararen harrobira. Hola bete zuen bere “zurkaitz” lana enekin eta, hain segur, beste gazte frangorekin gisa bereko lana egin zuen.

Geroztik, artetan elkar ikusi dugu eta beti atsegin handiz. Gogotik segitzen zuen ene lanean egiten nuena eta nik berdin harentzat. Biziki goxo zen harekin bi solas egitea. Kazetalariaren plegutik haratago, gai asko lantzen eta barnatzen zituen eta, bere baitan erabiltzen zituen galderak gogotik aipatzen eta eztabaidatzen zituen lagunekin.

Mattinek ez zuen bere buruaz gauza handirik kondatzen bainan bazuen besteen entzuteko gaitasuna eta ikasi zituenak partekatzea maite zuen. Hala zen duela berrogei bat urte eta hala izan da bere bizi guzian, solaskide goxoa, erakargarria, bere hartarik gogotik ematen zuen lagun guziz preziagarria.

Mattin Larzabal gogoan  (Jean-Baptiste Dirrassar)

Nola erran zonbat inarrosi nuen ekainaren 2-an bat-batean jakin dutan berri txar horrek?  Mattin Larzabal pausatu delako berri ezinago latza.

Entzun ditut Gure Irratian handik eta hemendik eskainiak izan zaizkion lekukotasun hunkigarriak. Nik ere zonbait lerro nahi ditut beraz idatzi agurtuz ahal bezain kartsuki euskalgintzaren alorretan eragin handi-handia zaukan langile paregabea. Entzun dut zer zion Lucien Etchezaharreta bere betiko adixkideak. Mattin ginuela gure kulturaren eta gure nortasunaren aldeko zutabe guziz baliosa. Zutabe hitz hori biziki gustatu zait eta arrunt egokia kausitu dut. Nik ere nahi dut ene gain hartu.

Mattin ezagutu dut duela berrogoi bat urte Gure Irratian plantatu zenean lan eta lan berriketari saila gero eta ederkiago menperatzen zuela. Frangotan elgarrekin kausitu gira gertakari beren lekuko.

Ezagutu dut oraino hobeki Herria astekariaren laguntzaile suhar jarri zenean. Berari entzunik astekari hortako giroa arras bere gustukoa zuela. Nola ez funtsean ezen Herriak beti lehentasuna eman dio alde batetik euskal nortasunari, ez dena espantu, euskaldunak besteak baino gehiago bagine bezala, bainan nortasun hori altxor arraroa izanki-eta beti begiratu eta zaindu behar dena.Hori alde batetik beraz eta bestetik lehentasuna ere jendetasun sano bati, girixtino erro azkar batzueri lotua dagoen jendetasunari. Mattinen gustuko giroa nahitez. Dela mundu zabaleko berrieri begia atxikiz, dela bestalde berdin, Mattin izan da Herriarentzat berriketari erne eta argia.

Hedadura zabaleko gizona, bere ikusmoldeeri axikia segur bainan besteenetaz axola handia bazuena. Izpiritua deneri idekia zaukan ikerlea, bere lana beti funtsez akulatzen zuena. Behin hazpandar multxo bat ari ginen solasean eta Mattin mintzo zen Gure Irratian. Eta norbaitek hauxe erran zuen: « to, hori Mattin Larzabal! Loriatzen niz entzuten dutalarik. Beti xuxen mintzo da eta goxoki. Gainerat ezagun da Euskal-Herria errotik ezagutzen duela eta gainerat biziki maite duela…« 

Bai, holakoa ginuen Mattin!

 

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video