EAJri egin dio sorpassoa Unidos Podemosek

PrintFriendly and PDF
EMaitzak

Hainbat aditu emaitzei buruz (www.berria.eus/paperekoa/1946/004/001/2016-06-26/udazkena_ate_joka.htm) +

Gorka Bereziartua Mitxelena (Argia)

Azken hauteskunde kanpaina hitz batek markatu du: “sorpasso”. Inkestek esaten zuten Unidos Podemos gai izango zela PSOEren aurretik geratzeko eta behin Espainiako ezkerreko alderdi nagusi bihurturik, zerbait diferentea egiten hasteko. Ba oraingoz ez da izango: alderdi morea eta IU elkartu dituen koalizioak aurreko hauteskundeetako ordezkari kopurua errepikatu du, sortutako itxaropenetik urrun geratzen den emaitza.

Bipartidismoa ahula zen lekuetan da posible aldaketa

Diferentzia Euskal Autonomia Erkidegoak eta Kataluniak markatu dute, bi leku horietan bai lortu baitu koalizio berriak gailentzea. Badirudi lehenagotik Espainiako bipartidismoak indar gutxien zeukan lekuetan sustraitu dela hoberen indar politiko berriaren mezua. Kataluniarrek eta euskal herritarrek, espainiar gisa bozkatzen dutenean ere, desberdin bozkatzen dute.

Espainiako erregimena indartuta

Gainontzean, PPk Espainiako Estatuan izan duen gorakada da hauteskundeetako datu nabarmenena. Ciudadanosen galeraren kontura gizendu da Rajoyren alderdia eta emaitza honek are zailagoa egiten du jarduneko presidenteak Moncloan alternatibarik edukitzea. PSOEk ia garaipena bezala hartu du aurreko bozetan baino bost diputatu gutxiago lortu izana, historiako emaitza kaskarrena izan arren, Unidos Podemosen aurretik geratu delako.

Bosgarren espazioa indartsu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko botoen banaketari erreparatuta, agerian geratzen da “bosgarren espazio” deitu izan zaion horrek hartu duen indarra. Abertzale eta espainolisten arteko talkak baldintzatutako euskal politikaren garaiak ez dira pasa beharbada, baina 428.000 boto emaile baino gehiago lortu ditu Espainiako Estatua barrutik erreforma daitekeela dioen aukera batek.

EAEko hauteskundeetarako baliagarri?

Ekainaren 26ko emaitzak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara eramanez gero, inoiz ezagutu ez duen moduko egoera litzateke EAEko parlamentuan. Baina Asier Etxenikek Berrian idatzi duen moduan, herritarrek ondo desberdintzen dituzte erabaki eremuak eta boto erabilgarriak aurten izango ditugun beste hauteskundeetan ere izango du eraginik. Kontuz beraz oraingo zenbakiak etorkizunean proiektatzearekin.

Ba al dago independentismorako aukerarik?

Ekainaren 26ko gauean #EHxit traola erabiltzen hasi ziren zenbait pertsona Twitterren. Unidos Podemos babestuz Espainia aldatzeko aukeretan sinetsi zuten pertsona askorentzat, PPren urdinez zikindutako emaitzen mapa errealitate gordinaren kontra jotzea izan da. Ba al dago modurik aldaketaren aldeko boto hori independentista bihurtzeko? Erantzuna, segur aski, independentismoak gauzak egiteko duen moduaren araberakoa izango da.

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video