« Ekainak 8 inflexio puntu bat izango da Euskal Herrian »

PrintFriendly and PDF
AngelOIarbide

Nazioen Munduko kidea da Angel Oiarbide (Idiazabal, 1974), ogibidez arkitekto teknikoa izan arren, eta ezaguna egin zen iaz Jon Maiaren Gazta zati bat dokumentalarengatik. Orain, beste ekimen batean dihardu buru-belarri: Gure Esku Dago dinamika, erabakitze eskubidearen aldeko herritarren ekimena. Baionan Elekatu-Elikatu elkarteak eginen duen ekainaren 5eko mahain inguruan dinamika horren berri emanen du.

ekaina-erabakitzeko-eskubideaGure Esku Dago ekimenak antolaturik giza katea eginen da Ekainaren 8an Durango eta Iruñea artean « Erabakitzeko eskubidea » aldarrikatzeko. Egun berezi horren karietarat, Elekatu-Elikatu elkarteak, ekainaren 5an, ostegunarekin, Eusko Ikaskuntzaren Baionako egoitzan, arratseko 19:30tan mahain inguru bat antolatzen du gai horri buruz. Bertan, hiru gomita izanen dira. Mixel Berhokoirigoin, EHLGko presidentea eta Baterako kidea, Angel Oiarbide Gure Esku Dago  ekimenaren bultzatzaileetariko bat eta Frantxoa Maitia, Eskualdeko Kontseiluko presidenteorde eta kontseilari nagusi sozialista. Eneko Bidegain kazetaria ariko da moderatzaile lanetan.

Enbata.info-k Angel Oiarbide-ri galderak luzatu ditu Gure Esku Dago ekimenak jada egin elkarrizketaren osatzeko bai eta irakurleak animatzeko ostegunean, ekainaren 5eko eztabaidarat joaiten, bai eta Ekainaren 8ko jende katean parte hartzen (klika hemen xehetasunentzat : www.enbata.info/articles/un-bus-pour-la-chaine-humaine-gure-esku-dago)

Gure Esku Dago ekainaren 8ko jende katea begi bixtan… duela hainbat hilabete, herri ezberdinetan bururatzen diren ekintzek biltzen dituzte ainitz herritar ezberdin, ez dituztenak ikuspuntu berdinak partekatzen, baina denak ados direnak ondoko diagnostikoarekin : «Herrian elgarrekin bizi girenez, herriaren geroaz elgarrekin erabakitzeko eskubidea dugu!» … Parisetik edo Madrid-etik pasatzeko beharra ukan gabe. Nola sendi arazi eta esplikatu, « Euskal Herrian herritarrek jada badugu, alkatetza mailatik diputatuen edo lehendakaritza maila arte diren hauteskundeen bidez erabakitzeko eskubidea » erraiten duten herritarrei « erabakitzeko eskubidearen garrantzia eta aldarrikatzeko premia » ?

Angel OIARBIDE : Gure Esku Dago ekimenak gizartea aktibatzea du helburu. Euskal herritarrak jabetzea zein garrantzitsua den bere erabakimena gure herriaren etorkizuna marrazterakoan, biharkoa gaurtik ari baikara ereiten. Jon Sarasuak duela urte batzuk adierazten zuenez, lurra goldatu beharra dago, ondoren erein ahal izateko eta azkenik fruitua jasotzeko.

Euskal Herriko lurra alabaina lehorra egon da urtetan. Ahalegin asko egin dira lur hori ongarritzeko baina etengabe topo egin izan dugu hainbat mugekin, batzuk Euskal Herritik kanpokoak eta beste batzuk barnekoa, izan ere, Euskal Herriko herritarrok urte hauetan zailtasunak izan ditugu elkarrekin ditugun adosguneak nabarmentzeko, desberdintasunen gainetik, azken hauek asko edo gutxi izanik ere.

Gure ordezkariak (alkateak, diputatuak, lehendakaria…) saiatu izan dira Euskal lurraldeentzako hainbat proposamen lantzen Estatuen araubideari jarraiki. Adostasun zabalak lortu dituzte (dela Ibarretxeren Estatutu berriaren inguruan Hegoaldean; dela Euskal Departamenduaren inguruan Bateraren elkarlanari esker), baina behin eta berriz harresi batekin topo egiten dute: Estatuek ezinezkoa dela esaten digute.

Herritarrok, nolanahi ere, ez dugu gauza bat ulertzen: Frantzia eta Espainia Estatu demokratikoak badira eta herritarrok azken hitza badugu, zergatik harresi hori proposamen demokratikoei? Zergatik erabiltzen dute Estatu horiek legea muga gisa Euskal Herri mailan lortutako adostasun demokratikoei atea ixteko? Ordezkari demokratikoek bide baketsuetatik saiatutako bideari itxita badago, zer egin dezakegu herritarrok?

Akaso, Estatuek muga hori jartzen dute herritarrok ez dugula gure erabakitzeko ahalmena behar bezain ozen aldarrikatu eta ez garelako horren inguruan behar bezala antolatu; orain arte, pentsatzen genuelako gure ordezkari politikoengan gure erabakimena delegatuz nahikoa izango zela. Baina, ikusi da, haien lana ez dela nahikoa, askotan oso txukuna izanda ere.

Horrenbestez, herritarrok aktiboki eta ozen esan behar dugu Euskal Herrian euskal herritarrok erabakiko dugula, herri honen etorkizuna guri dagokigulako eta ezin delako demokrazian kanpotik alde bakarki ezarri.

Herritarrok aldarrikatzen badugu Euskal Herriko herritarrok dugula hitza eta guri dagokigula gure herriaren etorkizuna erabakitzea, Espainia eta Frantziako Estatuek hura errespetatu beharko dute ezinbestez, demokratikoak izaten jarraitu nahi badute.

Gure ordezkari politikoen lana askoz errazagoa izango da Euskal Herriko herritarrak aktibo baldin bagaude eta gure erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen eta erabiltzen badugu. Hori da benetako demokrazia, norbera bizi den gizartean parte hartzea eta hobeto bizitzeko behar diren ardurak hartzea, denon artean erabakitzeko zein den gizarte edo komunitate horrentzako irtenbiderik onena.

« Erabakitzeko eskubidea gai garrantzitsuegia da politikoen eskutan bakarrik uzteko. Guk egin behar dugu gure, herritarrok, askoz ere errazagoa delako herritarrok bat egitea eta hori delako benetan garrantzia duena, nahikoa adostasun herritar lortzen badugu ez dago tren hori etengo duenik. » diozue. Tren hori duela hilabete batzu martxan da, « ezin dela gelditu » erakusten duten hainbat elementu azpimarratzen ahal dizkiguzu?

Angel OIARBIDE :Herrien arteko gatazkak edo lurralde-gatazkak historian zehar oso bortitzak izan dira eta eskubide urraketa ugari ekarri dute. Horrela bada, horiek modu zibilizatu baten bidez bideratzeko premia zegoen eta horregatik sortu zen autodeterminazio eskubidea Nazioarteko zuzenbidean. Frantziak esaterako esanbidez onartzen du autodeterminazio eskubidea Konstituzioan, hain zuzen, Guaiana uharteei. « Le peuple français proclame solennellement son attachement aux Droits de l’Homme et aux principes de la souveraineté nationale tels qu’ils ont été définis par la Déclaration de 1789, confirmée et complétée par le préambule de la Constitution de 1946, ainsi qu’aux droits et devoirs définis dans la Charte de l’environnement de 2004. En vertu de ces principes et de celui de la libre détermination des peuples, la République offre aux territoires d’outre-mer qui manifestent la volonté d’y adhérer des institutions nouvelles fondées sur l’idéal commun de liberté, d’égalité et de fraternité et conçues en vue de leur évolution démocratique.« 

Gorabehera handiak izan ditu eskubide honek XX. mendean zehar, baina XXI. mendearen atarian berrikuntza bat azaldu zen: demokrazian oinarritzen den erabakitzeko eskubidea.

Quebecekin hasi zen erabakitzeko eskubidearen bidea (1998), prestigio handia duen Kanadako Auzitegi Gorenak adierazi zuenean Kanadako Konstituzioa ezin dela izan muga bat Quebeceko eskaera demokratiko argi batentzat. Horiek horrela, honako doktrina ezarri zuen: Quebeceko herriak, galdera argi bati erantzunez, Kanadatik bereizi nahi duela adierazten badu, Kanadako Estatua behartuta egongo da independente izan nahi duen herri horrekin fede honez negoziatzeko.

Ordutik hona, XXI. mendean sortu diren estatu berrietan nola edo hala printzipio demokratiko horretaz baliatu dira eta jadanik esan dezakegu Estatuen Konstituzioak ez direla erabateko muga herri baten aldarrikapen demokratikoarentzat, nazioarteak baldintza zorrotzak ezartzen badizkie ere burujabetza aldarrikapenen gauzatzeari.

Erabakitzeko eskubidearen doktrina, hala ere, ez du beti estatu berri baten sorrera ekarri. Esaterako, Alemaniaren kasuan bi estatu batzea ekarri zuen; Danimarka eta Groenlandiaren artean erabili zen Groenlandia Europar Batasuneko arrantza itunetatik kanpo uzteko, eta abar. Erabakitzeko eskubidea beraz, printzipio demokratikoa da eta bere xedea da lurralde desberdinen arteko gatazkak bideratzea modu baketsu eta demokratikoen bidez.

Bada, doktrina demokratiko horren ariketa ari gara ikusten Eskozian eta Katalunian. Bietatik ateratzen den ikaspena da herritarrak jabetu direla haiei dagokiela beren herrien erabakia ;eta jarrera aktibo horrekin ari dira prozesuan parte hartzen.

Eskozian adostasunaren bideari jarraitzen ari dira eta Erresuma Batuarekin prozesu osoa ari dira negoziatzen. Horrek ahalbideratu du prozesua oso modu ordenatuan egitea, adostutako legeari jarraiki, herritarrak behar bezala informatuta egotea eta horrela herritarrak erabat libre izatea egokien iruditzen zaien aukera hautatzeko, izan Eskoziaren independentziaren aldekoa, izan aurkakoa.

Katalunian, berriz, Espainiako estatuaren ukazioarekin egin dute topo. Baina, bertan sentsibilitate desberdinetako herritarrak ados jarri dira (federalistak, independentistak, etorkinak, katalan jatorriko herritarrak…) erabakitzeko eskubidearen ariketa demokratikoa bultzatzeko, eta haien eraginez lortu dute Kataluniako alderdi politiko gehienak eta Kataluniako erakundeak eskutik helduta aritzea, herritarrekin elkarlanean, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko baldintzak sortzeko.

Herritarrengan mentalitate aldaketa bat suposatu du honek guztiak. Inork ez daki zein izango den prozesu bakoitzaren emaitza, baina jadanik gauzak ez dira orain arte bezala izango eta herritarrek ere ez lukete onartuko ezezko borobilik aldarrikapen demokratikoen aurrean. Prozesu hauen motorea herritarren jarrera izan da eta jarrera aktibo eta positibo horri esker Estatuen gobernuetan ari direnak- pertsonak haiek ere bai-, badakite ezin dutela besterik gabe beren erabakiak herritarren borondate demokratikoaren gainetik ezarri. Ez da gutxi!!

60 000 pertsonatik goitik jada izena eman dute jende katearentzat, hastapeneko helburua jada gaindituz. Zer erran zinezake ekainaren 8an parte hartzeko jendarte animatzeko oraino ?

Angel OIARBIDE : Ekainak 8 inflexio puntu bat izango da gure herrian. 123Km eskuz esku lotzeko ezinbestekoak dira milaka eta milaka herritar aktibo. Herritarrak izango dira ekintza haundi honen protagonistak.

Ekainak 8, aspalditxotik euskal herritarrak desio genuen argazkia ikusiko dugu: euskal herritarrak, amankomuneko oinarri batean, elkarri eskuak eman eta pausoak elkarlanean emateko irudia eraikiko dugu.

Ekainak 8an, eremu zabal eta osasuntsu bat irekitzeko aukera daukagu.

Elkarren arteko ezberdintasunetan baino, antzekotasunei indar eta garrantzia ematen dien garaiak.

Goitik zer etorriko denaren zain egon gabe, herritarrak barnera begiratu eta gure ardurak hartzeko garaia.

2013ko ekainak 8tik 2014ko ekainak 8ra bitartean, herritarrak amankomuneko oinarri batean elkartu eta pausoak ematen hasten baldin bagara nolako ekintzak egiteko gai garen. Ekainak 8ko giza katea GURE ESKU DAGO jarrera barneratzen hasteko baliogarri izango da. GURE ESKU DAGO ez bait da lelo huts bat. Jarrera bat baizik. Jarrera hori pausoak eman ahala, ikusi ahala, sentitu ahala,… barneratzen joaten den JARRERA da.

Ekainak 8an, herritarrak eragiteko gaitasuna daukagula ikusiko dugu.

Gure bizitzetako ekaina 8etan, 2014.urteko egun horretan gu zein Km-tan izan ginen gogoratuko dugun eguna izango da.

GED-ren-afitxa-640

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video