Ekonomiaren kritikatik alternatiba zehatzetara

Ekonomia Kritikoko Taldea (EKT), Sarrikoko ekonomia eta enpresa zientzien fakultatean ikasle talde batek sortu duen taldea da. Taldearen izenak argi dioen bezala, gaur egungo ekonomia eredua kritikatu nahi du eta honekin batera beren fakultatean irakasten dietena eraldatu. Gaurko egoerari aterabide baten atzemaiteko ezinbestekotzat jotzen dute ikuspegi kritiko batetik ikasleak formatzea eta ikasitakoa praktikara eramatea, ekonomia egiteko beste molde bat badela argi uzten dute kasik 5 minutako bideo honetan.

Ekonomia Kritikoko Taldearen oharra

Ekonomia Kritikoko Taldea(EKT), Sarrikoko ekonomia eta enpresa zientzien fakultatean ikasle talde batek sortu dugun  taldea da. Taldearen izenak argi  dioen bezala, gaur egungo ekonomia eredua kritikatu nahi dugu eta honekin batera gure fakultatean irakasten digutena  eraldatu.

Etorkizuneko enpresari eta ekonomialariak izango garen heinean eta egungo egoera sozioekonomikoa ikusirik, argi dugu egoera honi buelta emateko erantzukizuna gurea dela. Erantzukizun hori gure eginez, beharrezkoa ikusten dugu gure fakultatean irakasten denari ere buelta ematea, egun irakasten dena orain 10-20 urte irakasten zena baita eta argi ikusi dugu horrek ez duela funtzionatu. Ez dugu zalantzarik egun garatzen diren politika ekonomikoak ez direla egokiak eta politika hauek izan direla egungo krisi estruktural honetara eraman gaituztenak. Argi dugu ekonomia egiteko beste modu bat badagoela, beraz ezinbestekoa ikusten dugu ikuspegi kritiko batetik ikasleok formatzea eta ikasitako praktikara eramatea egungo egoerari buelta emateko.

Guzti hau aurrera eramateko hainbat helburu eta funtzio ezarri dizkiogu EKTri:

  • Gaur egun gure fakultatean irakasten dizkiguten edukiak kritikatu eta eraldatzea. Guzti hau egiteko, aurreko urtean bezala aurten ere  kontraekonomia Jardunaldiak antolatuko ditugu.
  • Ekonomia arloan  egunerokotasunean  pil-pilean dauden gaien inguruan hausnartzeko eta ikasteko espazioak zabaltzea. Honekin batera, fakultateak eskaintzen ez digun edukien  gaineko formakuntza ematea ere bilatzen dugu. Horretarako, hainbat hitzaldi, eztabaida, mahainguru… antolatuko ditugu urte osoan zehar.
  • Ekonomia ikuspegi kritiko batetik aztertzeko eta garatzeko beharra fakultatean txertatzea. Horretarako, ikasleen artean jarrera kritikoa piztea bilatuko dugu eta Gradu Amaierako Lana(GrAL) egiteko gaiak proposatuko ditugu.
  • Ekonomia sozial eta eraldatzailean lan egingo duten proiektu egingarrien  sorrera bultzatzea . Ikasleok gure buruak lan merkatuan saldu beharrean, beharrezkoa ikusten dugu guk eraikitzea  etorkizunean guk lan egingo dugun proiektua. Horretarako, aurretik sortuak diren kooperatiba edota enpresa ezberdinen esperiantziak ere ekarriko ditugu fakultatera.

Badago beste eredu bat, badugu zergatik borrokatu