Gure esku

PrintFriendly and PDF

GureEsku

Egoitz Urrutikoetxea eta Terexa Lekumberri, 4. hautesbarrutian EHBai-en hautagaiak

Azken urteetan herritik eta herriarentzat eman urrats guziek jendartearen bilakaera ezin argiagoa eragin dute. Egun, bestelako jendartearen aldeko hautua ez da utopia soila, baizik eta egunerokoan eraikitzen ari den errealitatea. Izan laborantzan, kulturan, hizkuntzaren sailean, ekonomian, sozial sailean, inguramenaren zaintzan, ala elkartasuna ardatz duen herritaren arteko elkarbizitzan, bestelako Euskal Herri bat irudikatzen duten proiektuen indarra sekula baino agerikoagoa da.

Haizea kontra genuela egin dugu bide. Zenbat min eta sofrikario. Baina zenbat une bozkariagarri eta zorioneko. Borroka bidearen alde gogor eta samurrek egin gaituzte garen bezalakoak. Elkartasunaren indarra hezur-haragitan daramagu. Eta elkarrekin eskuz esku aritu beharra dugu iparrroratz. Herritik, herriarekin eta herriarentzat.

Hauteskunde legegileetara aurkeztea urtean zehar eremaiten dugun lanaren jarraipena baizik ez da. Egunerokoan pairatzen ditugun arazo eta agertzen zaizkigun behar ezberdinei aterabideak guhaurek eraiki behar ditugula ikasia dugu joan den aspaldian. Baina, hauteskundeak ere badira horiek guziak aipatzeko, eta beharrezkoak ditugun gainerateko urratsbideen aldarrikatzeko mementoa.

Deigarria da egungo egunean alderdi guzietako hautagaiek, izan ezkerrekoak ala eskuinekoak, nola proiektu horietarik gehienen alde agertzen diren, agertu beharra duten, Ipar Euskal Herrian politikoki existitzeko. Gaur Euskal Herriko Laborantza Ganbarako ekitaldi batean, bihar Herri Urrats besta kari, etzi gatazkaren konponbidearen aldeko elkarretaratze batean, hautetsi eta hautagai guztientzat argazki eta selfien egiteko ezin hutseginezko hitzorduak dira bilakatu. Urteetan egin lanaren emaitza da lerroak hainbesteraino mugitu izana. Eta ezin dugu ukatu bozkariagarri zaigunik. Haatik, ozka bat harago joaiteko mementoa jin zaigu.

Eman urrats guzi horiek egonkortzeko eta indartzeko gisan erabakiak herritarrenganik ahal bezain hurbil hartzea beharreazkoa zaigu. Behetik gora eraiki eta errotu diren proiektu herritar guzti horiek instituzioen sakoneko aldaketa bat beharrezko egiten dute. Lurraldeek aspaldian frogatua dute errealitateetarik hurbilen aurkitzen diren erabakiguneen eraginkortasuna.

Aldaketa instituzional horiek sustatzeko, eta egunerokoan eraikitzen ari diren alternatiba zehatzak egonkortzeko, EHBAIren ordezkariak Pariseko asanbleara igortzea inoiz baino beharrezkoago zaigu. Zergaitik kopiak hautatu originalak igortzeko manera badelarik ?

Haatik, ez daigun ahantzi nondik heldu giren. Ez daigun ahantzi ekinbideen eta borroka bideen osagarritasunaren funtsa. Ez daitekeela aitzinamendurik instituzioetan herritik eta karrikatik pusatzen ez baldin badugu. Eta karrikatik arituz soilik ibilbide laburra dukegula eman urratsak egonkortzeko instituzioen babesa lortzen ez baldin badugu. Karriketan eta herri mugimenduetan behar dugu zango bat, eta instituzioetan bigarrena. Ahantzi gabe iparra herriak duela karrikan marrazten.

Gure ibilbide luzean zerbait ikasia baldin badugu, honako hau da : Parisetik ez zaigula sekulan deus onik jin. Bertikalitatean eta berdinkerian oinarritzen diren erabakien albo kalte eta desmasiak ongi asko ezagutzen ditugu.

Hargatik, aterabideen beha egon orde, alternatiba eta proiektuak lekuan beretik eraikitzeko hautuak bide bat erakusten digu, Ipar Euskal Herrian bezainbat baliagarri dena gainerateko herri eta eskualdeetan. Lekuan beretik arituz gauzak beste gisa batez egin daitezkela, herritarren eta herriaren zerbitzuko. Globalak diren erronkei lekuan leku erantzuteko hautua da gurea.

Aldiberean, jabetzen gira egungo egunean legeak Parisen biltzar nazionalean egiten direla. Hortaz, lekuan berean eraiki proiektu herritarrak indartzeko, hauspotzeko, lege babesa lortzeko, eta zuzenkontrakoak zaizkigun legeak aldatzeko, Parisen eragin beharraz jabetzen gira. Gure buruak guhaurek ordezkatu ditzagun.

Kuraia politikoa behar da demokraziatik deus guti duen zentralismotik urruntzeko. Ohargarri da, azken urteetan Ipar Euskal Herrian peko errekarako bidea hartu duten Pariseko alderdi frantsesen sukurtsalek oraindik ere pentsatzen dutela salbazioa Parisetik jinen zaiela.

Gure pentsamoldearen eta eginbidearen grabitate zentroa herrian berean dugu eta ez Parisen. Ez dugu alderdi interesen edo gutxi batzuen mesedetan hartzen diren erabakien petzero izan nahi. Goitibeherako logikak, izan eskuinean ala ezkerrean, herritarren eta lurraldeen mespretxua adierazten du. Ezin daiteke aldaketa iraunkorrik edo alternatiba sendorik eraiki lurraldeetako errealitateen abstrakzioa eginez.

Lekuko aldarrikapenak eta gure lurraldearen sentsibilitatea ordezkatzeko hautagaitza da gurea. Macronen ereduari alternatiba eraginkor sendoa eraikitzeko hautua da gurea. Ipar Euskal Herrian aldaketareko indarrak biltzeko gai izan giren bezala, hauteskunde legegileetan aldaketaren indarra ordezkatzeko gai izanen gira. Hortaz, Ekainaren 12an eta 19an hautes bulegoetan emaiten dizuegu hitzordua, eta ekainaren 20tik aitzina aldiz, Ipar Euskal Herriko karriketan.

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video