Minga mugimendua, Euskal Herriarentzat eredu?

PrintFriendly and PDF

MINGA

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Minga zer da? Kitxu (edo quechua…) hizkuntzako hitza, erran nahi duena «helburu batekin egiten den lan kolektiboa». Iduri luke ere munduko beste herri edo kultura batzuetan, ber printzipioa aurkitzen dela.

Tradizioz, holako antolaketak martxan ematen ziren eraikuntza kolektiboak obratzeko edo bide bat konpontzeko adibidez. Amerikaren konkista aitzin, holako egin-moldeak eskualde anitzetan aurkitzen ziren. Duela zenbait urte, Kolonbian partikulazki prozesu hori garatu edo berpiztu zen. Estatu horrek hainbat problematika edo arazo ezagutzen baititu, aktore desberdinek Minga orokor bat abiatzea erabaki zuten; azpimarratu behar da kolonbiar eskualde pobre batean zela antolatu hastapenean.

Konkretuki, Minga prozesu sozial zabal bat bezala ikusi behar da, mugimendu herrikoi bat osatzea helburu duena, oinarritik edo periferiatik abiatzen dena. Kolonbian, amerindiano komunitateetan abiatu zen, eta gero zabaldu aktore desberdinak integratuz (laborariak, sindikatuak, ekologistak, giza eskubideen defendatzaileak,….). Bi ardatz aurkitzen dira haren funtzionamenduan: alde batetik, eztabaida piztea helburu bat edo batzuk finkatzeko xedez; bestaldetik, helburu horiek gauzatzea lan kolektibo bat bultzatuz.

Ez dugu eztabaidarik irekiko euskaldunak indigenoak garela erranez baina, oinarri gisa, gure gain har dezakegu nolabait gaur egungo Euskal Herrian, euskaldun sentitzen garenek gure burua edo kultura hola defini dezakegula. Argi da Iparraldean adibidez, borroka anitz lotu behar zaizkiola euskal nortasunari, hots, euskal komunitateari. Euskararen sailean, laborantzaren problematikan, etxebizitza edo ingurumenaren arloan, edo azken denboretan bake bidearen inguruan eraman diren borroketan, Mingarekin egin daitezke konparaketak. Ez gara beti ohartzen zenbat ele eta eztabaida dauden abertzaleen artean, batzuetan gure mugimendua monolitikoa ikusia baldin bada ere. Eta lan kolektiboetan, gure antolatzeko ahalmenaz usu agertzen dugun harrotasuna legitimoa da batzuetan. Uztailean iragan zen blokatze egunean adibidez, egin-moldean antzekotasun argiak aurkitzen dira Mingarekin. Joan den astean, garaipen ederra lortu zen Ion eta Jakes-en libratzearekin eta uztailaren 23ko egunak frogatu zuen mugimendu herrikoi eta horizontal bat (blokatze puntuetan bizi izan ziren ekintzetan bereziki) erabakigarria izan daitekeela.

Azken egunetan, seinale gorriak etorri dira mundu osotik, desberdintasun ekonomikoak inoiz baino handiagoak dira, Europa ekialdetik etortzen diren mehatxuak kezkagarriak, aldaketa klimatikoaren azken datuak izugarriak. Horren aitzinean, non dira erantzunak edo aterabideak? Euskal estatu baten aldeko bozak edo aldarrikapenak gero eta ahulagoak dira eta abertzaletasunaren bi mugimendu historikoen artean diferentziak beti handiak. Ezker abertzalean ere, desadostasunak hor daude.

Ez ote da Minga baten moduan jokatu behar? Ez baitezpada programa finko bat gainetik erabakiz baina bai, oinarrietatik hasiz, hainbat arlotan, masa kritiko bat bilduz helburu batzuk finkatzeko.

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video