Saizarbitoria: «Euskara jada ez da euskaldun egiten gaituena»

 Ramon Saizarbitoria 'Martutene' liburuaren irakurraldi jarraituaren aurkezpenean
Ramon Saizarbitoria ‘Martutene’ liburuaren irakurraldi jarraituaren aurkezpenean

Ramon Saizarbitoriaren ‘Martutene’ eleberriaren irakurraldi publikoa Bilboko Arriaga antzokian egin aitzin, idazleak,  euskarari eta euskal literaturari buruzko bere kezken berri eman dio Berria egunkariari.

«Estatistikek diotenez, sekula ez da hainbeste jende izan euskara jakin, eta erabiltzen ez duena». Itxuraz aurkezpen formal eta instituzionala izatekoa zena, euskararen eta euskal literaturaren erronkei buruzko 11 minutuko konpendio bilakatu du gaur Ramon Saizarbitoria idazleak (1944, Donostia). Bilbo Zaharra euskaltegiak euskal literaturako klasiko baten irakurraldi publikoa antolatzen du urtero, 2008az geroztik, eta Martutene eleberria hautatu dute aurtengo saiorako. Guztira, 200 pertsona baino gehiago bilduko dira hurrengo asteazkenean Bilboko Arriaga antzokian, bakoitza liburuko pasarte txiki bat irakurtzera, eta digitalki hartuko dute parte beste 300 pertsona inguruk. Eta, hain justu, saio hori aurkezteko antolatutako prentsaurrekoan eman du Saizarbitoriak bere kezken berri. «Euskaldunen artean gazteleraz aritzeko tabua erortzen ari da, ustez normalak garelako, kontzientzia linguistikoa galtzen ari garelako, errazago zaigulako, geure burua erreprimitzeaz nekatuta gaudelako».
Lotsa eta errua hartu ditu mintzagai hasieran. «Nobela guztietan izaten da beti nobelagileak bereziki maite duen pasarteren bat, lortzen duelako sentipen edo esperientzia bat biltzea». Eta, Martutene-ren kasuan, Martin izeneko pertsonaiak idatzitako kontakizunarena da Saizarbitoriarentzat berezia den pasarte hori. Faustino Iturbe da kontakizun horren protagonista; euskara eta euskal literatur irakaslea da bera, eta ikasleen artean, badu ETAk hilko duen polizia baten alaba bat, bereziki maite duena. Saizarbitoriak azalpena: «Lotsatzeko zerbait sentitzen du, gogoratzerakoan, neskaren etxera doluminak ematera joan zenean —sala poliziaz beteta zegoen, batzuk penatuta eta biraoka—, gizona ez zela gauza izan bere burua euskara irakasle modura agertzeko, alegia, euskara ukatu zuelako Pedrok ,oilarra kukurruka jo baino lehen, Jesus hiru aldiz ukatu zuen moduan. Zaila izan baita batzuentzat euskaldun izatea».

«Que no estamos en la ikastola»

Idazleak dioenez, bere euskalduntasuna nola bizi ezin jakinik dabil euskalduna. «Uneoro zaude zalantzan, zeure umorearen, gogoaren eta militantismoaren arabera, aurrean daukazun pertsonari, dendari, funtzionario edo dena delakoari, zer hizkuntzatan hitz egin behar diozun, adibidez». Eta, hain zuzen ere, euskararen normaltasun eza dago egoera horren muinean, Saizarbitoriaren hitzetan. Baina nekea eragiten du militantziak, idazleak dioenez. «Nekatu egiten da jendea umeei behin eta berriz demanda egiten ibili beharra euskaraz egin dezaten».
Erdarara joz gero, beren aitak mahaian ukabilkada jo eta «euskaraz!» oihu egiten ziela gogoratu du idazleak, eta susmoa du egoera irauli ote den. «Horrela, eskolak ukatzen zigun etxeko hizkuntzari eutsi genion. Orain, berriz, modu neurritsuagoan egindako agindu berari, ‘Que no estamos en la ikastola’, erantzun bide dio umeren batek. Nekea nabari dut nire inguruan».

«Asasinoen hizkuntza ere jarraitzen du izaten norbaitentzat»

Euskararen estatusean ere aldaketa igartzen du idazleak. «Euskara jada ez da euskaldun egiten gaituena, ez euskaldun guztientzat behintzat. Askorentzat oposizioetan puntuak ematen dituen ikasi beharreko hizkuntza da. Nire denboran latina bezala, azterketa gainditzeko ikasi beharrekoa, eta asasinoen hizkuntza ere jarraitzen du izaten norbaitentzat».
Kontzientzia linguistikoaren erlaxatzearekin lotu du Saizarbitoriak Martutene-rekin gertatutako pasadizo bat. «Aurrez sekula gertatua ez zitzaidan zerbait gertatu zait: euskara maila oso oneko batek baino gehiagok aitortu dit gazteleraz irakurri duela. Duela hogei urte ez ziren ausartuko halako aitorpenik egiten, eta, bestalde, ezinezkoa ere bazen, orduan euskal nobelak ez zirelako, orain bezala, ia aldi berean bi hizkuntzatan argitaratzen. Horra garapenaren zehar-kalteak».

«Prestigioari lotuta doa euskararen salbazioa, ez jatorkeriari »

Zahartzaroak ematen dion perspektibatik «sinestezin» zaizkion bi gauza aipatu ditu idazleak. «Bata, nire lehendabiziko nobelan erabili nuen gaia, abortua alegia, mende erdi ondoren gai eztabaidagarria izaten jarraituko zuela; bestea, mende erdi ondoren, euskara batua mesprezatuko zuen jende gaztea egongo zela. Zin dagizuet hobeto ulertzen ditudala, besterik gabe, nagikeriaz euskara abandonatzen dutenak, jatorkeriaz, harrokeriaz beren bailarako edo mendi puntako ‘euskerie’ aldarrikatzen dutenak baino».
Sakon deitoratu du bide hori Saizarbitoriak. «Beti uste izan dut euskara salbatzekotan, desagertzeko arriskuan baitago, bikaintasunari eta prestigiori lotuta izango daitekeela bakarrik, ez baserritarkeriaren eta jatorkeriaren bidetik». Lorpen handitzat aurkeztu du idazleak euskara batua. «Lortu zen oso ikuspegi desberdineko jendea ados jartzea. Niretzat hura izan zen euskararen salbazioa, eta uste dut orain zentzua galdu egin dela. Eta ulertzen dut, euskara batua da normala, baina ulertu behar dugu euskara batutik kanpo ez dagoela etorkizunik euskararentzat, eta oso gai serioa dela: ezin dugu berriro 1968ra bueltatu gai horretan».

«Euskararentzat hobe da euskarari buruz hitz egitea, bere alde korri egitea baino»

Eta aurrera jarraitzeko bideari buruz eztabaidatzeko beharra ere nabarmendu du, bestetik. «Euskarari buruz, euskararen gainean, egoera hobetzeko, ajeak sendatzeko, hizkuntza politikak kritikatzeko, hobetzeko, konponbideak bilatzeko hitz egin beharra daukagu, tabuak, lotsak, jarrera esentzialistak, politikakeriak eta itxura bete beharrak alde batera utzita, zentzuz eta borondate onez. Euskararentzat hobe da euskarari buruz hitz egitea, bere alde korri egitea baino».
Saizarbitoriaren hitzetan, «hazkuntza» egon da 68tik gaur egunera arte, eta hastapen berri baten aurrean ikusten du euskalgintza. «Ez dut esango hazkuntza mekanikoa egon denik, baina erraza izan da alde batetik, argi zegoelako zer egin behar zen, eta hemendik aurrera, berriro ere, uste dut ongi pentsatu behar dugula nondik jo».

Irakurketa aurreko bi hitzaldiak

Martutene ardatz duten hainbat hitzaldi ere antolatu ditu Bilbo Zaharra Forumak urtean zehar, eta irakurraldi publikoaren aurrerako antolatu ditu azken biak. Astelehenean, Joseba Sarrionandia, Pilar Kaltzada eta Aingeru Epaltza izango dira Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan hizketan, eta asteartean, berriz, Laura Mintegi eta Ur Apalategik hartuko dute hitza. 19:00etan izango dira bi saioak, sarrera librearekin, eserlekuak bete artean.
Asteazkenean, Ramon Saizarbitoriak berak hasiko du liburuaren irakurketa, 08:00etan, eta Eitb taldeak bere webgunean emitituko du saioa zuzenean, 14:00etara arte. «Ohore handia da, lotsa apur bat ere ematen didana», onartu du idazleak. «Nahiz eta badakidan neure pertsona garaitzen duen kontua dela; sinbolikoki euskal literaturari laguntzeko bidea dela, gure kulturarentzat eta nortasunarentzat duen garrantzia adierazteko bidea».

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre, financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.
Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.
« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.
Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.
Faites un don ou abonnez vous à Enbata : www.enbata.info/articles/soutenez-enbata

  • Par chèque à l’ordre d’Enbata, adressé à Enbata, 3 rue des Cordeliers, 64 100 Bayonne
  • Par virement en eusko sur le compte Enbata 944930672 depuis votre compte eusko (euskalmoneta.org)
  • Par carte bancaire via système sécurisé de paiement en ligne : paypal.me/EnbataInfo
  • Par la mise en place d’un prélèvement automatique en euro/eusko : contactez-nous sur [email protected]

Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.
Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.
«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.
Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.
Enbatari emaitza bat egin edo harpidetu: https://eu.enbata.info/artikuluak/soutenez-enbata

  • Enbataren izenean den txekea “Enbata, Cordeliers-en karrika 3., 64 100 Baiona“ helbidera igorriz.
  • Eusko transferentzia eginez Enbataren 944930672 kontuan zure eusko kontutik (euskalmoneta.org-en)
  • Banku-txartelaren bidez, lineako ordainketa sistema seguruaren bidez: paypal.me/EnbataInfo
  • Euro/euskotan kenketa automatikoa plantan emanez: gurekin harremanetan sartuz [email protected] helbidean

50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.
Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).

Une réflexion sur « Saizarbitoria: «Euskara jada ez da euskaldun egiten gaituena» »

  1. Azken berrogei urte hauetan aurrerapen asko egin du euskarak. Baina gaurko gazteek burasoek eta aiton amonek zuten atxikimendu berdina ez dutela nabari da. Herriaren atxolakeriaz baino Francoren ondoko konstituzioa horren errudun egin behar dela uste dut. « Euskara ez da derrizgorrezkoa, baina Euskotar guziek gaztelera jakin behar dute » diosku Konstituzioak. 1978 garren urtean jadanik egoera hori gogor salatzen zuen Txillardegik  » Irlandako bidean sartu gaituk(n) » esaten zien bere ingurukoei. 1968 urtean Bainan euskara batuari buruz egindako lanatik asko egin da: ikastolak, gau eskolak, unibertsitatea, EITB…. ditugun tresna baliagarri horiek gogor erabili behar ditugu. Egindako lan gotor eta mardul hori ez dugu baztertu behar. Horretarako euskera derrigorrezkoa bihurtu behar da, laket ala ez, bestela Espainiar eta Frantziar inperialismoak egindako kaltea eta mina onartuko genuke. Badakit batzuek esan dezaketela euskara « inposatzea » faxismoa litzateke; hizkuntzaren faxismoa zehazkiago; baina jende berdinak zer dio espainiera eta frantseera inpozizioaz, pentsatuz euskaraz mintzatzen zirenek zigor humiliagarriak jasan behar zituztela? Bai beharbada « inposizioa » litzateke euskara guztiz ofiziala bihurtzea, baina inposizio baikorra, deuseztatu ordez berreraiki nahi duelako. Nola egin dute israeldarrek hebraierari bizia berreman diezaieten: derrigortasuna naski. 1998 ean Ibarretxe lehendakariak ele on bat ukan zuen eskola bat bisitatzen ari zelarik: « Euskara jakitea gauza ona da; baina jakitea ez da aski; mintzatu behar da » eta nik esango nuke ahal bezain maiz erabili , bai mintzatzekotan baita idazkietan ere.

Les commentaires sont fermés.