Xuti gazte!

PrintFriendly and PDF

XutiGazte

2022-03-12-eko Aurkezpena:

Gaur Uztaritzen, Ipar Euskal Herriko hainbat eskualdetako 20 gazte bildu gara « Xuti gazte! » dinamika aurkezteko. Dinamika berri honekin, militante gazteok mugimendu abertzalearen lekukoa hartu nahi dugu. Izan ere, gazte borrokari bultzada bat emateko garaia dela uste dugu. Hots, inoiz baino gazte ezkertiar eta abertzale gehiago herriaren alde lanean jartzeko momentua.

Euskal Herriaren nazio-askapenaren eta askapen sozialaren aldeko borrokan aitzinatzeko baldintzetan bilakaera positiboak izan dira. Azken urteetan, Ipar Euskal Herrian herri mobilizazio handiak egon dira presoen gaian, euskararen alde, etxebizitza, lurra, laborantza arloan… Guk, gazte gisa, mugimendu guzi horietan ekarpena egin nahi dugu.

Gazteok halaber, problematika berezituak ditugu: etxebizitza, prekaritatea, ikasketak kanpoan egin beharra, euskaraz bizitzeko ezintasuna, bortizkeria matxista… Problematika guzti hauek lantzeko beharra ikusten dugu, eta horretarako gure boza entzunarazi nahi dugu.

Askatasunaren aldeko borroka izanen da gurea. Gure kultura eta hizkuntza biziberritu ahal izateko, amalurra zaintzeko, feminismotik zapalkuntzak iraultzeko, sektore prekarioenen bizi baldintzak hobetzeko, arrazakeriarekin eta migrazio politika hiltzaileekin bukatzeko… burujabetza nahi dugu Euskal Herriarentzat.

Maiz, gazteen indibidualizazioaz hitz egiten bada ere, guk talde izaera sustatu nahi dugu, proiektu kolektiboetan murgilduz. Bidean, taldea eta gure buruak zainduz. Borroka, gure tresnekin eta gure garaiko gaiei buruz egin nahi dugu. Ipar Euskal Herri osoan antolatzeko asmoa dugu. Eskualdeen arabera errealitate ezberdinak ditugun heinean, tokian tokiko erantzunak behar ditugu; ondotik Ipar Euskal Herri mailan saretu eta harremanak sendotzeko.

Gaurdanik, umil hasiko gira, eskualdeetan antolatuz, gazteak saretuz, herri mobilizazioetan parte hartuz, baita gure ekimen propioak antolatuz ere.
Bide hori egiteko, gazte ezkertiar eta abertzale, gure dinamikarekin bat egitera deitzen zaitugu, herriko elkarteetan, gazte asanbladan edo ikasle mugimenduan egiten duzun lanarekiko osagarritasunean. Lizeoetako ikasleak, unibertsitatean kanpoan ikasten duzuenak, berriki lanean hasitakoak, parte hartu nahi duten gazte guztiak ongi etorriak zarete! Adi egon ondoko asteetako deialdietara, aurkezpen eta ekimenekin ate joka heldu gira-eta!

« Xuti gazte! » dinamika gorpuzten joan behar den mugimendu baten abiapuntua besterik ez da, parte hartzailea, zabala eta irekia izan beharko duena. Gazteok oraina aldatu nahi dugu, Euskal Herriak eta euskal herritarrek etorkizun hobea izan dezaten.

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video