Eskozia eta Katalunia ikusiz… ikasi

PrintFriendly and PDF

3Sezesio

Enbata.info-k datozen asteetan Asier Blas politologo eta Euskal Herriko Unibertsitateko erakasleak bere Argia-ko blogan argiaraturiko sezesioari buruzko hitzaldien noten berri emanen dizue.

Independentismoa Euskal Herrian nortasun kondu bat izan da, baina ez du estrategia garbi bat ukan xedea gauzatzeko. Eta estrategia hori, gaur egungo egoeraren diagnostiko argi baten araberan eraiki behar da. Eskozia, Katalunia eta Euskal Herriaren kasuak ezagutuz eta erkatuz edo konparatuz, Euskal Herrian sezesio prozesu baten aintzina eramaiteko ditugun indar eta ahuleziak ulertzen dira. Ber maneran Europako beste bi herrien esperientziatik ere Euskal Herriarentzat ikasgaiak hartzen dira.

Unibertsitatean egiten ditugun ikerketen harietako bat Europako herrialdeen sezesio prozesuen konparaketa enpirikoa da. Ez diot nahi bezain beste denbora eskaintzen, izan ere, independentzia eskuratu duten eta erdieste prozesuan dauden herrialdeetan ez bezala, Euskal Herrian ez da horrelako ikerketak egiteko dirurik inbertitu mundu akademikoan. Gurean independentismoa hein handi batean nortasun kontu bat izan da, nortasun independentista zuten herritar eta mugimendu asko zeuden, baina ez zeukaten estrategia garbi bat independentzia lortzeko. Hain zuzen ere, arazoaren sustraietako bat diagnostiko baten falta zen. Izan ere, errealitatea aldatu nahi badugu ezinbestekoa da egungo egoeraren diagnostiko on bat egitea. Honen arabera eraiki behar dira estrategiak sinesgarriak izan daitezen.

Batzuetan diagnostikoak egitea gogorra da gure ahulguneak gordinki azalduko ditugulako. Horregatik, diagnostikoak ez badaude profesionaltasunez eta izpiritu kritikoarekin eginak ezer gutxirako balio dute. Helburua ez da guk nahiko genukeen argazkia ateratzea, baizik eta errealitatea islatzen duena lortzea.

Errealitate horri jarraiki, aurreikusi zitekeen Katalunian gertatu dena. Baina Euskal Herrian nortasun independentistatik egiten diren zenbait irakurketek ez dute ondo ulertu Kataluniako independentismo zaletasunak izan duen hazkundea. Nork ez ditu entzun bere inguruan katalan prozesuarekiko mespretxuzko edota konfiantza faltazko komentarioak? Batzuetan harropuzkeria askorekin eginikoak izan dira, adibidez esanez oportunista batzuk direla Katalunian independentismoa oso ahula izatetik bat-batean nagusi izatera pasatu delako.

Katalunian nortasun katalan esklusiboa ez da nagusi eta azken urteetan indartu bada ere, oraindik gehiengo oso zabal batek nortasun katalana eta espainola uztartzen ditu. Bestalde, antolaketa politikoari buruzko lehentasunei dagokionez, federalismoa jarraitzen du atxikimendu gehien biltzen. Baina, federalista gehienek badakite ez dagoela nazio askotariko federazio bat osatzerik Espainian. Kataluniatik at, ez dago proiektu eta mugimendu federalista serio eta indartsurik iberiar penintsulan, beraz, Kataluniako federalista gehienek bere hautua egina dute: independentzia eta honen bitartez balizko Europar federazio proiektu batean parte hartu.

Katalunian nagusi dena da proiektu-estrategia independentista baten aldeko babesa ideologia eta nortasun desberdinetako katalanen artean.

Eskozian, beste berezitasun batzuekin, bidegurutze antzekora ailegatu dira.

Ordea, puntu horretatik urrun gaude Euskal Herrian. Jakina da herrialde bakoitzak bere berezitasun propioak dituela eta, beraz, bakoitzak bere ibilbidea egin beharko duela.

Halere, azkeneko hamarkadetan egon diren independentzia prozesu desberdinetatik asko ikasi genezake. Asmo horrekin 2013ko abenduaren 6an Durangoko Azokan eta 2014ko urtarrilaren 29an ospatu ziren bi hitzaldietan parte hartu nuen beste zenbait lagunekin. Helburua Katalunia, Eskozia eta Euskal Herriko prozesuak ezagutu eta erkatzea zen.

Nire kasuan Katalunia, Eskozia eta Euskal Herriaren arteko konparazio bat egiten dut ulertzeko zein diren Euskal Herrian ditugun aldeko eta kontrako ezaugarriak sezesio prozesu bat bultzatzeko eta, era berean, beste bi herrialde hauetatik zer ikasi genezakeen erakutsi nahi izan nuen laburki. Hitzaldia ahalik eta sinple eta ulerterrazena egiten saiatu nintzen, teknizismoak alde batera utzita eta mezuan zentratuz.

Jarraituko du…