Herria ezagutu, herri izateko

PrintFriendly and PDF

Beha-logoa-goialdea1_0Beha Euskal Herria Gaindegiaren agerkari digitala da. Euskal Herriari buruzko informazioa, gogoeta eta baliabideak bildu eta eskaintzeko gunea izan nahi du, ondorengo esparruetan batez ere: gizartea, ekonomia eta lurraldetasuna. Beha-ren azken helburua Euskal Herria herri gisa garatzeko ezagutza bildu eta sustatzea da: alegia, herria ezagutu, herria izateko.

Zer aurkituko duzu gune honetan?

Gune honek Euskal Herriaren aktualitateari nahiz mundu mailakoari herri ikuspegiz begiratuko dio. Batetik, Gaindegiak Euskal Herriaren garapenerako interesgarritzat jotzen dituen albisteak bilduko ditu, eta, bestetik, eduki propioak ere landuko ditu: elkarrizketa, erreportaje eta gogoetak.

Besteak beste, honelakoak topatuko dituzu:

- Eduki espezializatuak ekonomia eta gizartean
- Iritzi eta gogoetak, gaurko eta biharko Euskal Herriaz
- Ikerketa eta txostenak, eta hauen analisia
- Tokiko garapenari buruzko informazioa eta albisteak
- Egiturazko gaien informazioa: lan merkatua, sektore ekonomikoak, gizarte politikak, Europa, energia…
- Europa nahiz mundu mailako albisteak, Euskal Herriari eragiten diotenak

Aste honetako atarian, hara zer aurkitzen ahal duzuen : « Ipar Euskal Herriko ekonomia, ez atzera, eta ez aurrera »

Ez da erreakziorik ageri Ipar Euskal Herriko jarduera ekonomikoan, azken sei hilabeteotan zertxobait hobetu bada ere, Baionako Merkataritza Ganberak argitaratu berri duen txostenaren arabera. Andre Garreta presidenteak azaldu duenez, krisia berandu iritsi zen eta irteera ere beste toki batzuetara baino beranduago iritsiko da. 600 enpresak baino gehiagok hartu dute parte Ganberaren barometroan. Haren arabera, %68ak konfiantza du ekonomiaren etorkizunean, eta 2014ko otsaileko emaitza baino hamar puntu txikiagoa da datu hori.

Eraikuntzaren sektoreak, esaterako, lehiakortasun handia jasan du Espainiako Estatuko eta Portugalgo enpresen aldetik, eta hori horrela murriztu egin dira sektore horretako bertako negozio zifrak, inbertsioak, irabaziak, bai eta landun kopurua ere. Garretak “kezkagarria” deritzo egoerari. Izan ere, etxebizitza berrien eraikuntza %32,7 jaitsi da. Garraioari dagokionez, zonaldeko zirkulazioa %3,1 murriztu da, eta trenarena %10,1. Portuko trafikoak eutsi dio ondoen egoera zailari, 2014an %0,7 baino ez baita jaitsi. Turismoak eta merkataritzak, ordea, gora egin dute: turismo inbertsioak %13 hazi dira. Industriari dagokionez, osasuntsuen mantendu den sektorea izan da, enpresen %35ak handitu egin baititu irabaziak. Gainera, 2014an 17 enpresa berri agertu ziren Ipar Euskal Herrian, eta 200 enplegu sortu zituzten guztira.

Langabezia tasak nahiko egonkor eutsi dio, %8,9an, baina enplegu bila dabiltzan pertsonen kopurua hazi egin da. Urtarrilean 23.702 lagun ari ziren lan bila, eta horietatik 15.883k hilabeteak zeramatzan enplegurik gabe; aurreko urtean baino %5,9 handiagoa da zifra hori. Langabezian urtebete baino gehiago daramate 9.260 lagunek, 2014ko epe berean baino %11,3 gehiago. Gainera, %5,3 igo da RSA oinarrizko errenta jasotzen duten herritarren kopurua: 8.426 lagun ziren 2014a bukatzerako.