Muga gainetik, Euskal Herria
Joseba Aurkenerena - Ekainaren 20an, larunbatarekin, gaueko 11etan sua piztu zuten Iparraldeko mendietan, Artzamendin, Beltxun, Baiguran, Erebin, Oilandoin, Kalbarioan, Arranomendin, Arradoin, Zualmendin, Ursuian, Santa Barbaran, Mendibilen, Soihartzen…, euskal presoak beti gogoan ditugula aldarrikatzeko. Udaburuaren bezpera zen, gau magikoa beraz, eta mendi gailurretan piztutako su-meta haiek, aldarria izateaz gain, bazuten nolabaiteko lotura gure amalurrarekin eta gure sinesmen zaharrekin.
Eta igandea argitu zen, zeru ateri-ateria, txoriak nonahi kantari… Bezperan, gauerdian, arrotzek mugetan hiru hilabete luzez ezarritako barrikadak eta gainerako oztopoak kendu zituzten. Pausuko zubian, bai Lapurdin eta bai Gipuzkoan, jendea zen aiduru. Une horietan izan ziren irrintzinak Bidasoaren gaineko zubian, eta baita kantuak eta anai-arreben arteko besarkadak ere. Ibaiaren bi ertzetatik jaurtitako su-ziriek gaua zuten alaitu eta berria inguruetako herrietara zabaldu. (...)