Bectso saioa, Herri Urratsen alde
Urtero bezala, Herri Urrats animazio taldeak, BECTSO SAIOA antolatzen du. Aurten, Urtarrilaren 28an, arratsaldeko 6etan, iraganen da Baionako antzokian. Aurten Herri Urrats urtarrilaren 28an hasiko da. Izan ere, hirugarren urterako, BECen azken Euskal Herriko Txapelketan parte hartu zuten 8 finalistak hor izanen dira berriz ere, ez ohiko saio bat eskaintzeko. Parada goza beraz, azken aldirako, zortzi bertsolari horien fineziaz. 2017ko abenduan, berriz, jokatuko da Euskal Herriko Bertsolarien Txapelketa nagusia, eta nork daki hurrengo finalistak nor izanen diren?
2017ko maiatzaren 14ko Herri Urratsaren etekinak Bernat Etxepare lizeoaren alde izanen dira. 2017 urte hastapen honetan, antolatzaileek ohartarazten dute Herri Urratsek hamarnaka milaka jende biltzen baditu ere, ikastolen beharrak anitz handitu direla eta Herri Urrats baino gehiago behar dela. Beraz Euskal Elkargoari deia, ikastolen eraikuntzen gaia eskutan har dezan. Alabainan, Euskal Elkargoak 158 herrien indarra eta 300 000 biztanleren oldarra ukanen du, Parisetik ezarri nahi diren oztopoak saihesteko.