MINTZALASAI - Hizkuntza mehatxatuen etorkizuna hirietan jokatzen omen da. Ipar Euskal Herrian, Baiona-Angelu-Miarritze hiri eremuan metatzen da biztanleriaren herena eta euskaratik deskonektatuena: %8ko ezagutza, %1,6ko erabilera eta haurren %80ak ez du euskara ikasten ez etxean, ez eskolan. Baina aldi berean, BABn ere euskara errealitate ukigarria da: 15.800 hiztun, 600 heldu euskaldungai, 2.500 haur eta gazte ama eskolatik lizeora, 60 nini haurtzaindegietan...
Bizi dugun egoera diglosikoa iraultzeko, eredu berriak asmatu beharko ditugu elkarrekin. Euskara norma eta inklusiorako giltza izango diren espazioak, garaiak, aukerak, ohiturak. Bihotza edo trikitixaren mugimenduak inspiratu behar gaitu: zabaldu... eta trinkotu! Izan gaitezen beraz sortzaile eta ausart, bateratzaile eta boteretzaile, erakargarri eta t(r)inko! Bitartean, 7 egunez 54 aktibitatez gozatzeko aukera eskainiko digu Mintzalasai festibalak 10. aldiz. Testuinguru berezi huntan, egitarau berritua eta erakargar-ria eraiki dugu tokiko 51 eragileren laguntzari esker. Elkartzeko eta euskaraz gozatzeko aukerak ez dira faltako.(...)