Iparra-Hegoa, 25 urte
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza - Heldu den martxoaren 23tik 29ra, 25. edizioa izanen du Iparra-Hegoa asteak. Urruñako eta Segurako lagun-talde batzuek besta batean ezagutu zuten elkar, eta handik sortu zen Seguran Ipar Euskal Herriari buruzko aste bat antolatzeko ideia. Geroztik bide handia egin du ekimen hark, eta zilarrezko ezteiak ospatuko ditu, osagarri onean eta segida bermatzen hasirik, belaunaldi berrien inplikazioari esker.
Agenda eta egituraketa instituzionalak diseinatzen duen politikak euskaldunak elkarrengandik urrundu gaitu azken urteetan. Urratzen ari den oihal hori berriz josteko hariak dira Iparra-Hegoa bezalako ekimen ttipiak, leku finko batekoak, baina leku horretako herritarren bista zabaltzen laguntzen dutenak. Eta ez bakarrik “Iparraldea” eta “Hegoaldea” elkarrekin harremanetan jartzen dituztelako: Iparra-Hegoak loturak eraiki ditu Euskal Herri osoko jende eta ekimenekin. (...)