Euskal Herriko karrika izenak
Polemika bat sortu da joan den astean Hegoaldean, PP-ko kide batzuek euskaldun edo euskotar ospetsu batzuen izen-deiturak Euskal Herriko kaleetatik ofizialki kendu nahi zituztelarik. Ezabatu nahi zituzten abizenak ez ziren hala ere arruntenak: Sabino Arana Goiri, Tomas Zumalakarregi, eta Dolores Ibarruri baitziren.
Zumalakarregik Euskal Herriaren Foruak defenditu zituen Espainiatik heldu liberalkeriaren kontra; Arana Goirik lehen aldiz euskal arazoa estrategia nazionalista baikorren arabera aurkeztu zuen: bere garaian Ameriketan eta Europan sortzen ari ziren nazionalismo askapen ikurren arabera alegia. Abertzalea ez zen Dolores Ibarrurik, Euskadi eta Espainiako alderdi komunisten oinarriak ezarri zituen, bere garaian halako ibilbide politiko bat emakume baten gogoan sortu izana gauza ohargarri bat izan zela azpimarraturik. Behin eta berriz Espainiako gobernuan daudenen trikimailu antieuskaldun bat ikusi behar da lege proposamen honetan.