Utopia
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza - "Euskara da gure territorio libre bakarra" zioen Joseba Sarrionandiak 1992an argitaratu kartzelako olerki liburuan. Esaldi hori gogora etorri zait Beskoitzeko herriko etxearekin berriki Ikastola berritzeko (edo hobeki erranik eraikitzeko) sortu den tirabirarekin. Sarrionandiak esaldi hori testuinguru berezian idatzi zuen, Beskoitzen gertatzen ari denarekin deus ikustekorik ez zuena. Baina, euskaraz trukatzeko edo sinpleki mintzatzeko territorio libre edo aske bat lortzea euskaldun ororen amets batean edo utopian kokatzen den zerbait da, bereziki Ipar Euskal Herriari dagokionez.
Territorio libre bat non gaztelaniaz zein frantsesez bezalaxe euskaraz zailtasunik eta oztoporik gabe hitz egiteko edo bizitzeko aukera legokeen. Lurralde bat non gure haurrek, guhaurk zein euskaldun orok euskaraz ikasteko, lan egiteko eta bizitzeko hiztun eta herritar gisa dugun eskubidea ez genukeen etengabe urraturik ikusi behar. (...)