Bozka historikoa lurralde hizkuntzen alde
Euskal Konfederazioa - Paul Molac diputatu bretoiak 2019ko abenduan pausatu lurralde hizkuntzen aldeko lege proposamena goiz honetan bozkatu du frantses Legebiltzarrak, bigarren irakurketan. Eztabaidak eta bozkak iragan aitzin azpimarratzen genuen bezala, historikoa da goiz honetan gertatu dena: lehen aldia da 1951ean Deixonne legea bozkatu zenetik lurralde hizkuntzei buruzko lege bat onartzen dutela.
Ondareari, seinaletikari eta estatu zibileko aktei buruzko artikuluak Legebiltzarrean (lehen irakurketan) eta Senatuan (lehen irakurketan ere) jadaneko onartu ondotik, irakaskuntzari buruzko lau artikulu ziren berriz eztabaidatzekoak eta bozkatzekoak Legebiltzarrean, bigarren irakurketan. Horrela, apirilaren 8ko bozkarekin lau artikulu horiek ere bi ganbarek onarturik, lege proposamena lege bilakatuko da, horrek irakaskuntza mailan -bereziki- aitzinamendu handia suposatzen duelarik. (...)